EAEko hirigintza proiektuek aztertu egin beharko dute hizkuntza eragina


Hirigintzak udalerri askotan izan du eragina euskararen egoeran. Irudian, Elduain.
Hirigintzak udalerri askotan izan du eragina euskararen egoeran. Irudian, Elduain. M. UGARTEMENDIA / TOLOSALDEKO ATARIA

Udal legearen garapen gisara, Eusko Jaurlaritza hizkuntza politikari buruzko dekretu bat egiten ari da. Udal langileen erabilera arautu nahi du gobernuak, EGA maila dutenek euskaraz lan egitea ezarrita

 

2018ko irailak 14

Hirigintza proiektuak onartu aurretik, aztertu egin beharko dute nolako eragina izango duten euskararen egoeran. Eusko Jaurlaritza dekretu bat prestatzen ari da EAEko udal legea garatzeko, eta eragin linguistikoaren ebaluazioa egiteko obligazioa txertatuko du udalen jardun eremuan. Azken urteetako ikerketek erakutsi dute zuzeneko lotura dagoela hirigintza ereduaren eta arnasguneetan izandako galeraren artean. Horri aurre egiteko, hain justu, proiektu bakoitzaren eragina neurtuko dute, eta neurriak proposatu.

Dekretu horren bitartez zehaztuko dute zein izango den udalen jardun esparrua hizkuntza politikaren arloan; izan ere, udal legeak euskara sustatzeko eskumena eman zien. Jaurlaritzak horretarako jarraibideak emango ditu dekretuan. BERRIAk eskuratutako proposamenaren arabera, gobernuak orain arte hartu gabeko neurriak jarriko ditu mahai gainean: udal beharginek zein hizkuntzatan aritu behar duten lanean, dekretuak dio hirugarren eskakizuna badutenek —EGAren maila— euskaraz jardun behar dutela.

EAJren eta EH Bilduren akordioarekin onartu zuten udal legea 2016an. Hizkuntza politikari buruzko puntu interesgarriak ditu. Besteak beste, aldaketa ekarri zuen elebitasun ereduan: «berezko hizkuntza» gisa hartu zuten euskara, eta haren «erabilera normala eta orokorra» ezarri. Euskara lehenesteko modua jarri nahi dute formulazio horrekin.

EUSKARA LEHENESTEA

Euskara planak udaletan

Hizkuntza politikarako eskumena jaso dute udalek, eta «hizkuntza propioaren aldeko ekintza argiak» egin beharko dituzte. Euskara lehenesteko hainbat neurri jasoko dituzte dekretuan: lehen hitza euskaraz egitea, argitalpenak eta publizitatea «gutxienez» euskaraz egitea... Alegia, modua jarriko dute erabat euskaraz egiteko, baina ez gaztelania hutsez. Izan ere, udal legearen berritasuna da hori: elebitasun simetrikoa gainditzea, dena bi hizkuntzatan egin beharrik ez izatea.

Lehentasun irizpide horiek gorabehera, udal bakoitzaren esku geratuko da irizpideak zehaztea, «bakoitzaren egoera soziolinguistikoa» kontuan hartuta. Aurrerabidea, bai, eskatuko diete: «gero eta gehiago» erabiltzea, eta «neurriak eta baliabideak» jartzea. Udalek euskara plan bat eduki beharko dute.

LANGILEAK

Eskakizuna eta erabilera

Berritasun handia da beharginen hizkuntza erabilerarekin lotutakoa: hizkuntza gaitasuna eta erabilera lotu dituzte. Hara: «Langileek lanpostuari nahitaez esleitutako hirugarren edo laugarren hizkuntza eskakizuna egiaztatu baldin badute, euskaraz jardungo dute, ahoz zein idatziz, toki erakunde bakoitzak onartu duen planean horri buruz ezarrita dagoenarekin bat etorrita». Eusko Jaurlaritza ematen ari den mezuarekin bat dator hori: euskara plan berrian txertatu dute euskara derrigorrezkoa den postuetan langileak prest egon behar duela euskaraz lan egiteko, eta Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak hala esan du BERRIAn aurten: «Hizkuntza eskubideak bete nahi baditugu, derrigor lan egin behar da euskaraz». Ikusi beharko da nolako eragina izango duten udal bakoitzeko egoerak eta onartutako planek.

