Ezagutzen ez den kaia


Urdaibaiko itsasadarrean, Muruetako lurretan, XX. mende hasierako 'Dinamita' kaia dago. Galdakaoko enpresa batek dinamita garraiatzeko erabiltzen zuen. Egun hondatuta dago eta berreskuratu guran dabiltza.

Ezagutzen ez den kaia

olaia zabalondo (busturialdeko HITZA)

Askok jakin ez arren, Muruetak portu txikia izan zuen garai batean. Gaur egun, ordea, portu horren zati txiki bat baino ez da geratzen itsasadarrean barrena. Oroitzapen handiak dakarzkie guneak muruetarrei eta, horregatik, garai batean izan zuen itxura berreskuratu guran dabil Muruetako Udala, antzina izan zuen erabilera berreskuratzea ezinezkoa izango bada ere.

Urte asko egin behar dira atzera `Dinamita´ kaiaz aritzeko, horrela ezagutzen baitute herritarrek. Trenbidea Sukarrietaraino iritsi zen garaian eraiki zuten portu txiki hori Muruetan, Urdaibaiko itsasadarrean. Muruetako ontziolen ondoan dago, Gernika-Lumoranzko noranzkoan. `Dinamita´ kaia, hala ere, ontziolak eraiki aurrekoa da. Muruetako ontziolak 1943. urtean eraiki zituzten, eta `Dinamita´ kaia XX. mendearen hasieran eraikitako portutxoa dela jakinarazi du Muruetako alkate Jabier Ondarzak.

Mundakatik hegoaldera eginez, itsasadarrak barrurantz egiten duen horretan zegoen portu txiki bakarra zen bere garaian `Dinamita´ kaia. Muruetako alkateak azaldutakoaren arabera, «trenbidea Mundakaraino edo Bermeoraino izatekotan, ez zuten kaia Muruetan egingo».

Galdakaoko enpresa batek agindua emanez eraiki zuten kaia. Izan ere, herri horretako Explosivos Rio Tinto enpresaren dinamita garraiatzerako orduan baliogarria zen. Horregatik ezagutzen da, hain zuzen, izen horrekin.

Muruetara trenez iristen zen dinamita Galdakaotik. Explosivos Rio Tinto enpresak Kosta Mugapeari eskatu zion kontzesioa eta berak egiten zuen dinamitaren garraioa errazteko eraiki zuen kaia bertan. Batez ere dinamitaren zamaketa-hustuketarako erabiltzen zutela azaldu du Muruetako alkateak.

Zamaketa-hustuketa lanak egiteaz gain, zenbaitetan, ontziak konpontzeko gunea ere bazen, horretarako aukerak egon bazeudelako.

Herritarrentzako lana sortu zuen kaiak

Alkatearen esanetan, «Muruetak betidanik izan du baserri giroko herriaren itxura. Baina herriaren iragana aztertzen hasiz gero ustekabeak daude. Izan ere, beti dago industriaren bat bere historian». Itsasoarekin harremana duen Teileria edota gaur egun Muruetako ontziolak dauden tokian izan zen egurrezko beste ontziola bat, adibidez.

Herriko jendearentzat industria horiek eskaintzen zuten lana «alternatiba bat» izan zela azaldu du Ondarzak. «Baserri mundutik bizi ziren askorentzat diru iturri gehigarria zen. Aldi berean egin zitzaketen baserri lanak eta industria lanak».

`Dinamita´ kaiaren kasuan, egiten zituzten zamaketa-hustuketa lanetarako jendea behar izaten zuten, baita beste lagun bat ere instalazio horiek guztiak zaintzeko. `Dinamita´ kaian zeuden instalazioen ardura Irukarako Santiago Aranak zuen. Arana Union Explosivos Rio Tinto enpresako langilea zela adierazi du Ondarzak. Zamaketa-hustuketa lanak egin behar izaten zirenean Muruetako herritarrek parte hartzen zuten. «Beraz, baserritarrek bazuten noizbehinka aparteko diru bat. Gainera, eskuan hartzen zuten». `Dinamita´ kaiak, beraz, lana sortu zuen herrian.

1950-1960 urteen artera arte

Zehaztu ezin duten arren, 1950 eta 1960. urteen artean utzi zioten dinamitaren zamaketa-hustuketa lanei eta garraioari. Trenbidea Bermeoraino egin zutenean portu hori gutxi-gutxika garrantzia galtzen joan zela azaldu du Ondarzak. «Errepidez ere garraiatu zezaketen dinamita, kamioien bitartez». Gutxi gorabehera 1986. urtera arte mantenu lanak mantendu zituztela gogoratzen du Ondarzak. Ondoren, instalazioak saldu zituzten, «kanpotar batzuen eskuetan» geratu zirelarik.

