Urdaibaiko dragatzeak ekosisteman "ondorio dramatikoak" dituela ohartarazi du Aranzadik

Urdaibaien etengabe egin izan dira dragatuak (irudian 2015ekoa), eta Aranzadiren ustez berreskuratzeko gaitasuna galdu du ekosistemak (arg: Mundakako Surf Taldea).
 
ARGIA 2017ko martxoaren 02a
 
2003an gizakiak egindako esku-hartzea aztertu eta Journal for Nature Conservation aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak: hegaztiak gutxitzeaz gain, hamahiru urte geroago itsasadarra ez da bere onera etorri.

Arazandiren Ornitologia sailak egindako ikerlan batek alarma jo du gure itsasadarretan egin izan diren dragatze eta isurketen inguruan. Journal for Nature Conservation aldizkarian argitaratu dute azterketa, konkretuki Urdaibaien 2003an izandako esku hartzeak –denbora batez Mundakako olatu ezaguna desagerrarazi zuen bera– biosfera erreserbako hegazti komunitatean utzitako ondorioak xehatu dituzte.

Azaldu dutenez, hondarra barrualdera zabaldu da ekaitzengatik eta geruza lohitsua estali du. Ondorioz, limoetako zizare eta ornogabeez elikatzen diren hegazti espezieen populazioa gutxitu egin da nabarmen, esaterako txirri arruntarena.

Azterlana egiteko ikerlariek 2003an dragatzea egin aurretik hartu zituzten mostrak eta ondoren protokolo bat jarraitu dute 2016ra arte. Azaldu dutenez, Urdaibaiko itsasadarra oraindik ez da bere onera etorri, hondar kopuru handia baitago oraindik –%38tik %64 izatera igaro da–. Eta are larriagoa dena, litekeena da Urdabaiko eremu horietan hegaztien kopuruak ez berreskuratzea.
Ezkerrean, mostrak hartu diren tokiak. Eskuinean goian, hegaztien gutxitzea, eta behean hondar portzentajea 2003an eta 2016an. Igoera nabarmena da mostrak hartu diren toki guztietan, batez ere itsasadarraren iparraldetik (1 zenbakia) hegoalderaino (6 zenbakia)
 “Urdaibai 43 urtez etengabe dragatu izan da –diote Aranzadiko kideek–. Baliteke mareek eta olatuen korronteek dragaturiko materiala birkokatu eta morfologia berreskuratu ahal izatea urte batzuk geroago. Baina ekosistema bat behin eta berriz perturbatzen bada, berreskuratzeko gaitasuna galdu egiten du”.

Ondorioz, artikuluan dei egiten diete agintariei dragatuen eragina kontuan izan eta Urdaibaiko hezegunearen kudeaketa hobetu dezaten: “Seguruenik erabaki onena izango da dragatuak eta isurketak debekatzea, ekosistemarentzat ondorio dramatikoak baititu”.

Comentarios