Axpe auzoko errekaren ibilgua hobetzeko lanak egingo dituzte

Euriteekin errekak gainezka egiteko arazoa dago.

Euriteekin batera ur jarioak gora egiten duenean, uholdeak gertatzeko arriskua egoten da.
 
Busturiko Udalak Axpe eta Amunategi auzoetatik igarotzen den Axpeko errekaren ibilgua eraberritu eta hobetzeko lanak egingo ditu. Izan ere, euriteekin batera auzoan “uholdeak gertatzeko arrisku handia” egoten da.
Hori ez gertatzeko, errekaren ibilgua aldatu, egokitu eta berriztatu egingo du udalak. Aitor Aretxaga alkateak adierazi duenez, Axpeko erreka “oso laburra eta aldapa handikoa” da. Ibaiak ur jario handia daramanean ur guztia batera jausi eta uholdeak eragiten ditu.

Gainera, erreka Axpe zeharkatzerakoan lurrazpitik doan eremu labur batetik igarotzen da, eta horrek ere hainbat arrisku sortu ahal dituela azaldu du alkateak.

Ez da erreka berberaren ibilgua egokitzeko lanak egiten dituzten lehen aldia. Izan ere, 2008an udalak obra batzuk egin zituen gunean. Horiek proiektu handiago baten lehen fasea izan ziren. Obren bigarren faseagaz 2010ean hasteko asmoa zuen udalak, baina horiek gauzatzea ezinezkoa izan zuten.
Aretxagaren berbetan, 2015etik proiektua berriz martxan jartzeko ahaleginetan aritu dira. Uraren Euskal Agentziagaz elkarlanean ibili ostean, “oraintsu” adostu dute akordioa, eta lanei buruzko gorabeherak zehazten dabiltzala dio alkateak. Hala izanik, 2010ean bertan behera geratu zen proiektua guztiz eraberritzea beharrezkoa dela ikusi dute, zaharkituta zegoen proiektua zelako.
Lurrazpitik. Egokitze lanekin, batzoki ondoan dagoen Kurtzio baseliza azpiko eremua hobetuko dute. Gune horretan hasten da errekaren lurrazpiko ibilbidea, arazo handienak eman ditzakeen tartea, hain zuzen ere.

Euriteekin batera handitutako erreka lurrazpira sartzean, garraiatu dezakeen ur jario handiak pasartea hondatu ahal duela azaldu du Aretxagak, eta baselizaren oinarriak kaltetu. Horren ondorioz, eraikina hondoratzeko arriskua dago, “oso arazo larria”, alkatearen ustez.

Obragaz, lurrazpitik doan tartea laburtu nahi dute, erreka kanpoaldetik gune luzeago batetik igarotzeko. Gainera, ibilgua bera handitu eta sendotu egingo dute, ahalik eta ur kantitate handiagoa igaro ahal izateko eta uriolen arriskuak murrizteko. Ibilgu ondoan dagoen lurra sendotzeko, landaredia jarriko dute, modu horretara gunearen hormak indartzeko, ibilgu begetala izeneko gunea sortuta.

Errekak daraman ibilbidea ere aldatuko dute. Izan ere, lurrazpitik doanean kurba gogorra hartzen duela ohartu dira, baseliza azpiko pasartearentzako arriskutsua dena.

Beraz, kurba hori leuntzeko lanak egingo dituzte, eta horrela urak hormen kontra jotzen dituen kolpeak gutxitzea lortu, segurtasuna hobetzeko helburuagaz.
Errege bidea jarraitzen zuen zubi zaharra.

Zubi zaharra. Ibilgua hobetzeko lanekin batera, gune berberan bigarren obra batzuk egingo dituztela azaldu du Aretxagak. Zehazki, obra horiek lurrazpiko zatia hasten den tokian, Gernika-Lumo eta Bermeo batzen zituen errege bidearen ibilbidea jarraitzen zuen zubi zaharra dagoen gunean burutuko dituzte.
Gaur egun zubi horren erdia estalita dago; izan ere, auzoa igarotzen duen errepide berriagaz bat egiten du zubiak.

Errekaren kanpoaldeko ibilbidea luzatzeagaz batera, zubi zaharra guztiz azaleratzea nahi du udalak. Hain lan delikatua aurrera eraman ahal izateko, lehenik eta behin Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Historikoko eta URAko kideekin batu dira udalekoak.
Batzar horietan, herritarrentzako eta udalarentzako “irtenbiderik egokiena” bilatzen aritu dira. Alkateak nabarmendu duenez, errepide berria albo batera igarotzea aztertzen ari dira. Modu horretara, horren eta zubi zaharraren artean gune libre bat geratuko da, zubi guztia begi bistan utzita.

Hori eginda, uriolen arazoei konponbidea aurkitu eta aldi berean zubi zaharraren balio historikoa nabarmenduko dutela adierazi du Aretxagak. Une honetan, udala aldundiko teknikoen txostenaren zain dago: “txosten hori URAko langileei bidaliko diegu, eta horrela proiektuaren inguruko balorazioa egingo dute; obrei hasiera nola eman edota aurrekontuak, adibidez”, dio alkateak.

 

Comentarios