Hirien eraldaketak eta lurzoru industriala


José Luis AZKARATE,

LKS INGENIERÍAko arkitekto urbanista


Industrializazioa inguruotan bere lehen pausoak ematen hasi orduko, administrazioak lurralde honetan sortutako enpresaritza ekimenen artean lurzoru industriala sustatzeari ekin zion. Hain zuzen ere xede horretara bideratu ziren, kasu askotan, gure udalerrietako lurzoru eta ibarrik hoberenak.

Lehendabiziko Lurzoru Legea onartu zenean, iragan mendeko 50eko hamarkadan, areagotu egin zen administrazio publikoaren lurzoru industriala sustatzeko joera, eta demokraziaren etorrerarekin, berriz, orokortu.

Gaur egungo egoera aztertuz gero, esan daiteke egokia dela enpresaritza ekimenei zuzentzen zaien lurzoru hiritartuaren eskaintza. Alde horretatik, azpimarratzeko modukoa da gure administrazioek arlo guztietan egiten duten lana, eraginkorra oso, eta baita SPRILUR, Álava Agencia de Desarrollo edo NASUINSA bezalako sozietate publikoek burutzen dutena ere.

Argazkia
Garai bateko Contadores lantegia, Miracruz gainan kokatua, Donostian.
(Arg: www.euskadi.net)

Sozietate publiko hauek behar-beharrezkoak bihurtu dira lurzoru politikak gauzatzeko eta ekimenik estrategikoenentzako irtenbideak bilatzeko orduan. Kudeatzen duten lurzoru kopurua ikusita, esan dezakegu merezitako sonaz gain eskarmentu handia daukatela enpresaritzarako poligono eta parkeak sustatzeari dagokionez.

Baina hiriak eraldatzeko prozesuetan, eta, ondorioz, hirigintza planeamenduetan egiten diren berrikuspenetan, gero era lurzoru industrial gehiagotan aldatzen da erabilera, eta behin eta berriro birkalifikatzen dira -ia beti, egoitzak egiteko-. Aldi berean, topografia malkarra izatean hiritartzeko garestiak diren lurzoruak kolonizatzen hasi dira, herrialdearen jarduera ekonomikoa finkatzeko.

Prozesu horiek gure hirien neurrigabeko hedapenaren lotu behar ditugu. Nolanahi ere, biztanleria ez da proportzio berean handitu; kasu askotan, lurzoru antropizatua bikoiztu egin da azken hogei urteotan, eta biztanleen kopurua, bien bitartean, ia ez da aldatu ere egin.

Gure lurzoru industrialek daukaten garrantzi estrategikoari begiratu behar diogu, eta behar bezala baloratu eta babestu. Hori dela-eta, murriztu eta arrazionalizatu egin beharko genituzke sistematikoki birkalifikatzera jotzen duten prozesuak, maiz, hiria garatzeko logikari heldu beharrean, higiezinen espekulazioari lotzen zaizkielako.

Ziur aski oso aldaketa garrantzitsuak ikusiko ditugu datozen urte globalizatuetan gure industriaren sektorean, eta aldaketa horiek zuzenean islatuko dira lurzoru industrialaren eskarian eta azpiegitura berrien zein birmoldatu beharra daukatenen tipologian. Poligono industrialen bizitzaren zikloa, hiriko beste eremuetako eraikinena baino laburragoa izan ohi da (belaunaldi batekoa), baina oso litekeena da aurrerantzean are laburragoa izatea.

Hirien ereduari buruzko ikuskera bera aldatu egingo da. Erabilera bateragarrien konbinaketek gero eta indar handiagoa hartuko dute. Espazio bakar batean etxebizitza eta hirugarren mailako jarduera bateratzeko ahaleginak egingo dira, eta baita jarduera industrialeko tailer txikiak kokatzekoak ere. Hirien eredu berriak trinko eta konplexuagoak izango dira, eta hiritarren mugitzeko beharrak murriztera zuzenduta egongo dira.

Gure lurzoru industrialek oso aukera zabalak eskaintzen dizkiote hiri berri horri. Hain zuzen ere hor kokatzen dira gure administrazioentzako eta SPRILUR bezalako sozietateentzako erronka berriak.

Poligono hauek gaur egun dauzkaten arazoak arretaz eta xehetasunez aztertzen ikasi behar dugu. Hogeita bost urtetik gora dauzkatenak narriatuta izaten dituzte azpiegitura eta zoladura, gainezka egiten dute trafikoak eta aparkalekuek, erkidegoak nahaspilatuta egoten dira, eta udalekin haserre sarritan, azken hauek ere ez baitaukate hain beharrezkoak diren berrikuntzak egiteko bitartekorik.

Lurraldea iraunkorragoa bihurtzearren, eta baliabideen kontsumoa -besteak beste, lurrarena- arrazionalizatzeko, bai gure administrazioek eta baita beren sozietate kudeatzaileek ere, ondasun eta zerbitzu ugari ekoizten dituzten poligono industrial zaharrak mantendu, kontserbatu eta berritzeko lanak hartu beharko lituzkete beren gain.

Sektore publikoak, lurzoru industrial berriak sustatzean taxuz jardun izanak eman dion ospeaz hornituta, zerbitzu berriak eskaini behar ditu zaharkituta gelditu diren lurzoruetan. Eta, poligono hauetan, berrikuntzarako diru-laguntzak jasotzea baino askoz ere garrantzitsuagoa izango da aholkularitza teknikoa, gatazken arbitrajea, eta auzoko industrien erkidegoen eraketa bultzatzea. Erronkak merezi du.

Comentarios