Udazkenak Busturialden ?

Resultado de imagen de HOJAS OTOÑO URDAIBAI



Xabier Arana Eiguren

“Udazkena Busturialdean?” dokumentala plazaratu zen 1978. urtean. Filmean Busturialdeko bizia eta bizitza erakusten da, besteak beste, paisaia-dibertsitatea, gizarte-ohiturak eta aldaketak, itsasadarra portu industrial bihurtzeko Administrazioaren egitasmoa eta, oro har, lurraldea jasaten ari zen ingurumen-inpaktu negargarriak. Horien artean, pinuaren hedatze mugagabea landa-eremuan eta Eako paper-fabrikak itsasora isuritako orbanen irudiak ikusi ahal dira -interneten dago-; bits horixkak, bainua hartzen ari ginenon narrua granoz estaltzen zuen.

1983. urtean uholde handiak izan ziren Busturialden. Zerua hodei trinko beltzez bete zen abuztuan, udazken aroan, eta mendietatik basatza etorri zen ibaien ubideak gainez eginez. Basoen ordez pinu-landaketak zeuden, eta horien uzta batzeak uzten duen landaretzarik gabeko mortua ohikoa zen; segidan, hurrengo landaketa egiteko, lurzorua goldatu eta irauli egiten zen aldapa handietan. Ondorioz, urak ez zeukan baretzeko eta lurperatzeko modurik, eta libre etorri zen arroan behera, lupetza eta bidean tope egiten zuenaren guztiarekin. Kalteak izan ziren ugari; bestalde, hildakoak ezin izan ziren bueltan ekarri.

Sute handiak eta negargarriak “piztu” ziren 1989an, udagoieneko azken egunetan. Urdaibai biosfera-erreserbako legearen estreinaldi urtea zen. Azalera oso zabala kiskali zen artadiko basoan eta pinu- eta eukalipto-landaketetan. Ereñozar mendixkan erretako artadi kantauriarraren irudi tristea dugu oroimenean. Mendiak paletako gris koloreetan zeuden eta enbor belztuek maniki biluziak ziruditen. Hamaika baserri erre zen. Harrigarria bada ere, sua oraindino begietan, pinuak sukoiagoa den eukaliptoez ordezkatuak izan ziren; suteen ostean kostaldean eta, azken hamarkadetan, eskualde osoan.

Tartean, ura kutsatuta dago erreketan eta estuarioan, uholdeek kalte handiak eragin dituzte, ur gabezia nabaria da eskualdean -emari ekologikoa galdua dago, aspaldi-, baserriak itotzen ari dira zuhaitz-landaketen artean, suteak izan dira mendietan eta, baserriaren atzeraldiarekin bat, paisaiaren kalitate eszenikoa eta didaktikoa pobretzen joan da, salbuespenak salbu.

Orain, 2018ko udazkenean, urtarorik erakusten ez duten pinudi berdeek, kolore arrea jantzi dute. Pinuak marroixka eta gorrixka ikusten ditugu, eredu eta kudeaketa traketsaren ondorioz onddoek jota gaixotzen eta hiltzen ari direlako. Milaka eta milaka, azalera etengabean, Mundakako bokaletik Autzaganera doan Oka ibaiaren erresuman, hau da, biosfera-erreserban.

Arestian aipatu diren eskualdeko gertaera larriak, ez dira mugatzen udazkenera, urteko edozein urtarotan gerta litezkeelako. Gainera, klima-aldaketak fenomeno horien intentsitatea sakondu egingo du. Orduan, mendietan, jatorrizko basoetan oinarrituta, eta horiek gaurko beharrizanetara egokituz, lurraldearen natura-ondarea, aukeren aniztasuna eta erantzun-gaitasuna sendotu behar dira, bizia oro, pertsonen eta gizartearen onurarako.

Busturialdek bere historia itsasoko bits horixkatik, arlo guztietako eraldaketa sakonak bitarteko, mendietan dakusagun irudi nabarrera igaro du. Orain, Busturialdea-Urdaibai eskualdeak du bidea egiteke, kolore guztietako pertsonen, bizimoduen eta paisaien alde.

BIDEOA IKUSTEKO




Comentarios