Ahoztar Zelaieta: "Zaldibarko gertaerak industria hondakinei buruzko eztabaidaren premia azaleratu du"

 

Argazkia: Txalaparta.

Zelaietak ‘Zaldibar. Zona cero’ liburua aurkeztuko du eguenean [azaroak 5], 19:00etan, Markina-Xemeingo kultur aretoan. Lekuak mugatuta daudenez, erreserba egin behar da, telefonoz deituta (645 00 63 12).


Zaldibarko zabortegiko ezbeharra gertatu eta berehala hasi zinen ikertzen?
Bai. Ni mallabitar baten semea naiz, eta auzia hurrekoa egiten zait. Ezbeharra gertatu eta gero, Administrazio publikoa informazioa ezkutatu nahian zebilela konturatu ginen, bai ni eta baita beste kazetari batzuk ere, eta hortik tiraka hasi ginen. Azken finean, beste kazetariek bezala, nik ere nire ekarpena egin nahi izan nuen.

Aurretik ere zabortegia ezagutzen zenuen?
Ez. Mallabikoa ezagutzen nuen, eta Zaldibarko zabortegiko jabeak ere bai. Dena dela, inguru horretako bizilagunei zabortegiek sortzen zizkieten kezken berri banuen.

Hasieratik zeneukan pentsatuta liburu bat argitaratzea?
Informazio asko argitaratu ondoren konturatu nintzen nire informazioa beste medio batzuetan ateratzen hasi zela; beste kazetariek ere arreta jarri zuten nire informazioan. Gainera, Zaldibar Argitu plataformako kideek ere esan zidaten informazio asko nuela, eta hori dena argitalpen batean jasotzea merezi zuela. Iritzi publikoarentzako informazio interesgarria zela iruditu zitzaidan.

Ikerketan sartuta, oztopo asko aurkitu dituzu?
Administrazio publikoak oztopoak ipini zituen beste kazetari batzuek eta oposizio politikoak egindako hainbat eskaera eta galderen aurrean. Gauza batzuk ez zituzten erantzuten, edo erantzun oso nahasgarriak ematen zituzten. Horrez gain, Zaldibar inguruan ibili nintzenean, auto bat nire atzetik ibili zen, eta nigaz hitz egiten ari zirenei arreta deitzen zieten.

Liburua irakurtzen duenak errudunak nortzuk diren jakingo duela diozu.
Alde batetik, epaitegietan zabalik dago erantzukizunak eskatzeko auzia, eta herri akusazioa ere aurkeztu da erantzukizunak eskatzeko. Nik, bide horretan, pista batzuk eman ditut, eta bakoitzak bere ondorioak atera beharko ditu, baita epaitegiak ere. Bestetik, gauza bat da egia juridikoa eta beste gauza bat egia soziala. Erantzukizun politikoak bilatzeko bidean, Legebiltzarrean ere atera da ikerketa bat egiteko eskaera, baina PSE-EEk eta EAJk atzera bota dute ikerketa politiko hori. Baina herri mobilizazioa ere hor dago, erantzukizunak eskatzen.

Administrazio publikoari presioa egiteko, presio sozialak ere lagunduko du, ezta?
Bai, baina nahiz eta baikortasunerako ebidentzia batzuk egon, behar-beharrezkoa da herri akusazioa eta Legebiltzarrean auzi honen inguruan argibideak eskatzen ari direnen arteko artikulazioa. Elkarlan hori beharrezkoa da: informazioa elkartrukatzea, adituen irizpideak entzutea… Horrek auzia argitzen eta epaitegietan zabaldu beharreko bideak zabaltzen lagunduko du. Eta horrek guztiak kazetarien laguntza ere beharko du, albisteak lehen lerroan jarraitzeko. Azken finean, ez da bakarrik Zaldibar. Auzitan jarri behar da hondakinen inguruan zer nolako kudeaketa dagoen, batez ere industria hondakinen inguruan. Orain arte eztabaida ekohondakinetan zentra-
tuta egon da, baina Zaldibarko ezbeharrak agerian utzi du eztabaida oso sakon bat garatu behar dela industria hondakinen inguruan eta zabortegien zaintzaren inguruan.

