Gorbeian jartzea, naturari iraintzea litzateke, eta naturaren erreserba den Urdaibain, ez? Guggenheim zuzendaritzako arduradunek proiektu hau eremua birsortzeko eta biosfera hobetzeko plan batean sar daitekeela baieztatzen dute.
Guggenheim bertaratzeak, bailara berpiztuko lukeeela? Zein zentzutan? Hainbat eraikin, hainbat eta hainbat masifikazio milaka eta milaka jende bilduz, paisaia argitu baino ilunduko ligukeen onuran?
Urdaibai, berez da ederra, Euskal Herrian dugun altxorretako bat eta edertasuna, guztiontzat mesedegarri den aldetik, zaintzea dagokigu. Halako proiektuak, gainera, diruaren truke egiten dira, bertakoei baino beste norbaiti edo norbaitzuei interesatzen zaielako eta haren menpe eta zerbitzari jartzen garelako.
Bai, baten batzuek esan ere esango dute, Bilbora ekartzea ere ez zenuten nahi eta begira nola aldatu den Bilbo, ze onuragarria izan den Bilborentzat. Bilbo, ilun zegoen, industria eta fafrikak beteriko ke beltzez beteko hiria zen, gogoan dut Artxandari igo eta apenas ikusten zen Bilboren argitasunik, beraz, iluntasunari argitasuna ekarri zion, garbiago jarri zuen. Gainera, anekdoten artean, bakoitzak bereak ditu eta ni neu, Guggeheim ondoko kale batean bizi nintzan orduan eta eraikitze prozesuaren martxan, zera nioen, ez dakit zer ekarriko digun baina nire bistarentzat ederra ikusten nuen eta emari onak ekarrilo lizkigukeela uste nuen eta, halaxe, eraldatu da Bilbo.
Baina, goazen guztiz desberdina den Urdaibai paradisura, berezko edertasun naturala duen lekura. Onduko du? zein eratan? Turismo masifikazio eta ondorengo eraikinez bete izango dituen ereduan? Frustragarriak izan diren adibide askotxo ditugu munduan, onurak baino kalteak ekarri dituenak. Halakoetan, egina egina dago, ez dago itzulerarik, beraz, pausu faltsurik ematea ez da komeni.
Gizakion presentziak, onerako zein txarrerako, eragina izan du paisaiaren eraketan eta baita herri eta hiri entitateen sorreran ere.
Nahiz eta garapen jasangarriaren konzeptua erabiltzen den, eraikinaren ondorenak, gehienetan espekulazioa dakar eta natura suntsitzeko arriskua legokeenaren susmoa areagotzen du. Eta, hau honela izanik, zein da alternatiba esango du norbaitek? Urdaibai bertan behera uztea? Ezer ez egitea? Dagoela geldi eta birsortzeko ahaleginik ez egitea?
Nire ustez, kanpora joan beharrik ez dugu, goazen artea, kultura eta natura bat eginez, berziklatzera, ezkontzera; goazen behingoz geurea denarekin kanpokoak ere erakartzera. Hau da, Urdaibai, adierazgarria zaigu, geure historiaren eta mitologiaren gunea ere badugu, Itzelezko balorea duena eta ekosistemaren gune ekologikoa, egazti eta abere askoren kokaleku. Euskararen beraren ezagupenera eta erroetara bagoaz», aberatsa» hitza ere hortik datorkigu, abere ugari dagoen gunea.
Agian, ideien lehiaketa on bat eginez, Urdaibai erreserbaren garapena suspertzeko aukerak leudeke. Urdaibairen ingurune guztia biziberritzeko badaude geureagoak eta faboragarriagoak litezkeen proposamenak.
