Urdaibaietz. BILERAREN BERRI EMONA


 

Urdaibaietz. Astran 2018ko apirilaren 16an

Astelehen honetan, apirilaren 16an, Urdaibaietz-ek (gure kultura eta naturaren defentsarako plataforma) deituta, hainbat herritarrok beste batzar ireki bat egin genuen Astran, joan den martxoaren 26an egindakoari jarraipena emanez.

Aurrekoan bereziki Guggenheim II proiektuan zentratu baginen, orain beste gai batzuk landu ditugu.

Lehenik, Gaztelugatxen Aldundiak duen proiektuari dagokionez, zalantzan ipini ditugu Aste Santuan bertaratu ei ziren bisitari kopuruen inguruko datuak. Hasteko, iturri ofizialek adierazi dituzten 41.000 bisitariren zifra sinesgaitza da; eta, bestetik, argi dugu Aldundiak kopurua puzten duela bere plana justifikatzeko. Gainera, turisten kopurua gora joan arren, ez da justifikatzen azpiegitura erraldoiak egitea, epe laburrerako proiektua delako. Gaztelugatxerako bisita VIP moduko atrakzio bezala saldu nahi dute; baina, zer gertatuko da urte gutxi batzuk barru "Juego de Tronos"-en oihartzuna eta moda pasatuko denean? Gure ustez, turismoa jarduera ekonomiko eta sozial interesgarria izan daiteke (ez gara 'turismofoboak'), baina ez edozelakoa. Eta jarduera horren arrakasta ezin da oinarritu turisten etorrera masiboan, bertako balio kultural eta naturalak errespetatu barik. Beste turismo eredu bat nahi dugu, jasangarria; hau da, ekonomia lokalaren garapena modu iraunkorrean bultza dezala, aniztasun eta sormen kulturala eta balio naturalak babes ditzala eta giza eta ekosistema ongizatea berma dezala.

Bigarrenik, beste premiazko gai bat Foruko Frantzizkotarren Komentuen hondamena dugu. Bertan etxebizitzak eraiki nahi dituzte, eta ez dugu onartuko eraikin horren desagerpenaren mehatxua. Berriro ere EAJ espekulazioaren eskutik dabil, interes publikoaren gainetik. Gure helburua Busturialdeko ondarea defendatzea da, eta ez gara geldirik geratuko. Mozorroa kenduko diegu.

Bukatzeko, Mapa Bisual bat egitea erabaki dugu batzarrean, bertan irudikatzeko Urdaibain ematen ari diren ingurumen eta gizarteko arazoak.

Comentarios