Busturiako Udaleko Tokiko Batzordeari gutun irekia, txakur andaluz batek sinatua



Jaun-andreok:

2020ko berrogeialdiko lehenengo egunean, hau da, martxoaren 15ean, egunerokoa idazteari ekin nion. Hartako gai nagusia Nikolasa Atxikallende Iturri eta Sabino Arana Goiriren arteko maitasun harremanak da. Behin larrialdi egoeraren tarterik gogorrena gainditurik, gaiari buruzkoan idoro ditudanak jendartean zabaltzeko gogoa egin zitzaidan. Asmo horrekin bisitaldi gidatuak egitea pentsatu nuen. Euskaraz eta gaztelaniaz, hizkuntza bietan. Horretarako Zain Dezagun Urdaibai Auzoa Elkarteari laguntza eskatu nion.
Ekimenaren berri emateko, eta herritarrek non izena eman izan zezaten, kartelak egitea erabaki genuen. Halaxe, lehenengo bisitaldiak programatu nituen, ekainaren 12rako eta 13rako, bigarren hori San Antonio eguna.

Bisitaldiaren goiburua hurrengo zen: “Sabin eta Nikoleren maitasun lekuak”. Leku horiek, gaur egun, Busturiakoak dira batzuk, Sukarrietakoak beste batzuk; bi haien garaian denak ziren Sukarrietakoak. Dena dela, ni, horretan, ez naiz sartzen.

Egin zen lehenengo kartel diseinuan diseinatzaileak “Abiña, Sukarrieta” ipini zuen. Lehen momentuan diseinu hori whatsApp eta facebook sareetara igo zen. Errakuntzaz laster oharturik behingoan egin genuen zuzenketa. Hori bai, kartel horren garau bat bera ere ez zen hormetan jarri. Bat bera ere ez.

Hormetan jarri zen kartelaren ale bat nik neuk eroan nuen Busturiako udaletxera, azkena eroan dudan legez.

Hara non, baina, Busturiako Udalak idatzia helarazi dion ZDU Auzo Elkarteari, aste honexetan, esanez lehenik eta behin kartela berak esanda aldatu genuela. Bada, ez, jaun-andreok. Udaletxean norbaitek hormetan sekula ipini ez den kartela ikusi zuenerako zuzenduta zegoen, nik neuk diseinatzaileari deituta, eta sareen bidez zabalduta. Udaletxeko inork kartela ikusita zeukan ala ez zeukan jakin barik, nik neuk konpondu nuen. Hala da ze, okerra konponduta, badiot, udaletxera eroan nuen ordurako hormetan ipintzen ari nintzen kartela.

Bigarrenik, Udalaren idatzia “Tokiko Batzordeak aho batez” adostua dela irakurri dut, idatzian bertan. Horren ostean, sekula santan hormetan ipini ez den kartelaz dioenak harritu egin nau, harritu egin nauenez. Inork hormetan jarrita ezertara ere ikusi ezin izan duen kartelaren egilearen asmoaz aho batez diote “adar jotze eta probokaziotzat baino ezi dela jo”.

Azken hori irakurrita esan behar dudan lehena da aho horiek kontsideratu ez dutena jazo izan zitekeela kartelarekin, zera, “inprentako iratxoek” eskua sartu ezina. Kito! Ez adarra jotzeko asmorik ez probokaziorik.

Tira! Adarra jotzeko asmoa, ez dator bat bisitaldien asmoarekin, inondik ere. Berrogeialdian ezagutu dudan Nikole bihotzekoa ez nuke inori adarra jotzeko erabiliko. Busturiako Udaleko inor ez da bisitaldietara etorri eta, hori tamala, ez daki nik hartaz eta Sabinoz zer diodan.

Berriz, probokazioarena, zuztarrik gabeko argudioa da. Esanda nago: ohartu bezain laster zuzendu zen okerra.

Hori bai, esan egin behar dizuet idatzia aho batez adostu duzuenoi hormetan sekula santan ipini ez den zorioneko kartela probokaziotzat jo behar bada, badituzuela Busturiako udalerriko mugen artean zein kanpoan probokazio are larriagotzat jo daitezkeenak.

Esaterako, hortxe duzue Sukarrietako Udaletxeko balkoian ipinita dagon pankarta itzela, “Abiña Sukarrieta da” leloarekin. Ulertu behar da hori Sukarrietako agintariek ipini dutela. Ahoz batez izan denetz, ez dakit. Bada, herritar xumea naizen aldetik jakin nahi nuke horrekin ezer egiten ari ote diren aho batez Busturiako agintariak. Izan ere, bateko eta besteko alkateak EAJ/PNV alderdikoak dira eta, hitz egingo dute elkarrekin, ezta?

Probokazioekin segituz, hortxe dute, Abinagako komunen eraikinaren hormetan pintatuta “Abiña Sukarrieta da betirako”. Ez dut galdetuko pintada nork egin duen. Sekula hormetan jarri ez den kartela sinatuta zegoen behinik behin. Brotxa triste batekin eta pintura tanta batzuekin konpondu ahal den hori, noiztik dago hor?

