Lehendakari Agirre Center horri erantzuna: ez dugu kartak markaturik dituen poker partida horretan parte hartuko.

 

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak entzuteko prozesu bat bultzatuko dute Busturialdea-Urdaibai eskualdean


AQUÍ EN ESPAÑOL:
Respuesta al Aguirre Center: no participaremos en esta partida de póker con cartas marcadas

Zain Dezagun Urdaibai Elkarteko kide batzuei New Yorkeko “Lehendakari Agirre Center” izeneko Fundaziotik, edo Enpresatik, deitu digute. Deiok, Eusko Jaurlaritzak kontratatuta ari den horrek, izan ere New Yorkekoaren frankizia den Guggenheim Bilbao Museoa Urdaibaira modu ez-jarraituan (?) hedatzeko proiektuari buruzko entzuketa-prozesu horretan “parte hartuko” dugunetz jakiteko izan dira. Bada, ez.

Enpresa horrek New Yorken du egoitza, eta beharbada horrexegatik ez du jakin EAO (BOE) delakoan (https://www.boe.es/eli/es/ai/1998/06/25) Aarhuseko Hitzarmena argitaratu zela (Convention on Access to Information, Public Participation in Decision-making and Access to Justice in Environmental Matters), eta horrez gero delako Hitzarmenaren edukia loteslea dela Espainiako Erresuman, hots, ezinbestez eta derrigorrez aplikatzekoa. Jakin, ez bide daki ezta ere plan eta proiektuen gaineko ingurumen-inpaktuaren prebentzioari buruzko legeriaren parte dela, eta hala izanik administrazio-legeriari eta toki-araubideari eragiten diola. Ez dute gogoan izan, ez, Arartekoaren 12/2011 Gomendio Orokorrak, abenduaren 28koak, prozesuak legezkoak izan daitezen-eta dioena “Demokraziaz eta herritarren parte-hartzeaz, bereziki ingurumenarekin zerikusia duten gaiei buruzkoetan”.

Dokumentu horietan ezarririk da ezen ingurumenari eragiten dioten erabakiak hartzeko prozesuak "izapidea hasten denetik" egin behar direla, hots, "aukera guztiak irekita daudelarik"; kasu honetan, 2017an zitekeen legezko unea. Eta egin ere benetako aukera guztiak ebaluatuz egin behar direla, horien artean “beti ere zero aukera (ez jardutea) sartuko delarik.” Eta hori guzti hori berme demokratiko guztiekin egingo dela beti; parte-hartze erreal eta eraginkorraren bermeekin, parte hartzaileentzako aukera berdintasunarekin, eta mahai gainean jarritako proiektu eta aurreproiektuen gaineko informazio osoarekin, dagoeneko bideratzen ari diren eta inork ezagutzen ez dituen azterlan osagarri horiek ahaztu gabe. Altxor publikoaren kontura finantzatutako burutazio jelkide horri buruz ari gara -Guggenheim Fundazioak ez du sosik jartzen, hara!-; “entzuketa” horren bidez legezkotasunik ez duen zerbaiti legezkotasun-berniza ematen saiatzen ari dira, berniza erosteko, hori bai, kanpoko aholkularitzen kartelari lotutako enpresak hatzez kontratatzen dira, eta lotsarik gabe heltzen diete horiei; administrazio publikoaren iruzurrezko erabileraren politika lizun batean, legeetan jasotakoez bestelako helburuetarako heldu ere, horretara botere-desbideratze deritzonera makurtuz.

Nolanahi ere, eta gaiari buruzko beste edozein gogoeta egin aurretik, badugu kezka larri bat, eta kezka horrek eragotzi egiten digu parte hartzea. Izan ere, ezin dugu alde batera utzi “entzute aktiboko prozesua” deiturikorako azkenean kontratatu duten enpresa hautatzeko izan dituzten erak eta moduak.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak eta/edo Foru Aldundiak ez dute lehiaketa publikorik egin, nahi beste enpresak prozesu horren kudeaketa beren gain hartzeko eskaintza aurkeztu ahal izan zezan. Horretara eginez, aukera-berdintasunaren, gardentasunaren, inpartzialtasunaren eta objektibotasunaren printzipioak higatu dituzte. Adibide gisa, kontratazioaren legitimitatea baliogabetuko lukeen arrazoi bat litzateke “Lehendakari Aguirre Center” bera, prozesua aurkezteko prentsaurrekoan aurkeztu zena, lehendabizikoz jardunean Guggenheim Fundazioarentzat hasi zela, eta, beraz, indarrean dagoen bateraezintasunen araudia bete gabe hautatu dutela oraingoan.

Bestalde, nola eman iritzia inongo aurreproiektu edo proiektu teknikoari buruz, delako aurreproiektu edo proiektu tekniko hori ezagutu gabe, eta haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko nahitaezko azterlana ezagutu gabe?

