Danona Donea herri plataformak Mundaka Festivalaren aurkako sinadura bilketa jarri du martxan

Danona Donea herri plataformak Mundaka Festivalaren aurkako sinadura bilketa jarri du martxan



Plataformaren arduradunek azaldu dutenez, dagoeneko 200 sinadura inguru bildu dituzte.

Danona Donea herri plataforma Mundakako Santa Katalinan ospatzen den Mundaka Festivalaren aurka egiteko jaiotako taldea da, jaialdiaren arduradunek erakutsitako “gardentasun ezari” erantzuteko asmoagaz.

Urte honetako uztailean jaiotako plataforman herriko bizilagunek eta eskualdeko hainbat elkarte eta taldek parte hartzen dute: Urdaibaietz eta Zain Dezagun Urdaibaik, esate baterako.
Santa Katalina egunerako ekitaldia prestatzen ari dira. Argazkia: Danona Donea
Santa Katalinan batzartu ziren Danona Doneakoak baseliza inguruan ospatzen den jaialdiaren etorkizunari buruz eztabaidatzeko. Kideen berbetan oraindik datorren urteko jaialdia ospatu arte asko geratzen bada ere, “Mundaka Festival eredu oker baten gailurtxo ikusgarria” dela uste dute, eta horri aurre egiten jarraitzeko asmoa erakutsi dute.

“Datorren urtetik aurrera Mundaka Festival, edo Santa Katalinako ingurunea antzeko erara tratatzen duen edozein motatako egitasmoak bertan behera geratzea eskatzen dugu, gure herriko toki hori babesteko“. Hain zuzen ere, aipatutako sinadura bilketa jaialdia bertan behera uztea lortzeko jarri dute martxan. Jada herriko hainbat gunetan sinadura orriak banatu badituzte ere, “oso eskala txikian” ibili direla aitortu dute, eta etorkizunean jende gehiagorengana iritsi nahi dutela diote.

Udal eraikinetatik kanpo. Herriko gune publikoez gain, Mundakako Udalari eskaera orriak herriko zenbait udal eraikinetan jarri ahal izateko “eskaera formala” egin dutela azaldu dute herri plataformakoek: udaletxean bertan, ludotekan, gaztelekuan, turismo bulegoan eta liburutegian orriak jarri nahi izan dituzte .

Hala ere, “udalak eskaerari uko” egin diola salatu nahi izan dute, eta Danona Doneako kideentzat erabaki hori ulertezina da. “Herritar talde batek egindako eskaera zentzuduna dela uste dugu, demokrazia eskatzeko bide bat. Adibidez, Mundakako liburutegian sinatzeko orriak jartzeko aukera ukatzea ez da batere demokratikoa”.

Sinadura orriekin batera, datorren azaroaren 25ean ospatuko den Santa Katalina egunaz baliatuko dira. Jaialdia ospatzen den guneagaz lotura zuzena duen egun berezi hori aprobetxatuta, baselizan ekitaldi bat prestatuko dutela adierazi dute plataformakoek, horrela sinadura bilketa hedatzeko, bai herriko jendearen artean eta bai kanpotik datozen bisitarien artean ere.

Horren harira, herri plataformak egiten duen eskaria Mundakatik kanpora hedatzeko gogoa ere azpimarratu dute. “Mundakatik hasi gara, baina ez gara bertara mugatzen. Mundaka Festivalagaz gertatutakoa ez da herrian soilik ikusten ari garen gauza bat, toki askotan antzeko ereduak ikusten ari gara, gero eta gehiagotan. Horrek asko kezkatzen gaitu”, diote platafomaren arduradunek.

Modu horretara, bai Busturialdeko eta bai Bizkaiko hainbat herritan, sinadura orriak banatzeagaz batera “hitzaldi eta ekitaldiak” antolatuko dituztela eman du jakitera herri plataformak. “Bermeon, Gernikan edota Bilbon jaialdiak ekarri duen ereduaren inguruko hitzaldiak eta aurkezpenak egiteko prestatzen ari gara hitza zabaltzeko”, azaldu dute.

“Mundakan zer egiten ari garen jakitea nahi dugu, eta horrekin batera, gure pentsaera eta sentimenduekin bat egiten duten zonaldeko pertsonen iritzia jakitea bilatuko dugu”. Ekitaldi horiekin sinadura bilketa zabaltzea lortuko dutela uste dute, “toki publiko eta babestuetan ekitaldi pribatuak antolatzearen aurka egin ahal izateko”.

Espediente irekiera Eusko Jaurlaritzatik. Zain Dezagun Urdaibai auzo elkarteko arduradunek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak, Uraren Euskal Agentziaren bidez, espedientea ireki du Mundaka Festivaleko instalazioek ez zutelako Kosta Legea errespetatzen. Espediente irekiera elkarteak berak, Danona Donea herri plataformagaz batera egindako salaketaren ondorioz izan dela adierazi dute arduradunek.


Jaialdiak kosta legea betetzen ez zuela salatu dute. Esaterako, eszenatokia labarrarren ondoan kokatuta zegoela azaldu dute.

Araudiaren arabera, itsasoaren eta jaialdiko eremuaren artean gutxienez hiru metroko distantzia egon beharko luke. Herriko taldeak ez dela horrela izan adierazi zuen, salaketa Mundakako Udalari, Euskadiko Itsasbazter Mugaketen sailari, Urdaibaiko patronatuari eta URAri bidalita.

Azken hori izan da salaketari erantzun dion bakarra, eta era horretara, agentziak espedientea ireki duela ziurtatu dio elkarteari. Salaketan azaltzen dutenez, besteak beste, “eszenatokia kostako labarraren mugan kokatuta zegoen, instalazioak legez kanpokoak bilakatuz”.

Horri gehituta, baselizaren atzean kokatuta zegoen gunearengatik ere kexatu dira. Nabarmendu dutenez, aipatutako gunea “hondoratzen ari da”, eta jaialdian ezarritako karpak eta altzairuek, jendeagaz batera, “oso kaltegarriak” izan daitezke Santa Katalinarentzat.

Comentarios