Urdaibaiko Biosfera Erreserba; Garapen iraunkorraren ereduaren bila


Garapen iraunkorraren ereduaren bila


BIZKAIKO HITZA Natalia Salazar Orbe

Bide laburra egin du Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Kudeaketa eta Erabilera Zuzentzeko Planak. Joan den irailean berretsi zuen jardunean zegoen Jaurlaritzak, eta oraintsu atzera bota du Eusko Legebiltzarrak. Talde ekologistek eta hainbat herritarrek osatutako Urdaibaietz plataformaren argudioei arrazoia eman, eta Jaurlaritzari eskatu diote berriz aztertuta proiektu berria aurkez dezan. Aho batez egin dute eskaera. Munduan barrena izendatuta dauden 631 biosfera erreserbetako bat da Urdaibai. Busturialdean kokatuta, Euskal Herriko hezegunerik garrantzitsuena du barruan. Duen balio ekologikoari erreparatuta izendatu zuen Unescok biosferaren erreserba. 1986a zen. Handik hiru urtera, Eusko Jaurlaritzak erreserba antolatzeko eta babesteko legea onartu zuen. Lege horrek Urdaibairen garapen iraunkorra bermatzeko neurriak aurreikusten ditu. Hura kudeatzeko hainbat tresna sortu ziren. Besteak beste, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren kudeaketa eta Erabilera Zuzentzeko Plana. Hamar urtean behin eraberritu eta egokitu behar da. Jaurlaritzak iaz onartu zuen plan horrek polemika handia sortu zuen talde ekologisten artean. Urdaibaietz plataforma sinetsita dago interes batzuei erantzuteko asmoz presaka onartu zutela. Plataformako kidea da Alfonso Caño: “Espekulatzaile batzuek lortu dute euren irizpideak markatzea landa eremuan”. Hain zuzen, salatu duenez, aldatu egin dituzte legeak babesten zituen hainbat eremu. “Eremu horiek eraldatuta, aurreko planak baimentzen ez zituen erabilera batzuk baimentzen ditu berriak. Horrek presio gehiago egingo du babes bereziko guneetan”. Artadi kantauriarrak, hezeguneak, kostaldea eta interes arkeologikoko guneei buruz ari da.

Helegite bat ere aurkeztu zuen Urdaibaietz plataformak. Epaitegiek onartu zuten. Bere bidea egiten ari da. Beste alde batetik jo zuten Eusko Legebiltzarrera, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdien eskutik legez besteko proposamena aurkezteko bidea zabalduz. Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen proposamena ekainaren 22an plan hori atzera bota eta berri bat eratzeko eskatzeko. Caño pozik azaldu da erabakiarekin. “Legeak ezarritako lerro batzuk gainditu ditu planak. Haren bidez, ez dira bermatzen garapen iraunkorra bultzatzeko bete beharreko oinarriak”. Planaren lanketa egiteko konpromisoa jaso dute. Datozen egunetan egingo dute bilkura monografikoa Urdaibaiko Patronatuan gai horri buruz eztabaidatzeko. Ez daki bilerak zein emaitza izango duen. Ikusteko dago erakundeak planaren hausnarketa integrala edo puntu zehatz batzuen aldaketa besterik ez duen bultzatuko.

Arrazoi nagusi bat egon da hainbat talde ekologistek eta herritarrek osatutako plataformak helegitea aurkezteko. Plan berria onartzeko beharrezkoa da natur baliabideen antolamendurako plana eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egitea. Hala ezartzen du legeak. Eta onartutako plana eratzeko ez zuten egin horrelakorik. “Gainera, planak jasotzen dituen aldaketak justifikatu egin behar dira. Alegia, babesa kentzen badiote lurraldeko eremu bati, arrazoitu egin behar dute zergatik hartu duten erabaki hori. Posible da babes hori kentzeko arrazoiak egotea, gerta baitaiteke lehenago zituen baliabide naturalak galdu izana. Baina azterketa egin behar da”. Hori ez egiteaz gain, aldaketa sakonak egin dituztela salatu du: “Lehen oso baimen murritzak onartzen ziren lekuetan, orain industria, hotelak eta bestelako zerbitzuak jar daitezke”.

Oraingoz indarrean jarraitzen duen planaren helburua argia zen, hura onartu zutenen arabera: berrikusketa hark gaur egungo egoerara egokitzeko xedea zuen, kontuan hartuta egoera sozioekonomikoa eta ingurumen araudia aldatu egin direla.

Sarri asko, ekologistei garapenaren aurka egitea leporatzen diete. Cañok argitu du ez dutela egiten horrelako planteamendurik: “Urdaibain 45.000 biztanle inguru bizi gara, eta hainbat zerbitzu behar ditugu; gasolindegiak eta denetarik. Jakitun gara. Kontua da hausnartzea non eta nola kokatu zerbitzu horiek”. Izan ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Kudeaketa eta Erabilera Zuzentzeko Plana ez da babeserako neurri bat soilik. Kudeaketa zelan egin behar den ere markatzen du. Hain zuzen, iraunkortasuna ardatz hartuta, urbanizatu ezin diren eremuetan gara daitezkeen jarduerak arautzen ditu.

