Etxebizitza politika salatu dute gazteek

Aiangiz etxebizitza »

Etxebizitza politika salatu dute Aiangizko gazteek

204 herritarren helegiteak ez dituztela kontuan hartu salatu du gazte taldeak

danel lauzirika

Domeka goizean, Ajangizko Gazte Taldeak deituta, hogei lagun elkarretaratu ziren Ajangizko udaletxearen aurrean. PNV lotsabako. Herriak 204 alegazio, ta kasuripez! Ordainduko duzue! zioen pankartak. Mendietako plazan bildu ziren protesta egiteko. Gazteek idatzi bat ere banatu zuten herritarren artean.Elkarretaratzearekin herritarrek Udalak babes ofizialeko etxebizitzen inguruan duen politika salatu nahi izan zuten. Gazte taldeko kideak babes ofizialeko etxebizitzen gaineko baldintzak aldatzen saiatu dira, baina orain arte ez dute ezer lortu. Baldintzak aldatzeko sinadura bilketak ere egin izan dituzte ajangiztarrek.

Gazte taldeko ordezkarien ustez, BOE-n zozketara aurkeztu ahal izateko Udalak eskatzen duen gutxienezko diru sarrera, 15.500 eurokoa, gehiegizkoa da. Erroldan egon beharreko urte kopurua, aldiz, laburregia da, gazteen ustez.

Orain dela gutxi, 204 herritarrek baldintza horien aurkako helegiteak jarri zituzten udaletxean. Urtarrilaren 19ko Osoko Bilkuran, Udalak atzera bota zituen helegite horiek.

Beñat Onaindia gazte taldeko kidearen esanetan, «Udal ordezkariek guk aurkeztutako helegiteak kontuan hartzeari muzin egin diote. Agintariek helegiteak aurkezteko esan ziguten, eta bide horretatik ere atea itxi digute. Beraien esku egon da baldintzak aldatzea, bai ekonomikoak baita erroldaren ingurukoak ere, eta ez dute egin».

«Elkarretaratzearen bitartez Udalak berriro Ajangizko gehiengoak eskatzen dituen gauzei bizkarra eman diola salatu nahi izan dugu. Gazte talde moduan ajangiztarrei helegiteak aurkeztea eskertu nahi diegu».

Prozesuak jarraitzen du

Ostiralean bukatu zen babes ofizialeko etxeen zozketan izena emateko epea. Osoko Bilkuran 204 ajangiztarren helegiteak errefusatu ondoren, orain Udalak eskaerak aztertu eta zozketan parte hartuko dutenen zerrenda egingo du. «Denak jarraitzen du berdin. Elkarretaratzearekin herritarrei protestatzen jarraituko dugula adierazi nahi izan diegu. Baldintza hauek ez direla herriak behar dituen baldintzak uste dugu», adierazi du Onaindiak.

Comentarios