Ahoztar Zelaieta: "Zaldibarko gertaerak industria hondakinei buruzko eztabaidaren premia azaleratu du"
Zelaietak ‘Zaldibar. Zona cero’ liburua aurkeztuko du eguenean [azaroak 5], 19:00etan, Markina-Xemeingo kultur aretoan. Lekuak mugatuta daudenez, erreserba egin behar da, telefonoz deituta (645 00 63 12).
Zaldibarko zabortegiko ezbeharra gertatu eta berehala hasi zinen ikertzen?
Bai. Ni mallabitar baten semea naiz, eta auzia hurrekoa egiten zait.
Ezbeharra gertatu eta gero, Administrazio publikoa informazioa ezkutatu
nahian zebilela konturatu ginen, bai ni eta baita beste kazetari batzuk
ere, eta hortik tiraka hasi ginen. Azken finean, beste kazetariek
bezala, nik ere nire ekarpena egin nahi izan nuen.
Aurretik ere zabortegia ezagutzen zenuen?
Ez. Mallabikoa ezagutzen nuen, eta Zaldibarko zabortegiko jabeak ere
bai. Dena dela, inguru horretako bizilagunei zabortegiek sortzen
zizkieten kezken berri banuen.
Hasieratik zeneukan pentsatuta liburu bat argitaratzea?
Informazio asko argitaratu ondoren konturatu nintzen nire informazioa
beste medio batzuetan ateratzen hasi zela; beste kazetariek ere arreta
jarri zuten nire informazioan. Gainera, Zaldibar Argitu plataformako
kideek ere esan zidaten informazio asko nuela, eta hori dena argitalpen
batean jasotzea merezi zuela. Iritzi publikoarentzako informazio
interesgarria zela iruditu zitzaidan.
Ikerketan sartuta, oztopo asko aurkitu dituzu?
Administrazio publikoak oztopoak ipini zituen beste kazetari batzuek eta
oposizio politikoak egindako hainbat eskaera eta galderen aurrean.
Gauza batzuk ez zituzten erantzuten, edo erantzun oso nahasgarriak
ematen zituzten. Horrez gain, Zaldibar inguruan ibili nintzenean, auto
bat nire atzetik ibili zen, eta nigaz hitz egiten ari zirenei arreta
deitzen zieten.
Liburua irakurtzen duenak errudunak nortzuk diren jakingo duela diozu.
Alde batetik, epaitegietan zabalik dago erantzukizunak eskatzeko auzia,
eta herri akusazioa ere aurkeztu da erantzukizunak eskatzeko. Nik, bide
horretan, pista batzuk eman ditut, eta bakoitzak bere ondorioak atera
beharko ditu, baita epaitegiak ere. Bestetik, gauza bat da egia
juridikoa eta beste gauza bat egia soziala. Erantzukizun politikoak
bilatzeko bidean, Legebiltzarrean ere atera da ikerketa bat egiteko
eskaera, baina PSE-EEk eta EAJk atzera bota dute ikerketa politiko hori.
Baina herri mobilizazioa ere hor dago, erantzukizunak eskatzen.
Administrazio publikoari presioa egiteko, presio sozialak ere lagunduko du, ezta?
Bai, baina nahiz eta baikortasunerako ebidentzia batzuk egon,
behar-beharrezkoa da herri akusazioa eta Legebiltzarrean auzi honen
inguruan argibideak eskatzen ari direnen arteko artikulazioa. Elkarlan
hori beharrezkoa da: informazioa elkartrukatzea, adituen irizpideak
entzutea… Horrek auzia argitzen eta epaitegietan zabaldu beharreko
bideak zabaltzen lagunduko du. Eta horrek guztiak kazetarien laguntza
ere beharko du, albisteak lehen lerroan jarraitzeko. Azken finean, ez da
bakarrik Zaldibar. Auzitan jarri behar da hondakinen inguruan zer
nolako kudeaketa dagoen, batez ere industria hondakinen inguruan. Orain
arte eztabaida ekohondakinetan zentra-
tuta egon da, baina Zaldibarko ezbeharrak agerian utzi du eztabaida oso
sakon bat garatu behar dela industria hondakinen inguruan eta
zabortegien zaintzaren inguruan.
Hondakinen inguruan dagoen negozioaz ari zara?
