Zaborraren miraria

Zaborraren miraria
Carles Salesa
Kataluniako Maresme eskualdeko Hondakinen Partzuergoko zuzendaria

D uela zenbait aste lagun batzuek Gipuzkoara bisita egiteko gonbitea egin zidaten, udal hondakinen kudeaketari buruzko esperientziak elkartrukatzeko. Desberdinak baina, era berean, antzekoak diren egoeretan oinarrituta ikasteko eta partekatzeko aukera izan da.

Gipuzkoan egiten ari den gaikako bilketaren emaitza bikainek harritu ninduten, materia organikoaren bilketa berezirik ia egon ez arren. Eredugarria da askorentzat.

Katalunian aspaldi egin zen hondakin organikoen gaikako bilketaren aldeko apustua. Gaur egun, han udalerri guztientzat, txiki nahiz handientzat, derrigorrezkoa da legez. Hondakinen Esparru Zuzendaritza berriak 2020rako %50 birziklatzeko helburua jaso du, eta horrek apustu honi arrazoia ematen diola dirudi. Hala ere, beti bezala, errealitatea poliedrikoa da. Sarri, organikoaz edo konpostaz hitz egiten da produktu honen tokian tokiko eskaera kontuan izan gabe. Gaitz endemikoa da hori hondakinen kudeaketan.

Gipuzkoan atez ateko bilketaren lehen esperientziak abian jarri dira. Maresmen urte batzuk badira horretan ari direla, gehienetan emaitza onak lortuz.

Horrelako bilketa sistemek eztabaida piztu ohi dute beti herritarren artean. Ez da erraza egungo bizimoduaren erritmoa atez atekoaren diziplinara egokitzea. Baina ohitura animaliak gara, eta, gauzak ondo eginak badaude eta ondo azaltzen badira, azkenean gehienak moldatu egiten dira.

Luze hitz egin izan da atez atekoa bideragarria izatea ahalbidetzen duen udalerri tamainari eta urbanizazio tipologiari buruz. Eztabaida horretaz harago, emaitza errealak onak eta iraunkorrak badira, benetan garrantzitsua dena birziklatzeak gora egitea da.

Beraz, gora atez atekoak. Eta gora bosgarren edukiontziak, eta, ereduak eredu, gaikako bilketa eta birziklatzea udal kudeaketan lehentasuna duten udalerri guztiak. Asko dira herritarrek ahalik eta gehien birzikla dezaten duten guztia ematen ari diren udal teknikari eta arduradun anonimoak. Horietako batzuek zerua merezi dute.

Baina egiten dutenagatik merezi dute, eta ez egiten ez dutenagatik. Izan ere, asko birziklatzea posible da, baina hondakinak desagerraraztea ez.

Emaitza bikainak lortuta ere, beti izango dira birziklatze fluxuetan, atez atekoetan, edukiontzietan edo edozein eredutan tokirik ez duten hondakinak.

EBk birziklatzearen eta zero isurtzearen gizartea bultzatzen du; beste batzuek, ordea, zero hondakin kontzeptua dute hizpide. Azken kontzeptu hori zaila da ulertzen, muturren aurrean urte askotan hondakinak pasatzen ikusi dituenarentzat behintzat.

Hona hemen hondakin frakzioa osatzen duten zenbait adibide: pixoihalak, konpresak, paperezko musuzapiak, preserbatiboak, ontziak ez diren zenbait plastiko, berrerabil ezin daitezkeen oihalak, birziklagarriak ez diren agurrak, jostailu hondatuak, larru hondakinak, behin erabiltzeko higiene eta garbiketa tresna mordoa, ontziak ez diren zenbait metal, zeramikak, portzelanak, beira arrastoak, behin erabiltzeko elikadura osagarriak, birziklagarria ez den bulegoko materiala, zigarro-mutxikinak, erraztatu ondorengo hondakinak...

Finean, nahiko genukeena baino askoz luzeagoa da zerrenda, baina ezin diogu muzin egin. Batzuk geldoak dira, beste batzuk erregai bikainak. Gainera, gaikako bilketak perfektua izan beharko luke, bai kantitateari dagokionez -ez du ezerk ihes egiten- bai kalitateari dagokionez -ez dago desegokirik-. Hipotesia anbiziotsuegia da benetakoa izateko.

Eta, hala ere, badira aukerak. Zabortegietan lurperatu daitezke, eta batzuek beren burua engainatzen dute horrek ingurumenean eraginik ez duela pentsatzean. Eta, bestela, energetikoki eman dakioke balioa, hau da, errausketa beldurgarria.

Luze hitz egin da errausketari buruz, ziur nahiz zalantzaz, arrazoiz nahiz pasioz. Baina gaur egun hori da ingurumenarekiko kontzientzia duen Europak egiten duena. Zabortegien aurrean lehentasuna ematea legez derrigortuko da. Hainbeste behar dugun energia sortzen du, neurri handi batean, energia berriztagarria. Eta, horrez gain, errausketa instalazio modernoek ez dute arriskurik ez ingurumenerako, ez osasunerako.

Prebentzioa eta birziklatzea, eta gero, errausketa ere, gaur egun ulertzen eta ezagutzen den moduan, irtenbidearen parte da.

Esandakoa, gora birziklatzearen eta planeta hobetzearen alde egiten duten guztiak. Hori bai, zaborrarekin miraririk ez dago.

Comentarios