10 jardunbide on uda jasangarriago baterako

Uda oso sasoi aproposa da erlaxatzeko eta ingurunearekin harreman estuagoa izateko, hondartzan zein mendian....Uda jasangarriago bat izan nahi baduzu, jarrai itzazu gure gomendioak. 




2018/07/11 Iturria:  Ihobe
1. Ez utzi arrastorik
Udan aire librean egoteko aukera daukagu, mendian paseatzeko eta hondartzan disfrutatzeko. Ondo pasatu eta gozatu, baina izan zaitez arduratsu eta jaso janari-hondakinak, erabili dituzun tresnak eta sortu dituzun gainerako hondakinak. Utzi lekua aurkitu duzun bezain garbi eta bakeroen filmeetako aztarnari onena ere ez dadila gai izan toki horretan egon zarela frogatzeko.

2. Hondartza ez da hautsontzia
Hondartzan erretzen baduzu, itzali ezazu, nahi izanez gero, zigarroa hondarretan, baina gogoratu zigarro-mutxikinak hamar urte behar dituela desegiteko. Zigarroen iragazkia zelulosa-azetatoarekin dago egina, eta material hori ezin dute akabatu lurreko bakterioek. Horrez gain, osagaien artean baditu beruna, artsenikoa eta kadmioa bezalako toxinen aztarnak, lurrean eta lurpeko uretan infiltratu daitezkeenak. Bota ezazu zigarro-mutxikina gertuen duzun zakarrontzian edo jaso ezazu zeuk eramandako hautsontzian.

3. Babestu zaitez zu zeu, eta babestu ezazu ingurunea
Erabiltzen ditugun eguzkitako krema askok produktu kutsatzaileak dituzte eta itsasoan bukatzen dute. Zenbait ikerketa zientifikoren arabera, frogatuta dago kosmetiko horiek dituzten osagaiak kutsatzaileak bihurtzen direla itsasora iristean. Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak 2011n egindako ikerketa baten arabera, zenbait konposatuk, benzofenomak esaterako, fitoplaktonaren hazkundea oztopatu eta itsasoko ekosistema aldatzen dute. Eros itzazu eguzkitako krema ekologikoak eta babestu itzazu horrela zure azala eta zure ingurunea.
Erabiltzen ditugun eguzkitako krema askok produktu kutsatzaileak dituzte eta itsasoan bukatzen dute

4.Ura neurriz erabili
Ura ondasun mugatua da, eta are gehiago sasoi honetan hain gustuko ditugun eguzki-destino askotan. Opo-leku horietako askotan baliabide eskasa da ura. Ez ezazu, beraz, alferrik galdu eta jarraitu itzazu tokian tokian egiten dituzten gomendioak.

5. Udan ere birziklatu egiten da
Batzuetan, beroaren beroarekin urtu egingo garela sentitzen dugu, baina gogoratu plastikoak ez direla udan arinago degradatzen. Ohiturari jarraituz, birziklatu zure hondakin guztiak, berdin dio hotel batean, apartamentu batean edota kanpin batean bazaude. Gaikako birziklatzearen koloreak ia berdinak dira alde guztietan. Erakutsi urdina eta horia bereizteko gai zarela.

6. Mugitzerakoan, berdez pentsatu
Goza ezazu aire zabalean, eta zure ohiko ibilbideak bihurtu itzazu paseo atseginak, zeure buruarekin eta ingurunearekin bat egiteko aukerak. Deskubritu itzazu zure herriko kaleak eta askatasun osoz mugitzearen plazera.

7. Bizikletak udarako dira
Bizikletan ibiltzeko ohitura badaukazu, sasoi hau da ohiko garraiobide bihurtzeko une paregabea. Eta bi gurpilei ez badiezu oraindik heldu, orain daukazu aukera ezin hobea: pedalei eragitea haize gozoa aurpegian sentitzen duzun bitartean opor hauetako oparirik onena izan daiteke.
Aprobetxa itzazu oporrak bisitatzen dituzun herrietako mugikortasun publikoa ezagutzeko

8. Udan ere, garraio publikoa
Ezagutzen duzu zure herriko garraio publikoa; deskubritu ezazu oporretan nolakoa den bisitatzen dituzun herrietako mugikortasun publikoa. Hiri handi batean metroa hartzea edo oporretan zauden herriko joan etorrietarako hiri-busa hartzea, ez dago horrelakorik. Esperientziez betetako oroitzapen-albumarekin itzuliko zara

9. Tokiko jasangarritasuna
Udako oporretan kontsumitu itzazu tokiko produktuak eta erosi inguruko dendetan. Tokian tokiko produktuen zaporeak benetakoak dira eta zure opor lekuko ekonomia laguntzeaz gain, sentsazio ezezagun pilo bat deskubrituko dituzu.

10. Errespeta itzazu tokiko ohiturak, ordutegiak eta izaera
Porta zaitez tokian tokikoak bezala. Turista izatea zoragarria da baina ez dago gauza zoragarriagorik errespetuz eta begirunez jokatzen duen bidaiari bat baino, udan atseden hartzeko aukeratutako tokiko ohitura eta usadioak errespetatzen dituena, alegia.
Eta batez ere, eraman ezazu oroitzapen atseginez betetako esperientzia, esker oneko oroitzapena uzten duzularik egon zaren tokian. Eta agur esateko ordua iritsitakoan, hartu zaituenak gero arte esaten badizu, horren arabera neurtu ahal izango duzu jarrera errespetuzkoa eta jasangarria izan duzun ala ez.

Comentarios