Foruko Frantziskotarren unitatean egiazko aldaketarik?

Foruko Frantziskotarren komentua

Foruko Udalak Frantziskotarren unitatean egindako aldaketen berri emango du

Pasadan eguestenean egin dute batzarra, 18:00etan, udaletxean. Parte hartu gura dutenek, joateko asmoa agertu beharko dute udaletxera deituta (94-625 51 80); izan ere, edukiera mugatua da.

 


Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) baitan, aldaketa bat egin behar du Foruko Udalak, UE-1 Frantziskotarrak unitatean, hain zuzen ere. Herritarrek aldaketa horien berri edukitzea gura du udalak, eta horretarako batzar bat egingo dute bihar. 18:00etan jarri dute hitzordua, udaletxean bertan.

Unitate bat izan arren, unitaterik “garrantzitsuena” dela dio Foruko alkate Mikel Magunazelaiak: “Etxebizitza kopuru handiena hartzen duen unitatea da eta herrigunean bertan dago. Gune horren garapenarekin herriak onura asko izango ditu, frontoia dago eta berdeguneak, besteak beste”.

Hiri Antolamendurako lehenengo planak, dorrea izan ezik gainontzekoa botatzea aurreikusten zuen, “etxebizitzak eta frontoia egiteko”. Eusko Jaurlaritzaren Ondare Saileko txosten batek, hala ere, Frantziskotarren komentua bere osotasunean mantentzeko gomendioa egin zuela dio alkateak. Modu horretan, gune horretarako beste antolamendu proposamen bat egin zuten, jaurlaritzaren gomendio hori bete aldera. Hala, udalak Frantziskotarren inguruko aditu baten azterketa historiko-artistikoa esleitu zuen 2019ko urtarrilean. “Eliza, dorrea eta komentua mantenduko da. Aurreikusten diren etxebizitzak lekuz aldatzen diren arren, kopurua mantendu egiten da eta ingurua ere bai”.

Biharko batzarrean, hortaz, herritarrek “gorabeheren” berri edukiko dute, eta gune horretarako proposatutako “irtenbideak” jakingo dituzte. HAPOren baitako UE-1 Frantziskotarrak guneari hasierako onarpena eman aurretik, herritarrekin batu gura du udalak; izan ere, hasieran, parte hartze prozesu “arrakastatsu” bat izan zuten HAPOgaz lotuta.

Batzarrean parte hartu gura dutenek, hala ere, joateko asmoa agertu beharko dute udaletxera deituta (94-625 51 80); izan ere, edukiera mugatua da. “Agertuko direnen izenak ematea ez da derrigorrezkoa, baina jakin beharra daukagu zenbat lagun agertuko diren. Interesa handia bada, agian, bi ordu jarri beharko ditugu”.
 

 

Comentarios