Santiago Aranaren alabari aitak kontatutako zenbait gauza gogoratzen ditu Muruetako alkateak, eta berak esanda daki kaia kanpotarrei saldu ziotela. `Dinamita´ kaitik ateratzen ziren ontziek Murueta-Arketa-Santurtzi-Santander ibilbidea egiten zutela azaldu du. «Arketan ontzi handiagoetan sartzen zuten dinamita eta handik Santurtzirako bidea hartzen zuten. Antza denez, bertan zenbait izapide egin behar izaten zituzten Santanderrera abiatu orduko». Ibilbide hori egiten zuen lehenengo ontzietako batek `Nenroz´ izena zuen. Dinamita garraiatzen zutenean Murueta poliziaz beteta izaten zen.

Egun, bi aukera

Gaur egun itsasadarrean jarraitzen du `Dinamita´ kaiak, nahiz eta gehienek ez dakiten hor dagoenik ere. Hala ere, kaiak egun duen itxurak ez du zerikusirik garai batean zuenarekin. Izan ere, hainbat urte daramatza erabili barik.

Hortaz, Muruetako alkateak azaldu legez, «bi aukera» dituzte orain. Bata galtzen uztea izango litzateke, eta bestea berreskuratzea. «Instalazioak erabili barik izan dira hainbat urtetan, beraz, apurka-apurka hondatu egin dira, galbidean daudelarik». Kaia erditik apurtuta dago. Trenbidea eraikitzerakoan inguru horretan zeuden pinu erraldoiak ebaki zituzten eta horietako bat kai gainera erori zen, erditik apurtuz. «Kalte hori oraindik gaur egun ikusgai dago. Geldi dauden gauzek ez dute hobera egiten eta galtzeko arriskuan geratzen dira».

Bigarren aukera kaia berreskuratzearena izango litzatekeela dio Muruetako alkateak, «historia eta ondarea berreskuratzea, alegia». Inguruak hainbat herritarrentzako «balio sentimentala» duela uste du alkateak. Horrez gain, «inguru hori itsasoaren gora-beherak eta padurak ikusteko behatoki ezinhobea da. Ez dago puntu askorik uraren gainean egoteko, eta kai horrek aukera hori ematen du».

Bestalde, historia bera berreskuratzea ere «garrantzitsua» dela dio alkateak. «Bertokook beti izan dugu antzinako oroitzapen haien berri gurasoen bitartez. Hala ere, esango nuke eskualde mailan ia inok ez dakiela portutxo hori existitu zenik. Ibili direnek baino ez dakite hor dagoenik, baina badu garrantzia historikoa. Urte askotan gure industriaren eta merkataritzaren puntu garrantzitsua izan da. Itsasadarren bitartez ahalbidetzen zuen garraioa».

Kosta Mugapearekin harremanetan

Aukera bien artean bat aukeratu behar du Muruetako Udalak eta, hain justu, kaia berreskuratzearen aldeko apustua egin du. «Ez dago zertan erabilera historikoa berreskuratu behar, beraz, egungora egokitutako erabilera eman gura diogu». Horrela, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri direla esan du Ondarzak.

Bere garaian Jaurlaritzak kontzesioan utzi zion gunea Union Explosivos Rio Tinto enpresari, beraz, ustiapena amaituta kaia berriro Jaurlaritzarena izan beharko litzateke. Hala ere, Galdakaoko enpresak saldu egin zuen eta kontzesioaren itzulketa egin barik dago, «nahiz eta hori ez den legezkoa». Muruetako Udalak egoera hori zuzendu gura du, «herriarentzako puntu interesgarria» dela deritzolako eta «galtzen utzi beharrean berreskuratzea garrantzitsua litzatekeelako».

Inguruneaz gozatzeko lekua

Nahiz eta formalki eskabideak egin ez dituzten, Kosta Mugapeko arduradunekin zenbait bilera izan dituztela adierazi du alkateak, «`Dinamita´ kaiaren egoera argitzeko eta Udalak berak kontzesioa hartzeko». Udalak, beraz, mantenu lanen ardura hartuko luke, baina konponketak behar ditu kaiak. «Onena Kosta Mugapeak konponketa lanei ekitea izango litzateke eta segurtasuna bermatuta dagoenean Muruetako Udalari kontzesioa ematea. Horretan gabiltza», esan du.

«Jakin badakigu kaiak ez duela antzinako erabilera berreskuratuko, baina, biztanleek, bisitariek, umeek... bertaratutako guztiek gune horrek eskaintzen dituen aukera horiek hurbiletik ezagutu ahal izatea da gure asmoa. Guneak merezi du, inguruneaz gozatzeko leku ezinhobea baita».


Bi aukera dituzte, kaia galtzen utzi edota berreskuratu; bigarrena hautatu du Udalak

Herritarrei zein bisitariei inguruneaz gozatzeko aukera eman gura die Udalak kaia berreskuratuz


Comentarios