ESKANDALUA BIZKAIAKO BATZAR NAGUSIETAN

 


ESKANDALUA BIZKAIKO BATZAR NAGUSIETAN


Joan den martxoaren 20an, Carlos Alzaga, Azpiegituretako foru diputatua, Bizkaiko Batzar Nagusien kontrol-saio batera joan zen, ordezkatzen zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Astilleros de Murueta SA enpresaren artean egiten ari ziren negoziazioei buruzkoari hain zuzen. Busturialdeako eskualdean, Erreserba Erabiltzeko eta Babesteko Legearen arabera gaur egun erabateko babesa duen eta giza jardueretatik kanpo dagoen gune batean, bigarrenak okupatzen dituen sailak lehena eskuratu ahal izateko asmoa agertu zuen. Agerraldiak titularrak eta erreportajeak izan zituen Bizkaiko zenbait hedabidetan. Zain Dezagun Urdaibairen ustez, prentsak jasotakoaren arabera Carlos Alzagak adierazitakoa eskandalu ikaragarria da.

Lehenik eta behin, diputatuak zera aitortu zuen, “Astilleros de Murueta SAk ontziola jarduerekin jarraitzen du. Abian den ontziola da. Ez da lurgorria, ez dago basamortu baten erdian”, jaso zuen Deiak. Hala ere, BFAk eta MITECOk sinatutako Hitzarmenak, Batzarretan 4/72023ko sarrera-data duenak, hitzez hitz dio “MITECOren ekarpena Urdaibai inguruan ingurumen-izaerako jarduerak egiteari lotuta dagoela, eta jarduketa horiek GBM Urdaibaira modu ez-jarrian zabaltzeko Proiektuaren barruan egon daitezkeela, bereziki honako hauei dagokienez: II. Murueta ontziola zaharrei (sic) dagokien 42.384 m2-ko lurzorua Urdaibain deskutsatzea, aurrien eraispena barne”. Galderarik, jaun-andreok? Bai: ontziola zaharrak berpiztu egin dira? Ministro andrea, MITECOren laguntza proiektuan sartuta dago, bai ala ez? 

Carlos Alzaga Azpiegituretako foru diputatuaren agerraldiarekin jarraituz, azken horrek Iñigo Urkulluri eta Elizabete Etxanoberi plana zuzendu zien. Haiek urtarrilean komunikabideen aurrean adierazi zuten bi urte hartzen ari zirela proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko. Handik gutxira, Iñigo Urkullu egungo lehendakariak azpimarratu zuen luzapena ez zela bere erabakia, Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatuarena baizik. Bada, Guggenheim Bilbao Museoaren Patronatua benetan planteatzen ari bada Biosfera Erreserbara modu ez-jarraian zabaltzeko proiektuaren bideragarritasuna, zertara dator gaur egun Muruetako Ontziola SAk Muruetan okupatzen dituen sailak erostearena? 

Agerraldi berean, Deiaren arabera, Azpiegituretako eta Lurralde Garapeneko diputatu berriak, Carlos Alzagak, asteazken honetan ohartarazi du prozesu "luzea" izango dela, ez bakarrik jarduerak martxan jarraitzen duelako, baizik eta aztertu beharreko beste alderdi batzuk ere badaudelako, hala nola lehendik dauden eraikinak eraistea edota lurzoruak deskutsazea. Galdera da orain ea noiz arte pentsatzen du Astilleros de Murueta SAk iraungita dagoen kontzesioarekin jarraitzea? Hilabeteak dira ZAIN DEZAGUN URDABAIk Kosta Mugarteari emakida iraungitzeko eskatu diola. 

Edonola ere, uste izatekoa da diputatuak negoziazio luze bati buruz hitz egiten duenean ordaindu beharreko prezioari buruz ari dela. BFAk, diputatu jaunaren ahotik, enpresaren nahiak bere egin dituela dirudi. “Foru diputatuak zehaztu duenez, itsasoaren eta itsas-lehorreko jabari lerroaren artean dagoen lursaila Espainiako Estatuarena da, eta bertan, bi dike lehor, harri-lubetazko horma batzuk, kai batzuk eta zabalgune txiki bat ustiatzeko emakida dute ontziolek. Aldundiak ez du espazio horretarako emakidarik eskatuko, eta, gainera, jatorrizko egoerara itzuliko du”, zioen Deiak. Jarraian, diputatu jaunaren esku-hartzea komatxo artean jartzen zuen: "Eremu hori berreskuratu egingo dugu, MITECOrekin aldez aurretik adostuta eta hark baimenduta, ingurumena sakon lehenera dadin, eta jatorrizko egoerara itzul dadin. Jardueren artean dauden instalazioak eraistea sartzen da, eta hori guztiontzat irabazia dela uste dut ". 

Guztiontzako irabazia? “Jarraian -zioen Deiak-, lehor-aldearen barruan, gutxi gorabehera 9.000 metro koadroko zor-eremua dago, jabetza pribatukoa, eta horretan ez da eraikinik eraikitzea planteatzen, espazioaren urbanizazioa eta egokitzapena baino, ontziolaren instalazioak eraitsi ondoren. Eta barnealdean pixka bat harago, 30.000 metro karratuko eremu pribatuan, Guggenheim museoa hartuko duen egoitza eraikitzea aurreikusita dagoen tokia izango da. Horiei guztiei Gernika eta Mundaka arteko errepidetik abiatuta, ontziolaraino iristen den bidea gehitzen zaie, hori ere enpresarena baita.”
 
