Mundaka Festival jaialdiaren zuloak

  • Argitara atera ditu Alberto Urionak Mundaka Festival jaialdiaren antolakuntzako iluntasunak. Emankor Sarea elkarte pribatuak antolatzen du festibala, eta Urionak salatu du Udalak jartzen dituela ura, elektrizitatea, hondakinen bilketa, baita segurtasuna ere, eta antolatzaileei ez diela inolako zergarik kobratzen lan horiengatik.
ARGIA 2017ko uztailak 28
(Arg.: germanvizcaino.com).

Hirugarren edizioa da aurtengoa, utzailaren 28an hasi eta 30era arte luzatuko dena. Emankor Sarearekin sinatutako hitzarmena jaialdia hasteko bi egun soilik falta izan diren arte ezkutatu duela ere adierazi du Urionak. Gogorarazi du Mundakako Udalak zor handia duela, eta 2013an zergak %3 igo behar izan zituela. Eta bitarte horretan jaialdiko antolatzaileek ezer ordaindu ez eta Udalarentzat gastu gehigarri bat da.

Lege aldetik ere baditu bere zuloak Mundaka Festival-ek. 2015ean Urdaibai Patronatuaren baimenik gabe antolatu zela azaldu du Urionak. 2016an, berriz, Patronatuari baimena eskatu zitzaion, baina honek adierazi zuen instalakuntzak titularitate publikorik ez zutenez ez zuela baimenduko. Hortaz, Mundakako Udalak eta Emankor Sareak hitzarmen bat sinatu zuten Udalak bere instalazioak subrogatu eta horrela itxura publikoa emateko. Aurtengo jaialdirako zenbait arau moldatu eta hainbat dekretu sinatu dira, juridikoki baimenak lortzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiak 114.000 euroko diru laguntza eman du aurten Mundaka Festival antolatzeko, argudiatuz lanpostuen sorrera, Urdaibaiko produktuei bultzada eta turismoa erakartzea. 2015ean 85.000 euro izan ziren eta 2016an 110.000 euro. Baina Urionak salatzen du Mundakako Udalak ez duela sekula diru sarreren eta irteeren berri eman.

Comentarios