Ramon Zallok; "Busturialdeak estrategia orokorra behar du, ez momentuko proiektuak”

 

RAMON ZALLO - Ekonomialaria eta informazio zientzietan doktorea

"Sektoreen arteko orekarik ez dago eta ekonomia integralak ez du funtzionatzen"

Gernika Gogoratuzekin batera, Busturialdearen gainbehera sozioekonomikoa aztertu eta irtenbideak proposatzen dituen liburua kaleratu du.

Pandemia hasi aurretik Busturialdeak bizi zituen arazo sozioekonomikoak aztertzen ditu Ramon Zalloren(Gernika-Lumo, 1948) liburuak: El declive economico de Busturialdea-Urdaibai: Dilemas y propuestas. Gernika Gogoratuz elkartearekin batera landutako lanak gainbeherari argi apur bat ere eman gura dio. Zallo Zuzenbidean eta Ekonomian lizentziaduna da, eta Informazio Zientzietan doktorea. Konpromiso sozialaz eta komunikabideetan egindako azterketez gain, politikari, kulturari eta komunikazioari buruzko hainbat liburu argitaratu ditu.

Busturialdean egoera larria da?
Bai, larria da, baina ez terminala. Autonomia erkidegoak dituen hogei eskualdeetatik hamazortzigarrena da barne produktu gordinari dagokionez, pertsonako. Langabezia tasari begiratuta, Bizkaiko 11 eskualdeetatik zortzigarrena da, eta orain dela 20 urte zituen lanpostu berak ditu. Lan eskaintza, beraz, ez da handitu. Gainera, aipatu behar da Bizkaiko populazioaren %4 bizi dela Busturialdean, baina Bizkaiko lanpostuen %3 daudela bertan. Horrez gain, barne arazoak ditu, eskualdean bertan desberdintasunak handiak dira, erkidegoko eskualdeetatik beste bik besterik ez baitituzte gureak baino desberdintasun handiagoak herrietako barne produktu gordinari dagokionez. Indikatzaile horiek kezka sortzen dute, eskualdea gainbeheran dagoela adierazten dutelako. Gainera, etorkizunari begirako proiekturik ez dago, sektoreen arteko orekarik ere ez eta pizgarriak izan daitezkeen ekimenak bultzatzeko kapital publiko edo pribaturik ez dago.

Busturialdea emankorra izan da. Nola heldu da egoera honetara?
Eskualdea bitan bereiztu beharko genuke. Bermeoaldeak bultzada izan zuen 90eko hamarkadatik aurrera, alturako arrantzak eta kontserberek izan duten garapenari esker. Kapitala prozesu produktiboetan inbertitu da, eta ondo joan da. Bermeoko barne-produktu gordina pertsonako Gernika-Lumokoa baino altuagoa da. Bermeon egoerari irtenbidea eman diote, baina egia da arriskutsua ere badela, oso espezializatua delako. Gernikaldean, aldiz, Maier kenduta, desindustrializazio eta deslokalizazio egoera da bizi dutena. Agerian dago 2008-2014 arteko krisiaren ostean ez duela lehengo jarduera eta lanpostu maila berreskuratu. 2019-2020 urteetan egoera hoberantz zihoan, baina pandemiak geldiarazi du. Eskualdeak, oro har, industriarako lurzoru gutxi ditu, eta geldialdi bat bizi du. 60ko eta 70eko hamarkadetan industria, eraikuntza eta zerbitzuen artean bazegoen oreka, nekazaritzaren kalterako. Hala ere, orain nekazaritzak funtzio batzuk berreskuratu ditu, zurgintzan eta laborantza espezializatuan, esaterako, eta arrantzak ere bultzada izan du. Baina nekazaritzan, oro har, ez da hazkunderik eman. Beraz, sektoreen arteko orekarik ez dago eta Busturialdeko ekonomia integralak ez du funtzionatzen.

Eta ezin daiteke oreka hori berreskuratu?
Gernikaldean kapital pribaturik ez dago, berunaren sasoian xaxatua izan zelako eta produkzioa beste leku batzuetara eraman zutelako. Beraz, proiektu berrietarako kapitalik ez dago, eta dagoena mantendu beharrean, bertatik alde egiten ari dira.

