BERROGEGI MILIOI EURO SUNTSIKETAKO.

 

BERROGEGI MILIOI EURO SUNTSIKETAKO.

Ezustea, sinetsi ezina, amorrua eta mobilizaziorako deia.

Urdaibai Biosferako Erreserbaren garapen iraungarriaren aldeko zenbait ekimenek, besteak beste Urdaibairen eremuan beste Guggenheim bat egitearen aurka orain zenbait urte sortu zen Urdaibaietz, berriagoa den Guggenheim Urdaibai Stop Plataformak, eta dagoeneko historikotzat jo daitekeen Zain Dezagun Urdaibaik, gure ez ustean hartu gaitu Espainiako Gobernuak, eta zehazkiago Trantsizio Ekologikorako Ministroa eta hirugarren Presidente-ordea den Teresa Riberak, berrogei miloi euro eman izana, zertarako eta Guggenheim Urdaibai Turismo Mega-proiekturako, gogoan hartu gabe, itxura denez behintzat, horrek proiektu horrek UNESCOren M&B delakoaren baitan dagoen  Urdaibai Biosfera Erreserbaren suntsiketarako bidean lehen urratsa litzatekeela. Dena dela ez zaigu argi geratu diruok “soil soilik gune kutsatuak berreskuratzeko” diren ala bestetarako ere badiren. Batera izan nahiz bestera izan, esan beharko digu Teresa Riberak (PSOE) guneok zein diren eta nork kutsatu dituen, zeren eta esan ohi den bezala non zer nork kutsatu duen, horrexek deskutatsu behar du, beti ere gastuak bere lepotik. Bitartean eskubide osoa daukagu deskutsatze horren nondik norakoak  xehetasunez jakiteko. Horrekin batera badirudi Teresa Ribera ministro andreak ez dituela behar bezala ezagutzen mega-egitasmoa ezarri nahi duten eremuei eragiten dieten lege, itun eta jarraibideei buruzkoak, nahiz Erkidegoko mailakoak, nahiz Estatu mailakoa, nahiz, Europar Mailakoa, nahiz Mundu mailakoak. Halako hamaikatxo urratu behar dituzte asmoarekin aurrera eginez gero. Ez dakigu nola litekeen hau guzti hau bere buruari “aurrerazale” deritzon gobernu batek egitea.

Halaxe bada, paketea hala jaurti izana egiazki sinesgaitz egin zaigu, eta amorrua ere eragin digu. Nola liteke, galdetzen dugu, berrogei kiloko diru hori Estatuko Hauteskunde Nagusiak izateko egunak baino  falta ez direlarik jaurti izana, uraren ertzean Bizkaiko Foru Aldundiak batu dezan hain zuzen? Estatuaren Aurrekontu Orokorrak aurrera ateratzeko EAJk adostu zuen paketea omen da. Bere egin du antza Teresa Riberak  Euskaldun zintzoen baladetako leloa, zera, “emandako hitza, lege” delakoa.

Horiek horrela,  jaurti aditza eta pakete hitza erabiltzen ditugu, Madrileko Gorte Nagusietan Aitor Esteban EAJren eledunak, epikara joz, erabili duen “arrancar” eta antzeko terminoak  erabili dituela gogoan. Horrelakoak irakurrita, eta epikarekin jarraituz, pentsa liteke ba diruok Bizkaiko Aldundiaren uretara ekartzeko halako bataila bat izan dela, zeinetan garaile bizkaitar heroitsuak gertatu diren.  Bada, bedi garaitza-oihuak egiteko eskubidea. Haatik badirudi  Esteban jaunak ez dituela azken udal-hauteskundeetako datuak ezagutzen, eta ezagutzen baditu, eta baiezkoan gaude, ez dituela gogoan hartu nahi. Busturialdeako gehiengoa ez dago turismo mega-proiektu horren alde. Aditu besterik ez dauka hainbat hitzalditan esan dizkigutenak, bide batez esanda proiektuari buruzko jendaurreko bakarrak, eta non eta nolako kopuruz ikusten diren proiektuaren aurkako pankartak eta esloganak, horien artean mundu osoak ikusi duen gogoangarri hor, “Fuck Guggenheim”  zioena alegia, Frantziako Tourraren pasearen zenbait herritarrek erakutsia.

Bilbao Guggenheim Museoa Urdaibaira hedatzeko proiektua turismo mega-proiektua dela berariaz diogu, nahiz eta azkenean Eusko Jaurlaritzaren eledun eta Kultura Kontseilari Bingen Zupiriak “Museo-proiektua” terminoa erabili duen. Kultura hitza, beste baterako. Bide batez, guk besteok, herritar arruntok izan ezik sustatzaileak beste inork ezagutzen ez duen mega-egitasmo horrek aurreikusten omen dituen gune bietan, zer eta restaurante bana izatearen arrazoia zein den gure buruari galdetuta, ez zaigu kultura hitza etortzen.  Hala ere egitasmoaren nondik norakoaren argazkitzat balio lezake. Basque Culinary eta sasi-ingelesezko halakoez ahoraino gaude. Ez gara gargantuak, gu behintzat ez. Lotsa sentitzen dugu.

Busturialdea eskualde historikoa ez da geldi egongo, Zalditeriaren Zazpigarreneko zaldien apatzek zapaldu dezaten itxaroten. Beroa dator ura, uraren kudeaketa ere kendu dioten gure honetara.  Bada, dei egiten diegu Erreserbako biztanleei, euskal herritar orori, zalditeriaren turuta-hotsak gero eta gertua aditzen ari garen garai neketsuotan, aurre egiteko mega-egitasmoari. Arestik Ogellan (Busturialdea) zentral nuklear bat egite “enadari begiak etartzea” zitekeela esan bezala diogu, hemen mega-egitasmo hori gauzatzea arranoari begiak ateratzean pare litzatekeela.

Gurea defenda dezagun, bertoko taldeak kantatzen duenarekin bat, Urdaibai ez baitago salgai. Bide batez, Gernikan beste museo bat bertoko erakundeek eta bertoko baliabide hutsekin egiteko gaitasunik ez badago, mesedez, ez zikindu Gernika izena beste horrekin uztartuz. Bladi Oterok eskatu bezala eskatzen dugu hitza, eskatzen dugu bakera.

 

Eider Gotxi (Guggenheim Urdaibai Stop)

Edorta Jimenez (Urdaibaietz)

Erroxeli Ojinaga (Zain Dezagun Urdaibai)


Comentarios