BABESA BEHAR DUEN BIOSFERA

Urdaibaiko kudeaketa plana


Urdaibaiko padurak.

Babesa behar duen biosfera


EAEko Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu du Urdaibaietz plataformaren helegitea, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana arautu duen dekretuaren aurka. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere legez besteko proposamen bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, plana berriz idazteko.


Argazkia: ASIER ARANZABAL / BERRIA

Balio natural handiko guneen aberastasuna nola gorde, eta, aldi berean, espazio horiek nola jarri herritarrentzat erabilgarri. Oreka zail hori mahai gainean jarri du berriro Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plan berriak. Eusko Jaurlaritzak irailean eman zion oniritzia hori onartzeko dekretuari, eta, ordutik, talde ekologista askoren kritikak jaso ditu dokumentuaren edukiak. Eta kexa batzuk ari dira fruituak ematen, plana arriskuan jartzeraino: urtarrilean Urdaibaietz plataforma ekologistak dekretuaren aurka aurkeztutako helegitea tramiterako onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak. Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ez du adierazpenik egingo epaileak erabaki arte plana bertan behera uzten duen edo ez.

Unescok ematen du biosfera erreserbaren izendapena, hiru helbururekin: natura kontserbatzea, garapen iraunkorra sustatzea, eta ezagutza zientifiko zein iraunkortasunerako hezkuntzarako laguntza logistikoa ematea. Dena den, tokiko gobernuek ebatzi behar dute espazio horiek nola kudeatu; Urdaibaiko erreserbaren erabilera 1989. urtean arautu zuten lehen aldiz, lege batez bidez, eta 1993an heldu zen aurreneko plana. Hura berritzera dator Jaurlaritzak iaz onetsitakoa ?hamar urtean behin berraztertu behar dira?.

Funtsean, Ana Oregi orduko Ingurumen sailburuak azaldu zuenez, administrazio tramiteak arinduko ditu arau berriak, eta Busturialdean «jarduera ekonomiko berriak» txertatzea erraztuko du, baina, era berean, «ingurumen berme handiagoak» emango ditu: babes maila handiko eremuen azalera %4 zabalduko du. Beste auzi batzuk ere aipatzen ditu planak: uraren kudeaketa iraunkorra bultzatzea, klima aldaketa murriztea eta horren eraginetara egokitzea, ingurumen eremu sentikorrenak identifikatzea...

Dena den, kritika ugari egin dizkiote planari. Zain Dezagun Urdaibai talde ekologistak kezka agertu du planak lurzoru urbanizaezinean egin daitezkeen jarduerak baino ez dituelako arautzen; hau da, udalen esku uzten duelako erreserba osatzen duten 22 herrietako lur urbanizagarrien erabilera ?udalen hirigintza planek arautzen dute esparru hori?. Bizkaiko Basogintza Elkarteak ere kezka agertu du, basoetan ezarritako mugen harira: aurreikusi dute azkar hazten diren espezieak utzi eta hazkunde mantsoagoa dutenak jarri beharko dituztela ereindako lurretan. Erabakia erreserbaren egoera tentuz aztertu gabe hartu izana gaitzetsi dute.

Ebaluaziorik gabe

Hain zuzen ere, ebaluazioaren beharra aipatu du Urdaibaietz plataformak ere ?hainbat taldek osatzen dute; besteak beste, Ekologistak Martxan-ek, Gernikako Ekologi Lantaldeak eta Txipio Baik?: «Ez da egin ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateraturik, ezta ingurumen baliabideen antolamendurako planik ere, eta biak dira nahitaezkoak halako prozesuetan». Era berean, plataformak ez du uste ingurumen ikuspegitik plan berria hobea denik: «Urdaibai babesteko legeak ezarritako babes eremuak babesik gabe utzi dituzte, eta eremu horietan baimendu diren erabilerek haien kontserbazioa edo birsortzea eragozten dute. Gainera, Kontserbazio eta Babes Bereziko Eremuei buruzko araudia indargabetu dute, eta babes txikiagoko beste batekin ordezkatu dute».

Hartara, plana onartzeko dekretua behin-behinean bertan behera uzteko eskatu du plataformak, «Urdaibairi ondorio txarrak dakarzkiolako, eta herritarren interes orokorrei kalte egiten dielako». Taldean pozik daude EAEko Auzitegi Nagusiak euren helegitea aztertuko duelako: «argudio juridiko sendoak» dituztela berretsi dute.

Plataformaren iritziz, Eusko Jaurlaritzak «ausarkeriaz» jokatu du, eta, batzuetan legea «urratu» egin du. Dioenez, araudiak ez du «modu integralean bermatzen» natur, paisaia, gizarte eta kultur balioen kontserbazioa, eta ez du «sustatzen» garapen iraunkorraren eredua Urdaibairako. Hortaz, beste plan bat egiteko eskatu du plataformak, ingurumen eta gizarte ikuspegietatik eredu «iraunkor eta bidezkoa» bultzatuko duena. Jaurlaritzarekin elkarlanean aritzeko prest agertu da.

Eskaera legebiltzarrean

Edonola ere, ekologistak ez daude bakarrik, eztabaida arlo politikora ere iritsi baita: EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek ere eskatu dute plana bertan behera uzteko. Legez besteko proposamena aurkeztua dute Eusko Legebiltzarrean, plana erabat berrikustea galdegiteko. Bi koalizioak bat etorri dira asmo horren abiapuntua ezartzean: ingurumen eraginaren ebaluazioa egitea, eta Urdaibaiko erreserbak eremu sozial, ekonomiko, ingurumeneko eta kulturalean dituen «erronkak» zehaztea, prozesu parte hartzaile baten bitartez.

Comentarios