BESTE ITSASONTZI BAT MURUETAKO PADURA ETA ISTINGADIETAN?

 


BESTE ITSASONTZI BAT MURUETAKO PADURA ETA ISTINGADIETAN?

Sindikatuetako iturrietatik Zain Dezagun Urdaibai Auzo elkarteak jakin duenez, joan den asteartean, hilaren 12an, Muruetan, ‘Arteaga'ontzia uretaratu ondoren, ustez hango egindako azkena izango zena bera, Astilleros de Murueta SAk ontzi berri bat izango litzatekeenarekin dihardu; oraingoz gilarekin ari omen dira. Albistea baieztatuz gero, oso larria izango litzateke, eta agerian utziko luke Bilboko Guggenheim Museok Urdaibairako daukan “handitze etenaren proiektu” opakuaren atzean ezkutatzen den interes-jokoa.

Hasteko, gogorarazi behar dugu 2023ko irailaren erdialdera Zain Dezagun Urdaibaik Itsasertz Mugarteari emakidaren iraungipena exekutatzeko exijitu ziola. Emakida 75 urterako eman zen, eta ezin zen luzatu. 1943an, Industria Ministerioak Muruetako ontziola eman zuen ontziolaren erabilera esklusiborako, eta azalera zehatz bat -13.400 metro- hiru aldiz handiagoa izan da, eta ez dakigu horretarako baimenik edo lizentziarik eman denik. Emakidaren epea 2018ko uztailean amaitu zen, eta, horrela bada, enpresa osoak bere merkataritza-helburuetarako berea ez dena eta gozatzeko legitimitaterik ez duena erabiltzen jarraitzea erabaki du, antza.

Gaiari eutsiz, esan erakunde berean aurkeztu genuela, iazko urrian hain zuzen, Murueta eta Gernika-Lumo udalerrietako kostaldearen beste mugarriztatze bat egiteko eskaera. Gai hori oso garrantzitsua da Astilleros de Murueta SAk bere burua lursail batzuen jabetzat hartzeko duen asmoari dagokionez. Horrez gain, enpresak badu bigarren helburu bat, ez dena berea soilik baina bereziki berea dena; lursail horiek hirigunetzat hartzea. Beharkizun biok behin hala edo nola beterik, nori eta Bizkaiko Foru Aldundiari saltzea omen da enpresaren asmoa.

Gobernu zentralak dagoneko Bizkaiko Foru Aldundiari eman omen dizkion berrogei milioiez zer izango ote den galdetu diogu geure buruari; hainbat hedabidek zabaldu dutenez, horiek Aldundiaren esku leudeke. Diru publiko horren erabileren artean Astilleros de Murueta enpresak gaur egun hartzen duen azalera kutsaturik baldin badago -MITECOk berak publikoki onarturik du hori-, langileek osasunerako hain arriskutsua den leku batean lan egiten jarraituko lukete; hor, besteak beste amiantoa dago. Teresa Ribera ministroari galdetuko diogu, baita ere, berrogei milioi horiez orain zer izango den ere, eta azken maniobra honen jakitun zegoen, edota dagoen. Arreta berezia jarri behar zaio trukada honi, badaezpada ere, susmo baitugu berrogei milioi horietako parteren bat ez ote litzatekeen Astilleros de Murueta SAren jabeen poltsikoetara joango.

Zain Dezagun Urdabairen iritziz, hau guzti hau alegazioetatik eta galderetatik haratago doa. Mahai gainean jarri du Urdaibaiko Guggenheim buru biko proiektuan parte hartzen duten eragileen erabateko opakutasuna, ezin baitute proiektuari buruzko azalpenik eman. Ontzi berriarena litzateke horren adibide. Urte biko epealdia hartu omen dute proiektuaren bideragarritasuna sakon aztertzeko. Antza denez, bideragarritasun hori jarduera luzatzea erabaki duen enpresa pribatu baten esku geratzen da, ez dakigu inplikatutako gainerako alderdien onespenarekin ala haren kasa.

Ohar honen bidez, Zain Dezagun Urdaibai bezala, agerian utzi nahi dugu gure kezka haurren jarreraz -Hau nirea da!- heldu diotenen horien plan ilunekin, eta espero gabeko gidoi biraketa honen ondorioekin. Batzuek idazten ari diren gidoia da, gainerakook kapituluka irentsi behar duguna, zinema beltzekoa izaten ari den pelikulan: familia-kontuak, dirua bidegabe erabiltzea, iruzurrak, pista faltsuak, azpijokoak, etab. Batu ditzagun indarrak eta mugi gaitezen. Film txar hau amaitu egin behar da.

Busturialdean, 2023ko martxoaren 15ean

ZDU

 


Comentarios