Urak dakarrena... Legeak daroa

Auzibide guztiak agortu ondoren, Gautegiz Arteagako Ozollo marea errotaren jabeak Europako Legebiltzarrera eroan du bere kasua, Kosten Legearen bidez etxea kendu nahi diotela salatuz.

Urak dakarrena... Legeak daroa

Gorane Barrenetxea BUSTURIALDEKO HITZA

Urak dakarrena urak daroa...» dio Benito Lertxundiren abesti aski ezagunak. Gautegiz Arteagako Ozollo marea errotara edo Portu Errotara ere urak darama mugimendua antzinatik, baina gaur egun kolokan dago bere etorkizuna. Izan ere, Espainiako Gobernuaren Kosten Legeak aurretik eraman lezake Ozollo. Jon Iturribarria da errotaren jabea, eta ia hamasei urte daramatza auzitan Espainiako Gobernuak eraikinaren titulartasuna aintzat hartu diezaion. 1965ean erosi zuen errota Iturribarriaren familiak, baina, 1988an, Kosten Legearen ondorioz, jabegoaren gainean zituzten eskubide guztiak galdu zituzten Iturribarriatarrek, inolako kalteordainik jaso gabe, gainera.

1683an eraiki zuten Ozollo errota, Urdaibain nahiz Euskal Herrian martxan dirauen marea errota bakarra dena. Ordea, arazoa konpondu ezean artoa xehatzeari utziko dio behin betiko errotak, Kosten Legeak 300dik gora urte dituen eraikina legez kanpokotzat jo nahi baitu. Urteetan asmo hori saihesteko ahaleginetan ibili da Iturribarria, auzibide guztiak agortuz. Hala, une honetan Espainiako Auzitegi Gorenaren eskuetan dago Ozolloren etorkizuna, baina, bien bitartean, Europako Legebiltzarrera ere eraman du bere kasua. Hala, Kosten Legeak kaltetutako beste jabe batzuekin batera Estrasburgon izan da berriki, legea alda dezaten eskatzeko.

Hamasei urteotako borrokak fruiturik ez duela eman nabarmendu du Iturribarriak. «Hamasei urte daramatzat Kosten Mugapekoei eta Espainiako Justiziari aurre egiten, baina ez dut ezer lortu. Beraz, nire eta lege horrek kaltetu dituen beste hainbaten irtenbide bakarra Europara jotzea izan da». Izan ere, errotaren jabearen arabera, «Espainiako Justiziak beti ebazten du Kosten Mugapeak erabakitakoaren alde».

Desjabetze salaketak argitze aldera, Europako Legebiltzarrak Espainiako Gobernura eta Europako Batzordera gutunak bidaltzea erabaki zuen. Haien erantzunak jaso eta ebaluatu ostean, apirilaren 26an emango du bere ebazpenaEuropako Legebiltzarrak.

Legez kanpoko monumentua

1996an hasi zen Jon Iturribarria arteagatarraren amesgaiztoa, urte hartan izan baitzituen lehendabiziko tira-birak Espainiako Ingurumen sailarekin. Bi urte beranduago sartu zen indarrean Kosten Legea, ustez kostaldearen erabilpen egokiagoa bermatzeko onartutako legea. Alabaina, askoren ustez, higiezinen ustiapen desegokia ekidin baino jabegoak kostaldetik hurbil dituztenen eskubideak murriztu ditu gehiago lege horrek. «Kosten Legea [Espainiako] Gobernuak bere neurrira egindako legea da. Izan ere, ez ditu kontuan hartzen Espainiako Konstituzioan aipatzen diren hainbat artikulu, esaterako, jabego eskubidea edo legeen atzerakotasun eza. Gainera, ezikusiarena egiteaz gain, onartu egiten du Espainiako Justiziak», salatu du Iturribarriak.

