Busturiko Udalak San Kristobaleko plaza eta inguruak atondu ditu

Sam Kristobal auzoko plaza Oinezkoentzako gune bihurtu dute plaza eta ingurua eta herritarren erabilerarako bi aterpe egin dituzte; bata plazan bertan eta bestea baselizaren inguruan.

Lanen kostua, beharrezko lurren erosketa barne, 242.149,51 eurokoa izan da. Horiek egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailaren diru laguntza jaso du udalak, 46.852,80 euro, hain zuzen. Europak ematen dituen Leader laguntzak ere eskatu dituztela azaldu du alkateak, baina horren berri oraindik ez dutela eduki gaineratu du.

Plaza ondotik igarotzen den errepidea oinezkoentzat egokitu dute. Hala, plaza inguruagaz integratzea lortu dute, eta zabalera eman diote, oinezkoentzat erakargarriagoa eginez. Errepidea, gainera, plazaren altuera berean jarri dute. Enparantzak, orain, sarrera berria dauka, handiagoa, Zelaiondo erretiro etxearen ondoan. Gaur egun, San Kristobal auzora sartu eta plaza ikusten dela dio alkateak, “lehen ezkutatuta zegoen”. Plaza herrira ireki dutela dio.

Bestalde, plaza eta horren aurrean dagoen baseliza ingurua batzeko, oinezkoentzako gune bihurtu dute: “Horrek ez du esan gura autoak ezin direla hortik igaro, herritarrak bizi baitira. Hala ere, oinezkoek daukate lehentasuna”.

San Kristobal aterperik ez zeukan udalerriko auzo bakarra zela esan du alkateak, eta beharrezkoa ikusten zuten aterperen bat edukitzea. Egoki ikusten zuten baselizaren inguruan jartzea, eta lortu dute: “Baselizaren arduradunekin, URAgaz, Kosta Mugapeagaz, Urdaibaiko Patronatuagaz… harremanetan jarri ginen gure ideiaren berri emateko. Baselizak eraikin bat zeukan ondoan. Jausi egin zen, eta erreka ondoan dagoenez, URAk ez zion uzten eraikina berriro altxatzen. Hortaz, elizari 140 metro koadroko lursaila erosi diote estalitako gunea egiteko, hori egitea posible zen eta, erakundeen arabera”. Baseliza ondoan ere atontze lanak egin dituzte, plazagaz integratzeko eta zabalera emateko. Era berean, errekaren ondotik paseoan ibiltzeko aukera ere badago.

Plazan bertan beste aterpe bat ere jarri dute, eta azpian eserlekuak jartzea baino ez da falta; “berehala jarriko dira”. Estalguneak jaietarako jartzen duten agertokia bertan jartzeko aukera eskainiko duela azaldu du Aretxagak. Eserlekuen gainean kokatuko dute kontzertuetarako.

Bestalde, urekin zeukaten arazoa ere konpondu dute. Madariaga Dorretxetik San Kristobalera doan bidetik ur asko joaten zen, eta baseliza ondoko etxebizitzek arazoak zeuzkaten uragaz: “Hoditeria zaharkituta zegoen, eta apurtuta, zenbait lekutan”. Hortaz, lanekin plaza ondoko aldatsean euriteengatik jasotako ur jarioa kontrolatzea lortu dute. Jarioa banatuz eta antolatuz uraren indarra berbideratzea eta ur atxikipenak ekiditea lortu dela esan du alkateak.

Orain dela bi urte egin zituzten lehenengo faseko lanak. Plaza inguruko espaloiak konpontzeari ekin zioten orduan. Hango harlauzak apurtuta zeuden, zuhaitzen sustraien ondorioz. Beraz, arbola horiek kendu eta espaloia berritu zuten, leku libre gehiago utziz.

Plazako lurzorua ere aldatu zuten, ordura arteko lurra irristakorra eta arriskutsua zelako. Lauzekin osatzen zen lurzorua, eta horiek altxatu egiten ziren, “arriskua sortuz”. Horiek kendu eta inprimatzeko hormigoia bota zuten.

Gainera, zaborra biltzeko edota birziklatzeko edukiontziak tokiz aldatu zituzten, eta horientzako egindako gune batean kokatu zituzten, “ordena bat mantentzeko”.
San Kristobal auzoko plaza

Comentarios