Hondakinen inguruan dagoen negozioaz ari zara?
Bai, eta gainera krisi garaietan negozio horiek sortzen dituzten gatazkak gero eta gehiago nabaritzen dira. Adibidez, zaharren egoitzak ere erakunde publikoarentzako sektore estrategikoak izan beharko lirateke, baina gaur egun, negozio bihurtu dira. 90eko hamarkadan zaharren egoitza gehienak publikoak ziren, eta, gaur egun, gehienak pribatuak dira. Are gehiago, zaharren egoitza publiko batzuk ere enpresa pribatuek kudeatzen dituzte. Pandemia garaian, hildako asko egon dira, eta sindikatuek ere hainbat salaketa egin dituzte, eta hor eztabaida bat zabaldu da. Ikusteko dago eztabaida hori zelan amaituko den.

Markina-Xemeingo aurkezpenak kutsu berezia edukiko du, ezta?
Zallan, Zaldibarren eta Elgetan ere egin ditut aurkezpenak, eta niretzako gogorragoa izan da. Kasu bera da Markina-Xemeingoa. Herri horietan, sentsibilitate handiagoa eduki behar da, eta aurkezpena beste modu batera egiten dut. Ez dut esan nahi okerrago, hobeto edo azkarrago egiten dudala, baizik eta beste sentsibilitate bategaz. Zallan, esaterako, Joaquin Beltranen senideak etorri ziren aurkezpenera. Pertsona horien zauria oraindik ere zabalik dagoela eta zu zauri horretan zabiltzala presente eduki behar duzu.

Baina ondo hartzen dute auzia bistaratzen jarraitzea?
Bai. Eta hain zuzen ere aurkezpenak Zallan eta Markina-Xemeinen ere egitearen arrazoietako bat hori da: senideekin kontaktu zuzena edukitzea eta haiei zuzenean informazioa helaraztea. Baina esandakoa, aurkezpena beste sentsibilitate bategaz egin behar da. Horrelako gai mardulak lantzean, pixka bat desdramatizatzeko joera daukat, baina leku batzuetan ez dut hori egiten, egoeraren jakitun naizelako. Profesionala naiz, baina lehendabizi pertsona naiz, eta sentsibilitate eta ardura hori eduki behar dut.

Zer nolako harrera ari da edukitzen liburua?
Egia esan, nik uste baino oihartzun handiagoa ari da edukitzen. Uste nuen Zaldibar Argituk prestatu zituen aurkezpenekin nahikoa lan edukiko nuela, eta ez nuen esperantza handirik beste aparteko herrietatik aurkezpenak egiteko deituko zidatenik. Orain, baina, urtarrilera arte agenda hitzorduz beteta daukat. Niretzako ezustekoa izan da Zalbidarretik hain urrun dauden herrietatik ere deitu izana. Hor konturatu naiz mobilizazioaren elkartasunak Zaldibar inguruko mugak gainditu dituela eta askoz haratago heldu dela.

Hori albiste ona da, ezta?
Alde batetik ona da, baina ardura ere bada. Horrek erakusten du jende asko dagoela gaian interesatuta. Eta jende hori guztia ondo informatuta eduki behar duzu. Horregatik, auzi honetan murgilduta dauden indar guztiak artikulatu egin behar dira, jende hori guztia ez zapuzteko.

Liburua argitaratuta, ikerketa amaitutzat ematen duzu?
Ez, ez. Ikertzen jarraitzen dut. Niretzako auzi hau ez da amaitzen liburuagaz. Oraindik bide asko daude zabalik. Eta baliteke bide berriren bat edo beste ere zabaltzea. Liburuaren bigarren ediziorik egongo balitz, ikerketan gaurkotu ditudan datu guztiak han sartuko nituzke.

Comentarios