"Legez kanpoko beste pista bat" egiten hastear dira Aralarren


Ingurumena

Eniriotik Igaratzara egingo dute, horretarako gaur egun dagoen oinezko pasabide estu bat baliatuz. Modu horretan, Aralar zeharkatuko duen autoentzako bidea irekiko dute Gipuzkoa eta Nafarroa artean, ekologistek salatu dutenez.

Pista bihurtu nahi duten bidezidorra. /
Pista bihurtu nahi duten bidezidorra. / Iñaki Gurrutxaga/Goierriko Hitza
2018ko irailak 14 

Aralarren bigarren pista bat egiten hastera doaz, Eguzkik aste honetan jakitera eman duenez. Enirio-Aralar mankomunitateak uztailaren 30ean ezohiko batzar batera deitu zuen, eta han onartu zuten Enirio Igaratza pistaren kontratazio plegua. Makinak igotzen hasiak dira. Pista Eniriotik Igaratzara joango da, eta, hori egiteko, oinezko bide bat baliatuko du Enirio-Aralarreko Mankomunitateak. Aralar Bizirik-ek salatu du bidezidor bat dagoen lekuan hiru metroko pista egin nahi dutela eta Aralarko artzainek erabiltzen zuten bide historikok bat suntsituko dutela, interes arkeologikoari jaramonik egin gabe.

Aralar Bizirik-ek gogoratu du inguru hori babestuta dagoela eta legearen kontrakoa dela egitera doazen pista. Gainera, salatu du azpiegitura plan orokorrik ez duela aurkeztu aldundiak, eta flora eta fauna babestua ez dela aintzat hartu. Interes berezikotzat izendatutako espezieak botako dituzte; haginak eta gorostiak, adibidez. "Beste behin ere abeltzainen interesak soilik hartu dira kontuan. Mendizale, zientzialari eta kontserbazionistek ez dute ahotsik". Aralar Bizirik-ek dio beste mota bateko hobekuntzak ez direla aztertu eta egon badaudela ingurumenean kalte txikiagoa eragingo luketenak.

Abaltzisketa (independentea), Altzaga (independentea), Amezketa (EH Bildu), Arama (independentea), Beasain (EAJ), Lazkao (EAJ) eta Ordiziako (EAJ) ordezkarien botoekin onartu zuten bigarren pista egitea. EH Bilduko Ikaztegieta, Itsasondo eta Zaldibiako ordezkariek eta Balaiarraingo independenteak aurka bozkatu zuten. Ataun, Legorreta eta Orendaingo EH Bilduko ordezkariak ez ziren batzarrean izan; Ataungoa amaieran iritsi zen, eta Gaintzako independentea ere ez zen izan.

Eguzkik esan duenez, lehen pista egiteko auzia, Intsentsao eta Goriskintxu artekoa, auzitegietan dago, eta Gipuzkoako Aldundiko Mendi eta Natura eta Ingurumeneko diputatua, auzipetuta. Lehen pistaren gaia auzitegietan egonik, bigarrena egiteko baimena ematea salatu du. Ardura EH Bilduri egotzi dio bereziki, Enirio-Aralar Mankomunitatean gehiengoa duelako. Uztailaren 30eko bileran, Bilduko batzuen botoak "erabakigarriak" izan zirela salatu du Eguzkik. Azaldu dutenez, 18.000 metro koadroko eremuan lur mugimenduak eragingo dituzte, eta eremu hori herri lurretan dago.

Eguzkik salatu duenez, "orain arte EAJ izan da" Aralar, Aizkorri-Aratz eta beste eremu babestu batzuen artifizializazioa bultzatu duena, baina orain EH Bilduk "jauzi handi bat" egin duela gehitu du, "lurraldea gehiago suntsitzeko norabidean, EAJrekin batera". Horregatik, EH Bilduri eskatu dio erabakia zuzentzeko eta Aralarko Parke Naturalaren artifizializaioa areagotzeko proiektuei uko egiteko.

Comentarios