Jaurlaritza beste arau bat ere ari da prestatzen: administrazioetako erabilera arautzeko dekretua. Uste izatekoa da norabide bereko berritasunak sartuko dituztela; ez dute zirriborrorik zabaldu.

HAUTETSIAK

Ulermenaren muga

Langileen aldean, neurri arinagoak ageri dira hautetsiei dagokienez: sustapen politikak. Adibidez, udalek «hautetsien ahozko eta idatzizko gaitasuna» sustatzea. Bilerak euskaraz egiteko aukera jasoko dute dekretuan, baina, horretarako, denek gutxienez ulertu egin beharko dute euskara. Berdin gertatzen da itzulpenei dagokienez: dekretuak dio «arrazionalizatu» egin behar dela, etengabe itzulpenetara jo gabe. Muga berbera ageri da berriro, ordea: ulermena. Agiriak ez dituzte itzuli beharko baldin eta udalbatzako kide guztiek «dokumentu horiek ulertzeko euskara gaitasuna» baldin badute. Finean, hautetsien ezagutzaren araberakoa izango da arlo horren garapena.

HERRITARRAK

Hautua bermatzea

Dekretuaren arabera, herritarraren hautua izango da hizkuntza erabiltzeko oinarria: harremana zer hizkuntzatan eduki nahi duten, hori bermatu beharko dute udalek. Herritarrekiko harremanetan ere hartu beharko dituzte euskara lehenesteko neurriak —lehen hitza euskaraz egitea, adibidez—, baina haren nahira egokitu beharko dute ondoren. Hautu hori bermatzeari dagokionez, badago neurri zehatz bat: datu baseetan jasotzea herritarrek zein hizkuntzatan eduki nahi dituzten harremanak. Gogoan izatekoa da Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko agintaldian onartu zuela neurri hori, eta oposizioko talde batzuek kontra egin zutela, «herritarrak sailkatzea» zelakoan.

KONTRATU PUBLIKOAK

Udalen obligazio berbera

Herritarren hizkuntza eskubideak bermatze aldera, udalek hizkuntza klausulak ezarri beharko dituzte kontratu publikoetan. Oinarria hau da: zerbitzu hori udalak berak emango lukeen baldintza berberetan eskaini behar du kontratatutako enpresak. Alegia, kontratu publikoak lortzen dituzten enpresek bermatu beharko dute zerbitzua herritarrek aukeratutako hizkuntzan ematea, eta, horretarako, langile euskaldunak hartu dituztela egiaztatu beharko dute. «Hizkuntza eskakizunak behin eta berriro urratzen badira, kontratua suntsiaraztea ekar lezake». Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak hainbat udalen kontra jo zuen kontratu publikoetan hizkuntza irizpideak jarri zituztelako.

HIZKUNTZA ERAGINA

ELE oinarri hartuta

Azpiegitura proiektuak onartzerako, ingurumenean izango duten eragina aztertzen dute, eta kalteak arintzeko neurriak proposatzen. Aurrerantzean, gisa bereko azterketa bat egin beharko dute hizkuntzari dagokionez ere. Udal legearen berritasunik handienetako bat izan zen hori, eta orain ari dira prozesua zehazten. Badago oinarri bat: ELE Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa egiteko tresna. Diseinatua dago eredu bat —Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak landu zuten—, eta hainbat lekutan probatu dute. Hori hartu du Eusko Jaurlaritzak dekreturako oinarri modura.

Era bateko eta besteko proiektuek egin beharko dute hizkuntza eraginaren azterketa: hiri antolamenduko planek, turismo planek, garraio azpiegiturek, merkataritza gune handiek, industrialdeek... «Udalerrien egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen» proiektu eta plan guztiek. Sustatzaileak, proiektua egin nahi duen enpresak, aurkeztu beharko du hizkuntza eraginaren ebaluazioa, eta udalak onartu beharko dio. Neurriak ere proposatu beharko dituzte kalteak aurreikusiz gero: «Euskararen erabileraren normalizazioaren gaineko ondorio kaltegarriak prebenitzeko, zuzentzeko eta, hala dagokionean, konpentsatzeko ezarri beharko liratekeen baldintza eta neurriak».

Orain arte, udalerri euskaldunetan egin dituzte eragin linguistikoari buruzko azterketak, arnasguneetan: asko herri txikiak dira, eta halako proiektuek eragin handia dute haiengan. Dekretuarekin, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerriek neurriak hartzeko aukera izango dute.

Konpondutakoak eta konpontzekoak

Comentarios