Zoru industriala falta da, baina industria egon izan da, eta itxita dauden arren, fabrikak eta industriaguneak egon badaude.
Hori berreskuratzeko zerbait egin izan da, baina falta dena da Gernika-Lumoko Ibarra berreskuratzea. Industria hondakinak dira han daudenak, eta lurzorua deskontaminatu behar da. Gainera, Muxikako industriagunearen aukera alternatiboak ere ez zuen aurrera egin, beraz, zorua izatea ez da nahikoa, proiektuak behar dira eta kapitala erakarri. Aipagarria da, baita, Europako Batasunaren Next Generation proiektutik Jaurlaritzak hartuko dituen 13.135 milioi euroetatik Busturialdera 5.702 milioi baino ez dituela bideratuko. Horietatik 208 milioi Guggenheim Gernika proiektura bideratuko ditu. Gainontzeko dirua Bermeoko kai-muturra konpontzera eta portuan hobekuntzak egitera, hondamendi naturalak ikertzeko Resina proiektura eta Aztik duen beste proiektu batera bideratuko da. Urdaibai berregokitzeko inbertsiorik ez da egingo, erreserba biosferarako proiekturik ez da jaso, eskualderako industria proiekturik ere ez. Guggenheim proiektua da dagoen bakarra, eta hori ez da eskualdearen aldeko apustua egitea. Arriskutsua da, Next Generation programaren baitako ekintzek hurrengo hamarkadarako inbertsio publikoa zehaztuko dutelako. Eskatu beharko genuke, gainera, Iberdrolak, Senerrek eta Repsolek energia berriztagarriei dagokienez dituzten zenbait proiektu eskualde honetara ekartzeko. Etorkizunera begirako proiektuak behar ditugu.

Pizgarriak izan daitezkeen ekimenak bultzatzeko kapitala behar da”
Busturialdeak estrategia orokorra behar du, ez momentuko proiektuak”

Jaurlaritzak 2008an diru sail bat zehaztu zuen Astran energia berriztagarriekin lotutako goi mailako ikasketen zentroa eraikitzeko.
Proiektu hori ez dute jaso legealdi honetan. Next Generation proiektuan bildu zitekeen, baina desagertu egin da. Jasota dago ikasketetan inbertsioak egitea, baina ez Busturialdean. Busturialdea leku oso egokia da graduondoko ikasketetarako edota ingurumenagaz lotutako ikasketetarako, adibidez. Baina ez dute ezer planteatzen, eskualde hau utzita dute.

Liburuan egoerari irtenbidea emateko proposamenak ere egiten dituzu. Zergatik ez da egiten?
Kapital pribaturik ez dago inbertsioetarako, eta instituzioek eskualde honekiko diagnostiko okerra egin dute. Lurraldeko Plan Partzialean Aldundiak Urdaibairi ematen dion izendapena zurgintza, arrantza, osasun zerbitzu eta turismora bideratutako gunearena da. Industria astunik ez dago, lehen sektoretik eratorritako industria besterik ez. Diagnostiko hori okerra da, Busturialdea oraindik ere industriagunea delako, gainbeheran dagoen arren. Bizkaian industriak %8 egin du behera, eta Busturialdean %11. Industriaren aldeko apusturik ez da egin, eta hori da Jaurlaritzak eta aldundiak industria jarduera industria astunarena bakarrik ulertzen duelako: metalgintza, burdingintza, industria kimikoa… Ez dute industria inmateriala kontuan hartzen, eta horrek badu lekua Busturialdean: ezagutzarena, ikerketa eta garapenarena, energia berriztagarriena… Interes falta dago, inbertsioak egiteko interes falta, diagnostiko okerra eta utzikeriaz gain.

 

Ekologia eta ekonomia uztartu beharko liratekeela diozu.
Bai, industria garbia behar da, kutsatzen ez duena, produkziora barik ezagutzara bideratuta dagoena, teknologikoa, berrikuntzara bideratuta edo osasungintzara, adibidez. Next Generationek osasungintza proiektuak ere biltzen ditu, baina iniziatiba bat ere ez da aurreikusi Busturialdean.

Bizkaiko Foru Aldundiak Busturialdean egin duen kudeaketa desegokia izan dela diozu. Zergatik?
70eko hamarkadan ezarritako ereduagaz konformatu delako. Frankismo garaiko diputazioak egin zuen eskualdearen diagnostikoak zioen funtzio osagarria zeukan industriarentzat eta zerbitzuentzat zela egokia, turismora bideratutako zerbitzuentzat. Eredu hori izan da instituzioek oinarri hartu dutena. Zegoen industria mantentzeko ahaleginak egin arren, errepide sarea ez da hobetu, eskualderako elkarrekin adostutako plan kolektiborik ez dago eta etorkizunerako diseinurik ez dago. Planifikazio estrategikorik ez da egon, eta egon direnak, Sollubeko eta Autzaganeko tunelak, kasurako, atzeratzen joan dira. Egia da krisi ekonomikoak bizi izan ditugula, baina beste eskualde batzuetan egin dituzte mota horretako inbertsioak. Gaur egun ere ikusi daiteke etorkizunera begirako apusturik sendoenak beste gune batzuetan egin dituztela; Zorrozaurre da horren adibide.

Instituzioek eskualde honekiko diagnostiko okerra egin dute”
Europako Funtsetatik Guggenheim proiektua da dagoen bakarra, eta hori ez da eskualdearen aldeko apustua egitea”

Zer behar da, beraz?
Plan integrala beharko litzateke lehen eta bigarren sektoreentzat; konpromiso publikoa eta pribatua eta gizarte eragileen eta sindikatuen parte hartzea. Batera jotze bat behar da.

