Euskan kostaldean bandera beltzak – 2019






2019ko uztailaren 22

Urtero bezala, kostaldearen egoerari buruzko txostena argitaratu dudu Ekologistak Martxan elkarteak. Bizkaiko eta Gipuzkoako hiru leku seinalatu ditu bandera beltzekin. Gipuzkoan, Zumaia ingurua: urrian ezagun egin zen bideo bat, non flyscharen ingurua plastikoz gainezka ageri zen. Bizkaian bi leku aipatu ditu bereziki. Horrelako txostenetan maiz ageri da horietako bat: Petronorren findegia, Muskizkoa. Bestea Getxoko portua da, bereziki uda garaian iristen diren gurutzaontziak. Talde ekologistak ohartarazi du garraiobide horrek kutsadura handia sortzen duela, eta Getxora urtez urte gehiago iristen direla, eta handiagoak. 50 bat ontzi aurten. 
 
Gipuzkoari dagokionez, beste arazo bat ere aipatu dute txostenean: portuetako egoera. Erakundeak «kudeaketa txarra» egiten ari direla salatu du Ekologistak Martxan-ek. Izan ere, ohartarazi du urte gutxian asko aldatzen ari dela portuetako paisaia: arrantzarako ontziak ez, aisialdikoak ari direla nagusitzen. Artisau eran aritzen diren arrantzaleei eusteko eskatu du elkarteak: «Bultzatu behar da ingurunean inpaktu txikia duen arrantza era, ekosistema sanoetan eta jokabide onekin egindakoa, eta elikadura burujabetza bermatuko duena».

Bandera beltz horiez aparte, aipamen berezia egin diote itsasoan gertatutako ezbehar bati. Martxoan, hondoratu egin zen Grande America ontzia Bizkaiko golkoan. Barruan 2.000 tona fuel zeramatzan, 2.100 ibilgailu eta gai arriskutsuak. Ekologistak Martxan-ek gogorarazi du horietako asko hondoratuta daudela oraindik ere, eta ondorio «birrintzaileak» dauzkatela itsasoan. «Erakundeek ez diote arretarik jarri».

Txosten osoa (gaztelaniaz): artikuloa eta PDFa

Comentarios