Ondorenak, ondoeza ekarriko lukeelakoan, Guggenheimen eraikinak kolokan jarriko jarri ahalko luke eskualdea; zergatik ez ba, gure artisten lanak bertaratu. Mundu mailako zizelkariak eta margolariak ditugu eta hango landa zabaletan, itsasoarekin eta belarra eta basoarekin bat egingo lukeen hainbat eta hainbaten lanak jarri daitezke ikusgai, geurea babestea liteke hori eta kanpokoei ezagunaraztea garen hori.
Kanpokoen zerbitzuan egon barik, jarri gaitezen, behingoz, bertako artisten norabidean eta zerbitzuan. Geure historiarekin, naturarekin, artea eta kulturarekin bat eginez eta berari lotuz, eskualdearen edertasunari minik egin gabe, loratu eta biztu dezakeenarekin goza dezagun edertasunaz, inolako urradurarik gabe eta ezeri minik egin gabe.
Artea, natura, kultura, bat eginez, eskua emanez, erroetatik mundura zabalduz joka dezagun, itsasoa eta ura, landa eta basoa, mendia eta zelaia, gune ludikoa bihurtuz, paseialeku kulturala izendatuz. Erreserba honek duen garrantzia ornitologikoak 1994an hegaztientzako babes bereziko eremua izendatu zuten.
Historiaurreko aztarnategiak ere bertan ditugu, Santimamiñeko kobazuloa esaterako, historiaurreko garaitik gizakiaren presentziaren lekuko diranak eta Bustuarialdeko erromatar nekropoliak eta gainetiko aztarnak.
Bestetik, adin batean sartu garenok, gogoan dugu dozenaka filmen erreprodukziotan agertzen zen Izaro films, logotipo mitikoa, uhartetxoa urez inguratuta Izaroko irlan, XV. mendean frantzizkotar fraileen baseliza, geroan komentua bihurtu zana eraiki zen, bertan bi mende luzez izan zirelarik, XVII. mendean Forura eraman zutena. Espainiako erregina ere Izarora bisita egitera joan zen, Gernikara foruak zin egitera etorri zenean eta jakina, gure historiarako eta sinbolorako, Gernikak duen izena eta izana aipatu eta hedatu beharrekoa dugu; ezbairik gabe, bide oneko ekimenak litezke guzti horiek bultzatzea.
Hondartzak, larreak eta baso-landaketak uztartzen dituen paisaia anitza sortzea ahalbidetu behar litzateke. Beraz, promoziorako kokaguneak asko dira, zeren, berez da museoa Urdaibai eta ikuspegi ederrak dira edozein lekutik begiratuta.
Arrazoi gehiago ere izango genituzke, baina batez ere, eta jendearen eta bereziki Busturialdeko bizilagunen kezka ikusita, ezinbestekoa litzateke beraiei galdetzea ea Guggenheim bat jartzea euren buruan sartzen ote den eta zer onura edo kalte ekarriko litzaiekeen.
Sentsazioa daukat Busturialdeko biztanleak ondo dakitela, paisaia naturala jendez eta jendez betetzen denean, fisonomia aldatzen dela eta xarma naturala hausten dela. Hontaz, Busturialdeko bizilagun batek zera esan zidan, «kanpotik etor litezkeen diruek beste era batez aprobetxa ditzatela, badago zeri ekin eta amerikarrek gu inbaditzea baino hobe litzateke errepidea konpontzea eta garbitu beharreko lekuak txukuntzea».
NAIZ 2024 URR. 25
Gontzal Mendibil
Abeslaria
Comentarios
Publicar un comentario
Que para que una publicación tenga legitimidad estén seguros que publicaremos los comentarios, rectificaciones, respuestas y criticas que estén escritas con respeto a las normas de cortesía habituales, aunque sean contrarios a nuestra linea de pensamiento o a alguno de nuestros colaboradores.
Por lo contrario, en caso de que se lleguen a nuestro Blogg esos comentarios ilícitos o falsedades los eliminaremos de oficio en cuanto tengamos conocimiento de los mismos, para evitar del daño que pretende causar el autor de tales comentarios.