Itsaso eta errekak garbi eta bizirik


  • Ekologistak Martxaneko Diosa Maat belaontzia Ondarroan izan da itsaso eta erreka osasuntsuen aldeko aldarrikapena egiteko.
  • Ondarroa 12 Milia elkarteko kideekin izan da arrantza jasangarriaren alde egiten duten lana ezagutzeko asmoz.
  • Mutriku Natur Taldearekin batera, Mijoa errekaren saneamendu falta salatu du eta gogorarazi iazko Bandera Beltzen txostenean agertu arren, oraindik orain konponbiderik gabe jarraitzen duela.

Euskal kostaldean egiten ari den kanpainaren barnean, Diosa Maat ontzia Ondarroan izan da. Ohi bezala, bertako arazoen berri izateko, bertako taldeen laguntza bilatu du eta oraingoan Ondarroa 12 Miliako partaide batzuekin izan da belaontziaren eskifaia. Hala bertatik bertara ezagutu ahal izan dute arrantza jasangarriaren aldeko beraien lana. Kezka azaldu dute arrantzaren etorkizunaz euskal kostaldean artisau arrantza galzorian ikusten dutelako industri arrantzaren mesedetan.

Ekologistak Martxanek bat egin du beraien aldarrikapenean “agintari politikoei eskatzen diegu artisau arrantzaren aldeko neurri eraginkorragoak hartzeko besteak beste europar Arrantza Politika Bateratuak 17. artikuluan dioen bezala, saritu dadin arrantza mota hau ingurumenean duen eragina txikiagoa den neurrian”. Gainera Ondarroa 12 Miliako kideek kezka azaldu dute “ez da soilik neurriak ez direla hartzen baizik eta daudenak ez direla ondo erabiltzen; adibidez 1994ko dekretua zeinetan inguraketa ontziei barne uretan aritzea debekatzen zitzaien artisau arrantzaren mesedetan eta arrainen egoera hobetzeko asmoz, hala ere praktikan inoiz ez da erabili urtez urte salbuespenak onartzen direlako eta inguraketa arrantza kostaldetik oso gertuko uretan ikustea oso ohikoa delako”. Are gehiago, ondokoa gehitu dute “legez kanpoko arrantza nahi baino ohikoagoa da gure portuetan besteak beste, azken aldian, marrazoekin ikusi dugun bezala eta beste arazo bat da, beste estatuetatik datozen ontzi batzuek egiten duten arrantza pelagikoa, bertan debekatua egon arren gure uretan aritzen dira eta gure portuetan lehorreratzen dute arraina baina lonjatik pasa gabe zuzenean kontserbetarako saltzen dute”. Azkenik, zenbaitetan lonjako salmenten datuak erabiliz, arrantza maila osasuntsua dela adierazi den arren, “gure kezka agertu nahi dugu gaur egun lehorreratzen den arrain kopuru handi bat Kantauriko beste herrialdeetako ontziek arrantzatutakoa delako eta bertako artisau arrantzaren desagerpen etengabea ezkutatzen duelako”.

Horretaz gain, Ekologistak Martxanek Ondarroako geldialdia erabili du, Mutriku Natur Taldearekin batera, Mijoako errekaren egoera salatzeko. Saneamendu faltak arazo handiak sortzen ditu erreka honetan eta ohikoak dira hildako arrainak agertzen diren uneak, hainbatetan administrazioari jakinarazitakoak. Hori dela eta, Ekologistak Martxanek 2018an Bandera Beltza eman zion erreka honi. “Beste behin Eusko Jaurlaritzari eta Ura Agentziari lehen bait lehen neurriak har ditzatela eskatzen diegu” adierazi dute bi taldeetako kideek. Mijoa erreka oso garrantzitsua da, besteak beste bertan babestutako bisoi europarra aurkitu izan delako, Eusko Jaurlaritzak bere plan berezian onartua duen bezala.

Belaontziak ekialderako bidaia jarraitu du hurrengo geldialdiak Getarian eta Donostian egiteko.

Comentarios