Hemen Gaztelugatxe: S.O.S.!


Hemen Gaztelugatxe: S.O.S.!

Gaztelugatxe, Euskal Herriko bitxi bitxienetakoa, bakana eta ederra, arriskuan dago. Ikuskizun huts bihurtu gura dute, eta haren inguruak, bitxiak, ederrak eta bakanak haiek ere, antzoki bilakarazi. Eta harrigarria bada ere, sustrai-sustraiko eraldaketa suntsitzaile horren sustatzailea nor-eta Bizkaiko Foru Aldundia da, hots, bereak dituen eskumenengatik Gaztelugatxe eta inguruak jagon, zaindu eta iraunarazteaz arduratu beharko liratekeen erakundeetako lehenengoa, beti ere inguruko herriekin eta beste erakunde batzuekin batera.

Gaztelugatxe lekua da, eta denbora da. Denbora da Gaztelugatxe, mendez mende naturak, olatuek, haizeak landutako habia harrigarria. Lekua da Gaztelugatxe, denbora horretan inguruko bizidunen ekimenez eta neke-izerdiz moldatua, gaur den leku bitxi eta bakana izan dadin.

Natura eta ohiturak, azal ederra eta barru mamitsua, ingurukoen lantokia, pelegrinazio lekua, promes beteen ordaina, arrantzaleen harrizko itsasargia, hegaztien paradisua, bisitarien miragarria, gudetako borrokalekua... Inondik ere ez eszenatoki huts, are gutxiago antzoki. Eta antzokia diogu, horixe bilakarazten ari baitira inguru guztia aspaldion. Bertan, jendetzak eta jendetzak atsegin hartzeko, kapitalismo burugabeenaren gidoia da antzezten dena: autoz arrapaladan etorri, edonon eta edozertara aparkatu, eskailerak ukondokada igo, selfiak egin, kanpaia gortu arte jo, ahal dela harriren bat oroigarritzat ostu, korrika jaitsi eta ziztuan hurrengo teatrora joan, tartean gizaki orok ezinbestez egin behar dituen txizak eta kakak eginda beharbada.

Gaztelugatxek bizi izan ditu setioak eta erasoak, bizi izan ditu bateko eta besteko agintarien zabarkeria eta utzikeria, baina inoiz ere ez halako bonbardeorik, eta agintarien aldetik gaur egun datorkion mehatxuen adinakorik, kasik defendatzeko aukera barik gainera etorri zaizkiona.

Gaztelugatxeren beraren eta inguruen balioen kontatzea denboraren galtzea liteke. Areago, balio hitza bera ere balio barik geratzen da, egin gura dutenaren berri jakitean gu geu ere berba barik lotzear egon garen bezalaxe. Hitza da, ostera, gure lehen eskubidea. Hala bada, mintzo ozen hau zabaldu behar dugu: euskal herrietako jendeok, bil gaitezen eta defenda dezagun gure gaztelua eta defenda dezagun hura dagoen atxa, defenda dezagun zubia eta defenda ditzagun harriak; defenda ditzagun inguruak, jendeak eta herriak, arrainak eta txoriak, belarra, itsasoaren besteko bakea, eta haizearen bizitzeko arnasa. Adi beza Bizkaiko Foru Aldundiak gure aldarria, itsasoan ohi den moduan eginez, “Hemen Gaztelugatxe: S.O.S.!”

Salba dezagun Gaztelugatxe. Guk geuk. Herritarrok.

Alaine Agirre / Asel Luzarraga / Edorta Jimenez / Ekaitz Goienetxea / Irati Jimenez 

(Gaztelugatxe inguruko bost idazle)

Comentarios