Abinagako komunetako hormetan bada, baita ere, iragarki taula kristalez estalia eta giltzaz itxia, zeinetan Sukarrietako Udalaren iragarkiak ageri diren. Ez daukat hitzik.

Probokaziotik harago doala deritzot nik neuk Sukarrieta eta Busturia udalerriak bereizten dituen gune jakin batean jazoa. Erramona jatetxe historikoaren ondoan hain zuzen, metalezko egitura bat dago, lehen “Busturia” hitzaz eta udalerri horretako armarriaz hornitua edo apaindu zena, eta gaur egun ostera hezurdura huts dena. Nork suntsitu du Busturiaren jabetzako hori? Horren egilearen bila ari ote zarete, baiki, sekula santan hormetan ipini ez den kartel batengatik halako burukominak hartu dituzuenok?

Gogorarazi gura dizuet Busturiako Udalak bigarrenez ekin diola, gogor ekin ere, nire pertsonari, bigarren honetan ZDU Auzo Elkarteari zuzenduz izan bada ere; zeharkako bidez, esaten dena. Bestean zuzenagoa izan zen. Zetareoa berreskuratzeko lanetan ari ginela irratitik deitu zuten, eta euskaraz egiten zuen norbaitekin hitz egin nahi zutelako, neuk erantzun nien. “Busturia” esan beharreko lekuan “Sukarrieta” esan nuela eta, Busturiako Udal Batzak aho batez persona no grata egin ninduen. Irratira deituz konpon zitekeena, egin ere egin ohi den moduan eginez hain zuzen, halaxe konpondu uste izan zuten.

Ez zuten gogoan hartu Busturiako ondarearen alde egiten ari ginena, nire akats pertsonala baino. Ze ni mundakarra naiz eta, ezin iritsi Sukarrieta eta Busturiako mapa konplexuak gogoratzera.

Hori bai, Busturiara eroaten nituen ikasleak “Hemingway eta euskaldunak” gaiaren harira egiten nituen bisitaldietan, Txirapozu jauregia eta Uzelay artista ezagut zitzaten. Hain zuen ere, beste baten eta bion ahaleginari esker argitaratu zuen Urdaibai Txatxik artistaren biografia. Eta neure eta Javier Muñoz adiskidearen ahaleginari esker ipini dute hark egin zuen Duñabeitia eta Hemingwayren erretratua ikusgai Bilboko Arte Eder Museoan, sototik gora igonda. Nire aldetik ez legoke ondo esatea Hemingway’s Basque Route –Basque Tourrek sarean jarri duen ibilbidean- nire eskutik sartu dela Busturia baina, zer nahi duzuen ba, andaluzok –izan txakur zein izan pertsona- harrotxoak gara.

Dena dela ere itsusiagoa litzateke gogora ekartzea Busturian Bikingoak egon zirenetz argitzearren egin zen ikerketaren aurkezpenera agertu zen prentsako bakarra neu izan nintzela. Beraz, ahaztu hori ere.

Badakizue, Busturiako aho batezkook: adar jotzeko gogoaren eta probokaziorako joeran ondorioz izan dira horiek guztiak, zer esanik ez gogo eta joera horiek eraginik eroan ohi nituen urteetan eta urteetan neguko asteburuko kolonietako neska-mutilak udaletxearen osteko kobara, han Busturiako laminen kontuak eta ipuinak esatera, eta gero Ispilueta aldera jolastera. Izorratzearren, esaten dena, ze, zer besterik espero daiteke, ba, ni naizen txakur andaluzaren aldetik, zaunkak izan ezik?

Amaitzeko, eta Urdaibaiko Patafisika Eskolako kidea eta Patafisikaren Ikerketa Zentruko ikertzailea naizen aldetik, zorionak zuen ekintza hain perfektuki patafisikoarengatik. Ez da ez ahuntzaren gau erdiko eztula hormetan sekula ipini ez den harako kartel hargatik zuena bezalako idatzia, ekainaren 23an sinatua bera, eta nire oraingo zaunkak ilargiari. Zeozer bagara eta, gauden pozik.

Edorta Jimenez Ormaetxea
Mundaka, 2020ko uztailaren 11


Abinaga hondartzako Txiriringitoaren hormako pindada

Sukarrietako Udaletxeko Balkoiko pankarta

Erramonako Etxe ondoko kartela norbaitek apurtuta
 
Abinagako Txiringoearen fatxadan Sukarrietako Udal-Tabloia gaur

Comentarios

  1. Erramonako etxe ondoko kartela jarri dute jadanik Edorta. Berria eta dotorea. Busturiak merezi duena!

    ResponderEliminar

Publicar un comentario

Que para que una publicación tenga legitimidad estén seguros que publicaremos los comentarios, rectificaciones, respuestas y criticas que estén escritas con respeto a las normas de cortesía habituales, aunque sean contrarios a nuestra linea de pensamiento o a alguno de nuestros colaboradores.

Por lo contrario, en caso de que se lleguen a nuestro Blogg esos comentarios ilícitos o falsedades los eliminaremos de oficio en cuanto tengamos conocimiento de los mismos, para evitar del daño que pretende causar el autor de tales comentarios.