Ba nekez, ideia ustez bikain horren garapenaren nondik norakoa erakutsiko digun kristalezko bolarik ez daukagulako, proiektua sustatu duen etxearen hedabideek zabaldutako publi-rerreportajeetatik haratago. Espiritu santuak putz eginez haiei emandako jakinduria norainokoa erakutsiz, den-dena zuzena dela esaten baitigute, hots, proposatzen diguten eta ezagutzen ez dugun horrek ez omen du inolako eraginik era askotako babes-legeak eta araudiak dituen gure ingurumenean; haatik, mamu-proiektu horrek pobreziatik salbatuko omen gaitu eta, esan dezagun bidenabar nor den pobrezian sartu gaituena. Zera, duela hamarkada batzuk hona gobernatzen gaituen Alderdia, nor bestela. Eta denon lotsa handiagorako, guzti honetan tartean dabil “hartzekodunen konkurtsoaren” atalasean dagoen fundazio bat, bere langileak dozenaka kaleratzen ari dena.

Prozesu horretan guztian, higatzen ari da interes orokorraren mende jardun beharraren printzipioa, hala nola natura eta biodibertsitatea babestearena. Ez da zilegi Urdaibaiko Biosfera Erreserba, Europako Natura2000 Sarea edo Ramsar Nazioarteko Hitzarmenean babestutako hezeguneak merkataritza-ustiapenerako erabiltzea. Horiek ez dira Busturialdeko biztanleen ondarea bakarrik; nazioarteko interesekoak ere ba dira. Gainera, proiektuaren sustatzaileek beraiek jakinarazi digute aurrekontu publikoekin ekingo zaiola proiektuari, bertokoekin eta Espainiako Gobernuaren funtsekin, eta auskalo Europakoekin ere. Horiek horrela, entzuteko prozesua ez al litzateke Euskal Herriko, Espainiako Erresuma osoko edo Europako herritarrei ere zuzendua izan beharko?

Aarhus Konbentzioak eskatzen duena parte-hartze publiko hori benetakoa izatea da, eta ez itxurak gordetzearren egina huts-hutsik. Agintariek, azken erabakietan, nahitaez hartu behar dituzte kontuan parte-hartze publikoaren emaitzak. Horretan saiatu ordez, proiektua bai ala bai egingo dela dioskuten dozenaka prentsa-orri ditugu, aginte eliteen adierazpenez lepo. Non dira Herriarenak?

Aarhuseko Konbentzioan jasotako parte-hartze publikoaren eraginkortasuna e beste bi zutaberi stuki lotuta dago: erabakiak hartzeko behar den informazio guztia eskuratzeko orduan edozein pertsonak izan behar duen parte-hartzeko bermeari, eta, parte hartzeko eskubidea ukatzen baldin balitzaio, justiziaren aurreko errekurtso-prozeduretarako sarbidea izateari, kasu honetan ezinezkoa dena hain zuzen.

Aarhuseko Konbentzioan jasotako parte-hartze publikoaren eredua nazioarteko erreferentetzat hartzen da gaur egun, ingurumen-erabakiak hartzerakoan parte-hartze publiko eraginkorra bermatzeko moduari dagokionez behinik behin. Hala ere, planteatuta zaigun entzute-prozesua New Yorken aldez aurretik onartutako proiektuaren propagandarako eta legitimaziorako beste tresna bat baino ez da, aipatu Konbentzioan ezarritakoarekin zuzenean talka egiten duena. Agerikoa denez, Konbentzioaren artikuluak urratuak dira.

Prozesu horrek bere burua baliogabetzen du, plana edo programa sozioekonomikoa landua, adostua eta itxia omen duteenez gero (“Bilboko Guggenheim Urdaibain ere ez-jarraituan hedatzeko proiektua”, horrelako esaten diote). Hori, hasi ere, 2017an hasi zen martxan, eta, Hitzarmenaren arabera, orduan jarri behar zen abian herritarrek parte hartzeko prozesua; baina, jakina, ez da egin, 2007ko beste saiakeran egin ez zen bezala. Zertan ari gara?

Guk argi daukagu. Guggenheim Fundazioak, berak behar du Urdaibaiko Biosfera Erreserba, bere gainbehera nabarmenetik burua ateratzeko, ze ez alderantziz.

Azkenik, eta ikusita aurrekontuko 130 milioiak hemengo diruarekin jarriko direla, eta ezer ez dela etorriko Atlantikoaren beste aldetik, argi geratzen da mamu-proiektuaren sustatzaileen argumentario guztia ez dela koartada hutsa besterik, eta proiektua bera, euskal kultura herrikoiaren garapenera begira oztopo erraldoia dela. Non geratzen da amets hura, gura kultura?

Kartak markatuta dituen poker partida proposatzen digute. Estimatzen dugu gonbidapena. Ez dugu jokatuko.



Zain Dezagun Urdaibai Elkartea

Busturialdea, 2025ko apirilaren 23a






GEHIAGO JAKITEKO:

https://www.miteco.gob.es/es/ministerio/servicios/informacion/informacion-ambiental/legislacion-sobre-el-acceso-a-la-informacion-ambiental.html

Comentarios