Bai, eta gainera krisi garaietan negozio horiek sortzen dituzten
gatazkak gero eta gehiago nabaritzen dira. Adibidez, zaharren egoitzak
ere erakunde publikoarentzako sektore estrategikoak izan beharko
lirateke, baina gaur egun, negozio bihurtu dira. 90eko hamarkadan
zaharren egoitza gehienak publikoak ziren, eta, gaur egun, gehienak
pribatuak dira. Are gehiago, zaharren egoitza publiko batzuk ere enpresa
pribatuek kudeatzen dituzte. Pandemia garaian, hildako asko egon dira,
eta sindikatuek ere hainbat salaketa egin dituzte, eta hor eztabaida bat
zabaldu da. Ikusteko dago eztabaida hori zelan amaituko den.
Markina-Xemeingo aurkezpenak kutsu berezia edukiko du, ezta?
Zallan, Zaldibarren eta Elgetan ere egin ditut aurkezpenak, eta
niretzako gogorragoa izan da. Kasu bera da Markina-Xemeingoa. Herri
horietan, sentsibilitate handiagoa eduki behar da, eta aurkezpena beste
modu batera egiten dut. Ez dut esan nahi okerrago, hobeto edo azkarrago
egiten dudala, baizik eta beste sentsibilitate bategaz. Zallan,
esaterako, Joaquin Beltranen senideak etorri ziren aurkezpenera.
Pertsona horien zauria oraindik ere zabalik dagoela eta zu zauri
horretan zabiltzala presente eduki behar duzu.
Baina ondo hartzen dute auzia bistaratzen jarraitzea?
Bai. Eta hain zuzen ere aurkezpenak Zallan eta Markina-Xemeinen ere
egitearen arrazoietako bat hori da: senideekin kontaktu zuzena edukitzea
eta haiei zuzenean informazioa helaraztea. Baina esandakoa, aurkezpena
beste sentsibilitate bategaz egin behar da. Horrelako gai mardulak
lantzean, pixka bat desdramatizatzeko joera daukat, baina leku batzuetan
ez dut hori egiten, egoeraren jakitun naizelako. Profesionala naiz,
baina lehendabizi pertsona naiz, eta sentsibilitate eta ardura hori
eduki behar dut.
Zer nolako harrera ari da edukitzen liburua?
Egia esan, nik uste baino oihartzun handiagoa ari da edukitzen. Uste
nuen Zaldibar Argituk prestatu zituen aurkezpenekin nahikoa lan edukiko
nuela, eta ez nuen esperantza handirik beste aparteko herrietatik
aurkezpenak egiteko deituko zidatenik. Orain, baina, urtarrilera arte
agenda hitzorduz beteta daukat. Niretzako ezustekoa izan da
Zalbidarretik hain urrun dauden herrietatik ere deitu izana. Hor
konturatu naiz mobilizazioaren elkartasunak Zaldibar inguruko mugak
gainditu dituela eta askoz haratago heldu dela.
Hori albiste ona da, ezta?
Alde batetik ona da, baina ardura ere bada. Horrek erakusten du jende
asko dagoela gaian interesatuta. Eta jende hori guztia ondo informatuta
eduki behar duzu. Horregatik, auzi honetan murgilduta dauden indar
guztiak artikulatu egin behar dira, jende hori guztia ez zapuzteko.
Liburua argitaratuta, ikerketa amaitutzat ematen duzu?
Ez, ez. Ikertzen jarraitzen dut. Niretzako auzi hau ez da amaitzen
liburuagaz. Oraindik bide asko daude zabalik. Eta baliteke bide berriren
bat edo beste ere zabaltzea. Liburuaren bigarren ediziorik egongo
balitz, ikerketan gaurkotu ditudan datu guztiak han sartuko nituzke.
Comentarios
Publicar un comentario
Que para que una publicación tenga legitimidad estén seguros que publicaremos los comentarios, rectificaciones, respuestas y criticas que estén escritas con respeto a las normas de cortesía habituales, aunque sean contrarios a nuestra linea de pensamiento o a alguno de nuestros colaboradores.
Por lo contrario, en caso de que se lleguen a nuestro Blogg esos comentarios ilícitos o falsedades los eliminaremos de oficio en cuanto tengamos conocimiento de los mismos, para evitar del daño que pretende causar el autor de tales comentarios.