Mundakako galdategia porrota izan da


  Resultado de imagen de encuesta

Mundakako galdategia. ZDUren balorazioa.

Parte-hartzea %10,9 izan da. Mundaka Festivalaren aldeko 105 boto eman dira, zentsuaren %6,8.



Gaur goizean jakin dira Mundakako Alkatetzak egin duen herri-galdaketaren lehen emaitzak; bai ala ez erantzun beharreko itaunei buruzkoak hain zuzen.

Parte hartzea ozta-ozta iritsi da zentsuaren %10,9ra (1553 boto eskubidedun 2016an). Lehen datu horrekin deialdia porrota izan dela deritzogu. Porrotaren zergatietara joz, ez da kanpainarik egin, ez alde ez kontra., eta horrek zalantza eragiten digu noraino iritsi den herritarrengana deialdiaren berri. Epea amaitu zen egun berean jakinarazi genuenez galdategia ez da etxe guztietara iritsi.

Datu zehatzetara begiratuz Mundakako Festival delakoa orain artekoa legez egitearen aldeko botoak -lehenengo galdera- 105, aurkakoak 59 eta zuriak 9 izan dira; parte hartzea, guztira, 173 bototakoa izan da. Zentsuaren %6,8arekin, zein euspen eta “zilegitasun” dauka ekitaldi horrek?

Mundaka Festival delakoaren auzia ez da, dena dela, zenbat herritar diren alde eta zenbat aurka, egin izan den lekuan legezkoa den ala ez baino. Hori dela eta ZDU Auzo Elkarteak berriro joko du jo beharreko lekuetara, Urdaibaiko Biosfera Erreserba babesten duen legeak eta gainerako legeek, arauek eta protokoloek diotena bete dadin. Mundaka Festival horri udal-zergak ez kobratzearena, berriz, Herri Kontuen Euskal Epaitegira eroateko asmoa du ZDUk.

Bestalde Talako edukiontziei buruz egin den galderak -bigarrena- izan duen erantzuna baino harago (orain diren lekutik kentzearen aldeko botoak, 80, gehiengoa izan dira) arazoak hortxe segitzen du. Mundakan garatu den hirigintza-ereduak geroratu eta geroratu egin du hainbat arazoren konponbidea, hondakinena eta aparkalekuena izanda larrienak beharbada. Bigarrena de facto partikularren eskuetan itxi da eta, irteera baztertzaile, elitista, klasista eta garestia eman gura zaio, oraingoz behintzat. Herritarrok aparkaleku-arlotxo partikularrak erosi ditzagun gura dute. Larrinaga Jauregiaren ingurukoak dira adibidea.

Hirugarren galdera zehatzari buruzko datuen baloraziorik ez dugu egin gura, barrakena Elkarte honi, kolektibo legez, ez dagokio eta.

Bai ala ez erantzuteko izan diren gainerako galderei buruz balorazio zabalago eta sakonagoa egiteko, azkenik, horiek izan dituzten erantzunak jakitearen zain lotzen gara. Eta galdategia taxutu eta bideratu duen Mundakako udaleko gehiengo politikoa duen taldearen balorazioren begira ere bai.

Busturialdean, 2018ko urtarrilaren 11n.

Comentarios