Zain Dezagun Urdaibai legez badakigu Oka ibaiaren tarte horretako kostaldearen mugaketa negoziatu eta hitzartu zutela enpresak, Kosten Mugapeak eta Eusko Jaurlaritzak, industria-erabilera berezi horrek gune sentibera horretan jarrai dezan (Urdaibaiko Erreserbaren Patronatuaren aktak kontsultatzea besterik ez da behar). Aitzitik, eta era brean, badakigu itsas lerroaren mugaketa hori ez zaiola Muruetako itsasertzaren errealitate fisikoari egokitzen; mareen gora-beherek eragindakoari, alegia. 2004ko mugaketa kontraesanean dago inguruaren aurrekariekin eta datu hari buruzko datu zientifikoekin: errealitate geologikoarekin, trenbidearen eta itsasadarraren kanalizazioaren planoekin, erabilera historikoekin, eta, plano topografikoekin ez ezik, airetiko hegaldiekin hartutako datuekin ere. Horiek guztiak padurak eta istingadiak izan ziren. Bada, hileak dira Zain Dezagun Urdaibaik Kosta Mugarteari mugaketa berria egiteko eskatu diona. 

Larrabeko lursailak, “Itzak” izenekoak, jatorriz jabetza komunalekoak ziren (XVII. eta XVIII. mendeak), eta, ondoren, inguruko baserritarrek eskrituratu egin zituzten, bi gerra karlisten garaian nekazaritza- eta abeltzaintza-aprobetxamendurako, horretara herriei ezarritako gerra-gastuak ordaindu ahal izateko. Edonola ere paduretako eta marjinetako lursail horiek guztiak, 1889ko kode zibilaren xedapenak (339. artikulua eta beste batzuk) eta portu eta kostaldeei buruzko lege hauek aplikatuz, estatuaren jabari publikoaren parte ziren. 

Errealitate fisiko hori berresten duten aurrekariak ere badira; hala nola, 1943an ontziolaren emakida-eskaera bera, 1956ko mugaketa, eta Itsasertz Mugarteari egin izan zitzaizkion ontziolako obra-baimenen eskaerak. Halaxe ba, Muruetako 1956ko landa-katastroko zati batzuk (190. zenbakitik 196.era) sartu beharko lirateke sail horietan; horiexetan sartu ziren, dragatze-baimenak eman ondoren, kutsatutako hareak eta lohiak (hartarako ezinbestez bete beharreko baldintza haiek erretiratzea izan arren, inoiz ez dira erretiratu). Jakin nahi duenarentzat sailen zerrendak Itzak, Urdaibaiko Kultur Pasaia (SCN Aranzadi) liburuan dagoz. 1943an padurak eta istingadiak baldin baziren, noiz eta zergatik galdu dute izaera hori? Bada, iturri guztien arabera, urteetan zehar eskumenak dituzten administrazio publikoek erakutsi duen utzikeriagatik, enpresa horren eta Inmobiliaria Murueta filial historikoaren industria-ekintzak frogatu duten bezala. 

Aipatzekoa da lurraldearen zati baten itsas-lehorreko jabari publikoaren izaerari buruzkoak arautuak direla, ez erabaki askekoak, foru-diputatu horrek nahiko lukeen bezala. Itsasertzeko lursail batek 1989ko Kostaldeei buruzko Legearen 3., 4. eta 5. artikuluetako baldintzak betetzen baditu, edo giza jarduerak itsasoari irabazitako lursaila bada, lursail hori, nahitaez, itsas lehorreko jabari publikoa da. Hau da, jabetza publikokoa, eta, beraz, besterenezina, preskribaezina eta enbargaezina, enpresa edo partikular batek erregistratu edo eskrituratu badu ere. 

Administrazioak, bere “Sastraka Garbitzaile” jarduera ezkutatzeko ahaleginean, historian zehar Busturialdean gehien kutsatu duen enpresaren aldeko higiezin-pilotakada honetan konplize da. 1943tik aurrera bere egin dituen ekintzengatik, lehortzeengatik eta ingurumen-suntsiketengatik dagozkin betebeharretatik salbuesteko ahaleginean, Foru Diputatu horrek lurzorua erosteko egin dituen negoziazioak Bilboko Kale Nagusian orube bat erostera balihoa bezala azaldu nahi izan dizkigu. Denok dakigunean BFAk bi helburu dituela: batetik, diru publikoarekin izan ere publikoa den zerbaitegatik ordaintzea, eta, bestetik, Astilleros de Murueta SA enpresaren instalazioek hartzen dituzten 42.000 m2 deskutzatzea, altxor publikoaren kontura; bestetik, funts publikoak bidegabe erabiltzea halako operazio handi batean, “kutsatzen duenak berak ordaindu behar” printzipioari jaramonik egin gabe. 

Laburbilduz, eraikuntza- eta urbanizazio-proiektu pribatu berri bati bidea erraztu gura zaio, eraiki dezan non-eta nazioarteko zein bertoko legeek babesten duten naturgune horretan, ingurumen-kalte atzeraezinak eraginez, zuzenak nahiz zeharkakoak,; ondoren, enpresa partikular bati lagako zaio, hatzez, bisitak eta museoa dituen jatetxe bateko ibilgailuen aparkaleku bihurtzeko. Eta hau dena UNESCOk Urdaibaiko Biosferaren Erreserba izendatu zuenaren muinean. 

Eskandalua, bai, lehengo egunean Bizkaiko Batzar Nagusietan bizi izan zena, gaur arte bizi izan ditugun beste askoren ildo beretik.

URDAIBAI EZ DAGO SALGAI!

GUGGENHEIM GO HOME!

Zain Dezagun Urdaibai Elkartea

Busturialdean, 2024ko martxoaren 25ean

Comentarios