«Onura sozial eta ekologikoa dakarren trantsizioa nahi dugu»

Maitane Arri eta Ritxi Hernandez. 
Euskal Gune Ekosozialistako kideak

«Onura sozial eta ekologikoa dakarren trantsizioa nahi dugu»

Petrolioa agortzen ari dela eta, industria birmoldaketa behar dela uste dute Euskal Gune Ekosozialistan. Beharrezkotzat jotzen dute sindikatuak inplikatzea, langabezia eta pobrezia hazterik nahi ez bada.
 
 
 
 
 
Euskal Gune Ekosozialista eta Herri Eskola Ekosozialista sortu berri dituzte, iragan irailean egindako Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialisten ondorioz. Guneko kide dira Maitane Arri Escudero eta Ritxi Hernandez Abaitua.

Zein helburu dauka guneak?

RITXI HERNANDEZ ABAITUA: Aro baten amaieran egonda, eta zabaltzen ari den aroa materialen mugen eta eskasiaren aroa izanda, uste dugu nahitaez trantsizio batzuei ekin beharko diegula, egoera horren aurrean ahalik eta prestatuen egoteko. Horri buruzko hausnarketa egiteko, eta proposamen egokiak eta bideragarriak egin ahal izateko, pentsatu genuen Euskal Gune Ekosozialista bat egitea, ikusirik iragan iraileko topaketen arrakasta. Haren itzalean jaio da proiektua, haren ondorioa da.

Energia trantsizioaz hitz egin duzue; egitasmo zehatzik proposatzeko asmorik daukazue?

R.H.A.: Gunea sortu berria da. Lehen hausnarketa izan da enpresa jakin bati buruzkoa: Petronor; enpresa hori hartu dugu gaitzat, ez energia trantsizioa bere osotasunean. Halere, hausnarketa oso interesgarria izan da, besteak beste Petronorreko langile batzuen ahotsa ere izan dugulako —lantegi barruko ikuspegia eman digute—; beraz, hiru ikuspegi ipini ditugu lankidetzan: ekologismoa, sindikalismoa eta feminismoa. Hurrengo pausoa izango da trantsizio industriala orokorrean planteatzea. Zaila bada ere, uste dut Herri Eskola Ekosozialistan gai hori aipatuko dela.

Izan ere, guneaz gain, herri eskola ere aurkeztu duzue; nolakoa izango da?

MAITANE ARRI ESCUDERO: Eskola beharrezkoa zela ulertu genuen Euskal Gune Ekosozialistan, gizarteari hausnarketa hau zabaltzeko eta jendea trantsiziorako prestatzeko. Horregatik sortu da eskola. Lehen jarduera Bilbon egiten ari gara, eta bi zatitan banatu dugu. Batetik, mahai inguru bat egin dugu, aipatu hiru ardatzen ikuspegitik aztertzeko zein irizpide, aspektu eta baldintzaren arabera egin beharko litzateke industriaren trantsizio ekosoziala Euskal Herrian. Hau da: nola egin behar da? Zein printzipiok gidatu behar dute? Bestetik, tailerrak egingo ditugu ekainaren 3an, Santutxuko Karmela gunean. Trantsizio industrialen esperientzia zehatzak ezagutuko ditugu. Horren ondorioek zehaztuko dituzte hurrengo egitekoak.

Gogoetarako Petronor aukeratu duzue. Euskal Herriko enpresarik kutsagarriena da, baina ehunka langile dauzka. Lanpostu guztiak dira defendagarriak?

R.H.A.: Petronorren jardunak eragin negatiboa du ingurumenean, eta, gainera, eskasiaren eta mugen aroan bete-betean sartuta dago. Haren lehengai nagusia agortze progresiboan dago; beraz, bi aukera daude: begiak itxi eta petrolio zikinak ekartzen jarraitu, edo egoerari aurre egin. Horrek zer dakar? Industria birmoldatzea. Baina ematen du birmoldaketak bakarrik direla zilegi lehiakortasunean oinarritzen badira. Guk, ordea, onura sozial eta ekologikoa ekarriko duen trantsizioa egitea nahi dugu. Hortaz, oso garrantzitsua da sindikatuek parte hartzea, ez dugulako nahi birmoldatzeek langabezia, prekaritatea eta pobrezia areagotzerik.

M.A.E.: Industriaren egituraketa eta EAEko energia estrategiak ezer gertatzen ez delako ustean oinarrituta daude. Baina gizarte honek energia eta erregai jakin batzuk dauzka oinarrian, eta agortzen ari dira. Oso zaila izango da aurkitzea horiek ordezkatuko dituen funtsezko material bat. Beraz, industria hori ez doa inora. Industria egiturari edo modu integral eta transbertsalean begiratzen diogu, edo ez dago zereginik; berez etorriko da gainbehera. Hobe da aurreikustea, eta trantsizioak ahalik eta lasterren bideratzea. Zenbat eta denbora gehiago itxaron trantsizioa gauzatzeko, orduan eta bortitzagoa, autoritarioagoa eta bidegabeagoa izango da.

Erakundeak aldaketak bideratzeko prest ikusten dituzue?

R.H.A.: Zoritxarrez, betiko paradigman sartuta jarraitzen dute: lehiakortasunean eta hazkunde ekonomikoan. Baina inoiz ez dute azaltzen nola egingo duten hazkundea, zein oinarri material eta energetikoan egin ahal izango den, eta zein ondorio sozial eta ekologiko izango dituen. Beraz, eztabaida gizarteratu behar da.

Trantsizio horretan, zer egiteari utzi beharko litzaioke?

R.H.A.: Horrelako prozesu batek bizimodu kontsumista zalantzan jartzera garamatza, baita autokontentzioaren bidetik urratsak egitera ere. Ez da erraza izango, sistema hau egituratuta dagoelako kontrakoa bideratzera. Sistemaren oinarriak aldatzeaz gain, norberaren konpromisoa ere beharrezkoa da.

M.A.E.: Kontuan izan behar da hainbat tokitan autoritarismo eta bidegabekeria bortitzak gertatzen ari direla. Lurra babesten duten indigenak, ekologistak edota herritarren liderrak akabatzen ari dira. Bestalde, orain arte, merke eskura zitezkeen petrolioa eta antzeko materialak, baina gailurrera iritsita, gain behera dator. Energiak gero eta zikinagoak, garestiagoak eta kalitate txarragokoak dira. Sistema honetan bizirik irautea ezinezkoa izango da.
 

Gehiago jakiteko:

 
 Euskal Gune Ekosozialista
 

Comentarios