Horrez gain, Ozollo errotak duen balioa ere bada aintzat hartzekoa kasu honetan. Izan ere, duen balio historiko eta arkitektonikoa dela eta, Eusko Jaurlaritzak ondare artistiko izendatu zuen 1999an. Aitzitik, Kosten Mugapeak izendapen hori ez duela kontuan hartu uste du Iturribarriak. «Konstituzioaren 46. artikuluan esaten denaren kontrakoa egiten ari dira eta, horren erruz, nire etxea erortzen ari da». Gainera, artikulu horretan monumentuen biziraupena bultzatu eta bermatu behar dela aipatzen da, egin ezean zigor delitua ezartzeko aukera dagoela gaineratuz.

Konpondu ezean, arriskuan

Hori guztia gutxi balitz, iazko denboraleak errotan kalte handiak sortu zituela aipatu du jabeak, baina ez du kalteok konpontzeko baimenik. «Inork ezin du jakin zer nolako inpotentzia sentitzen den zure etxea erortzen ari dela ikusten duzunean, eta hori ekiditeko ezer gutxi egin dezakezula dakizunean». Argindar eza dela eta, errota ez dago martxan gaur egun, eta gainera, presa eta barruko makinaria kaltetuta daude. Konpontzeko aukera izanez gero, ordea, errota berehala jarriko lukeela martxan nabarmendu du. Bere etxetik bota ezin dutenez, konponketak egiteko baimenak ukatuz Espainiako Gobernuaren helburua Ozollo botatzea dela uste du Iturribarriak.

Errotaren «jabetza-titulu guztiak» ditu arteagarrak, baina Kosten Mugapeak ez dituela onartzen zehaztu du. «Are gehiago, ez dutenez desjabetzarik egiten, etxea konfiskatu didate, inolako kalte-ordainik eman gabe. Dohainik eskuratu dute errota, eta jabari publiko bihurtu». Horren aurrean, borrokatzea beste biderik ez dagoela dio Iturribarriak. «Borrokatzen jarraituko dugu, gure eskubideak bermatuta ikusi arte».

Izan ere, Kosten Legearen atzean helburu zehatzak daudela uste du. «Dirua eta interesak dira lege hori mugitzen dutenak. Espainiako Gobernuak kostaldean higiezinen inguruan zegoen ustelkeria gelditzeko sortu zuen legea bere garaian, baina egun eurak dira azpijoko horretan eroso baino erosoago dabiltzanak». Europa tartean sartuta lege horrek sortu dituen «injustiziak» agerian geratuko direla uste du.

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren zain dagoenean, baikor agertu da Iturribarria. «Arrazoiak ditut epaia nire aldekoa izango dela pentsatzeko, gaiaren inguruan Europan sortu den iskanbilak gauzak alda ditzakeelako».

  • ondare artistikoa da 1999. urtetik

XVIII. mendearen bukaeran eraiki zuten Ozollo errota, mekanismo bereko beste bost errotarekin batera. Bizkaia osoan hamabi bat izan zirela uste da, baina lurralde osoan bost errotaren arrastoak baino ez dira gelditzen egun. Ozollo errota da , zalantzarik gabe, mendeetan zehar ondoen iraun duena. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ondare artistiko izendatu zuten 1999. urtean.

Marearen indarrean oinarritutako funtzionamendua du Ozollok. Errotak marea koten arteko beherakada nabarmenari probetxu ateratzen dio. Errota itsasertzetik bost bat kilometrotara dago, eta itsasbeherak luze irauten du bertan. Itsasgora, aldiz, azkar izaten da. Urak hiru orduan egiten du gora, eta bederatzi orduan behera. Errotak zazpi orduko iraupena duten bi ziklo baliatzen ditu indarra sortzeko. Horretarako, itsasadarraren paduraren alde batean dagoen biltegiak ura biltzen du.

Biltegiaren punturik beherenean gurpil motorrak daude. Itsasbeheraldiaren erdialdean, biltegiak ura askatzen du, ur lasterrak gurpilei eragiten die, eta, hala, indarra sortzen da. Mekanismo horri eutsi diote mendeetan Ozollon, marearen indarrari aurre eginez.

Comentarios