Zer-nolako eredua nagusitu behar da Urdaibain? Horra hor gakoa. Turismoa erakarrita zerbitzuak bultzatu eta Urdaibain nagusi izan den lehen sektorea baztertuz joatea da helburua, ala biak neurrian uztartzea? Batera edo bestera bidean hartzen diren erabaki eta pausoek ezarriko dute muga. “Krisi larrian dago lehen sektorea. Arrantza eta baserriari lotutako jarduera tradizionalak ez dira babesten, eta ez dira bultzatzen”. Caño sinetsita dago biosferaren erreserba izendatzeak horretarako baliabideak sobera ematen dituela. “Ez da ezer egin lehen sektorea berreskuratzeko, lehiakorra izan dadin eta kalitatezko produktuak sortu eta ekoitz ditzan eta elikadura burujabetza bermatzeko. Hori guzti hori, kontuan hartuta 30 urte daramatzagula biosferaren erreserba izendatuta”.

XXI. mendera egokitutako jarduerak indartu eta sendotu beharko liratekeela sinetsita daude Urdaibaietz plataformakoak. Behar jakin batzuen arabera, babestutako artadiak ustiatzeko baimena zuten baserritarrek orain arte. Eta trekkinga ere aurreikusten zuen planak. “Orain, turismo masiboa erakartzeko jarduerei ateak zabaldu dizkiete: mendian barrena quad ibilbideak edo bestelako jarduera zaratatsuak baimendu dituzte”. Beraz, mendia bera ere ez babestea salatu du.

Interes partikularren gainetik publikoa lehenestearen aldeko aldarria egin dute. Azken urteetan baimenak emateko irizpide finkorik ez dela egon salatu dute; eskatzailearen arabera edo horrek garatu nahi duen jarduera edo ekitaldiaren arabera baiezkoa edo ezezkoa jaso dutela eskaerek. Azken urteetan indarra hartu duen heinean polemikaren erdigunean ere egon den Mundaka Festival aipatu du eredutzat. Presio taldeen indarrari egin dio aipamen: “Esaterako, aurreikusten du motoen erabilera mendian. Bizikletena, ordea, ez da agertzen”. Bide horretatik, plan barruan xehetasun maila handiagoa bota du faltan. Horrek zalantzak sor ditzakeela deritzo.

Interesen atzetik


Urdaibaietzek uste du planak hastapenetik egin duela ibilbide okerra. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izan eta bi egunetara onartu zuen jarduneko Jaurlaritzak, dekretuz. “Jakin bazekiten dagoeneko EAJk ez zuela gehiengorik”. Hauteskundeen emaitzek beste alderdi batzuek agintea hartzea ahalbidetzen zuten. “Hain justu, zurrunbilo horren barruan onartu zuten plana”.

Bultzatu gura den herri eredua legoke pauso horien guztien oinarrian. Herrietan egin gura diren azpiegiturek zeresan handia dute arlo horretan. “Orain, presio ikaragarria dago. Beti egon da, egia esan. Baina, Gernika-Lumon, esaterako, hiru supermerkatu berri zabaldu nahi dituzte. Beste herri batzuetan txaletak eta urbanizazioak eraiki gura dituzte”. Horiek guztiak garatzeko orduan oso garrantzitsuak dira lurren erabilera arautzen duten legeak eta arauak. Planaren berrikusketa sakona eskatu du, horregatik, plataformak. Berrikusketa hori egiten duten bitartean, indarrean jarraituko du iazko irailean onartu zutenak.

Laborategi betebeharra

Urdaibaiko biosferaren erreserbak egitekoa izan baduela eta bete beharko lukeela sinetsita dago Caño. “Laborategi gisa funtzionatu beharko luke. Bertan probatu beharko litzateke beste garapen mota bat nola gauzatu, gero handik beste leku batzuetara hedatzeko”. Foruko harrobia jarri du adibidetzat. “Kareharria ustiatu dute han urteetan, modu zakarrean. Hura berreskuratzeko lanak ondo egiten saiatuz gero, Euskal Herrian antzeko egoeran dauden beste batzuetara zabal liteke esperientzia hori”. Gernika-Lumoko akuiferoaren adibidea ere eman du. Kutsatuta dago. “Hura berreskuratzeko proiekturen bat jar zitekeen martxan unibertsitateko adituekin edo ingeniariekin. Eta esperientzia hori baliatu beste akuifero batzuk berreskuratzeko”. Horretarako dirua zergetatik ez eze, Bruselak ematen dituen laguntzetatik ere bidera litekeela ekarri du gogora. “Proiektuak aurkeztuz gero, laguntzak ematen dituzte. Baina proiekturik ere ez dute aurkezten”, kexu agertu da.

Dena den, ez dute amore emango. Urdaibai garapen iraunkorraren sortzaile eta eredu izateko eginahaletan jarraituko dute. Argi daukate-eta bizitzaren arlo guztietan eragiteko baliabideak bultzatu behar direla han: “Ekosistemak babesteko, bizitza kalitate hobea bultzatzeko, kultura babestu eta kultura hori aprobetxatzeko beste turismo mota bat sustatzeko; baita gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta gizarte duinago bat bultzatzeko ere”.

Comentarios