SUKARRIETAKO BIZILAGUNAK “ABIÑA AUZOAREN GALERA” SALATZEKO BILDU DIRA

Sukarrietako bizilagunak udaletxe aurrean batu ziren protesta egiteko. Argazkia: Iñaki Biteri

EAJko ordezkariak Sabino Aranaren heriotzaren urteurreneko ekitaldia egiteko atzo Sukarrietan batu zirela aprobetxatuz egin zuten salaketa.

“Abiña Sukarrieta da!” aldarrikatuz, herriko udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin zuten herritarrek goizean. Azaldu zutenez, elkarretaratzeagaz beraien “ulertezintasuna” adierazi nahi izan zuten EAJko ordezkarien aurrean, herriko “sustraien galera” dela eta. Gainera, Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarraren presidenteari herritarren aldarrikapena biltzen zuen eskutitza eman ziotela nabarmendu dute.

“Abiña eta San Antonioren galerak gure nagusien artean eragin handia izan du, ulertezina egiten zaie argudio judizial batzuetan oinarrituta beraien identitatearen zati bat, beraien bizitzaren zati bat nola kendu zaien ikustea. Gainontzekoontzat ere ez da erraza ulertzea aisirako lekua izan dena, hazi zaren tokia, Sukarrieta deitu duzun horrek udalerriaren parte izateari utzi dion, non eta hemen, lurrari lotura sendoa diogun lurralde honetan”.

Azaldu zutenez, auzoaren jabegotasunaren inguruko prozesu judizialetan emandako urteak “luzeak” izan dira, eta horietan “aldaketa izugarriak” gertatu izan dira. Hartutako erabakiek herritarrei “instituzio judizial eta politikoetan konfiantza galtzera” eraman dietela salatu dute.

Hori dela eta, EAJri eta taldea ordezkatzen duten kargu publikoei foru arau berri bat egiteko eskaria egin zieten, “udalerriei beraien auzo historikoak bueltatzeko”, eta Sukarrietari “aurrera egin ahal izatea ahalbideratzeko”. Hori buruan izanda, “justizia berrezartzea, eta herriari bere historia eta duintasuna bueltatzea” aldarrikatu zuten Sukarrietako bizilagunek.

Comentarios