Biosfera Erreserba izanda, Urdaibaiko Patronatuak arauak ditu, baina botere exekutatzailerik ez. Instituzioen koordinazio faltak nola eragin du?
Konpetentzia arazo bat da. Bakoitzak bere konpetentzia du baina, agian, horiek ere berrikusi beharko lirateke, gainjarri egiten direlako. Patronatuak funtzio exekutatzailea izan beharko luke, ez bakarrik aholkularia. Nolabait, egin ezin daitekeena zehaztu beharrean, nola egin beharko litzatekeen zehaztu beharko luke. Jarduerak debekatu beharrean bultzatu egin beharko lituzke. Baina horrek, seguraski, Lurralde Historikoen Legean aldaketaren bat eskatuko luke. Lehenego eta behin, argi izan beharko lukete eskualdearen etorkizuna nolakoa izatea gura duten.

Pandemiak zelan eragindu eskualdearen gaibeheran?
Batez ere, berreskuratzea atzeratu du. Azken urtea erabili zitekeen proiektu berriak pentsatzeko, baina ez da egin. Sozialki ere eragin negatiboa izan du: jendea ezin da batu, ezin du eztabaidatu, jardun kolektiborik ez da egon, guztiz desagertu da, gure etxeetan gotortu gara eta indibidualizaziora jo dugu. Geldialdi hau ez da baliatu beharko genukeen aldaketari buruz hausnartzeko, eta espero dezagun pandemia amaitzen denean benetako arazoak mahai gainera ateratzea. Liburu honek arazo horiek azaleratu nahi ditu, eta irtenbidea egon badagoela erakutsi. Bitartekoak behar dira.

Esan duzunez, pandemiak arazoak areagotu ditu. Nola aurreikusten duzu eskualdea etorkizunean?
Gauza positiboak ere baditu. Urdaibai leku pribilegiatua da: ikasketa maila Bizkaiko bataz bestekoa baino altuagoa da eta, beraz, kualifikatutako langileak ditu; esperientziadun zerbitzu sektorea dauka; populazioa berritzea ahalbidetu duen immigrazioa du; lanean dauden emakumeei dagokienez, erkidegoko tasarik altuena du, eta industriagunea ere badu, lehen sektorera bideratuta. Hala ere, kudeaketa zalantzazkoa da; adibidez, eukaliptoa nonahi landatu daitekeen beste biosfera erreserbarik ez dago mundu zabalean. Are gehiago, arriskuan jarri dezake biosfera erreserbaren izendapena. Era berean, Busturialdeak gizarte eta kultura sare zabala dauka, baina hori guzti hori izanda ere, ez da konpentsagarria bizi duen gainbeheragaz. Eskulana badugu, baina langile horiek hartzeko enpresarik ez. Ondorioz, egunero jende asko mugitu behar izaten da lanera joateko, horrek dakarren arriskuagaz, lo-hiri bihurtzearena, alegia.

Patronatuak jarduerak debekatu beharrean bultzatu egin beharko lituzke”
Eskulana badago, baina langile horiek hartzeko enpresarik ez dago”

Borondaterik ba al dago hori aldatzeko?
Borondatea da lehenengo eta behin behar dena. Eskualdean bizirik dauden indarrek ideiak partekatu behar dituzte irtenbideak bilatzeko, zein neurri behar diren ikusi, presioa egiteko, eta herritarren indar bateratu hori izan dadila instituzioak mugiaraziko dituena. Estrategia orokorra behar da, ez momentuko proiektuak. Eskualdeko arazoak sakonagoak dira, sektorialak. Eraikuntzak ere gainbehera izan du; espezializatua zena bost puntu jaitsi da.

Zure liburuak argitasuna jarri nahi dio egoera ilunari. Zein izan da azteketa hau egiteko arrazoia?
Behar pertsonal bati erantzuten dio. Ekonomialaria naiz, komunikazioaren eta kulturaren ekonomia izan da nire arloa, baina Busturialdeko egoera sozioekonomikoak kezka sortzen zidan. Beraz, datu estatistikoak bilduz, lagunekin hitz eginez eta telefono deiak eginez, eskema zehazten joan naiz. Indarguneak ikusi ditut eskualde honetan, eta nire ikuspuntua partekatu gura izan dut herritarrekin. Gernika Gogoratuzen proiektuagaz bat egiten zuen nire azterketak, eta haiekin argitaratu dut liburua. Espero dut herri mugimenduek azterketa hau bere egitea, nork bere alorrean txertatzeko eta proiektu aurrerakoi bat idazteko. Agintariek nola hartuko duten ikusteko dago, baina erabili ditudan datuak ofizialak dira. Liburua eskuetan, alderdi politikoekin batzea ere badut asmo.

Gatazkan dagoen lurraldea da Busturialdea?
Lurralde denak daude gatazkan. Hemen ere gizarte klaseak daude, genero desberdintasuna, agintzen dutenak eta men egiten dutenak… Arazo larriak daude. RGI hartzen dutenen kopuruak nabarmen egin du gora, baita langabezia tasak ere, bi puntutan. Errentari dagokionez ere desberdintasunak daude, eta desberdintasunak dauden heinean gatazkak sortzen dira. Hau ez da paradisua.

Comentarios