Ekologistek Urdaibaiko EKZP-ren kontrako kexa aurkeztuko dute epaitegian

Urdaibaiko EKZP onartu dute



Zain Dezagun Urdaibai Busturialdeko garapen eusgarrirako auzo elkarteak lege berria baliorik gabe uzteko eskatuko du auzitegian, behin araua indarrean dagoenean. Urdaibaiko Patronatuak uztailean onartu zuen lege berria, eta irailean onartu zuen Gobernu Batzordeak. Hala ere, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Erabilera eta kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP) ez da denen gustukoa. Zain Dezagun Urdaibaik bost arrazoi nagusi eman ditu plan berria atzera botatzeko eskatzeko. Auzo elkarteko kide Erroxeli Ojinagak azaldu legez, lurraldearen erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plan batek ezin du babestutako lurraldea murriztu. Gainera, onartu berri duten EKZP ez da plan urbanistiko eta komarkala, Ojinagaren esanetan. Foruko harrobia ere bada salaketarako beste arrazoi bat. “Harrobia ustiatzeko baimena 10 urtez luzatu nahi dute, eta dagoeneko babestutako guneak inbaditu dituzte; bai azalekoak, lurzorukoak eta baita lur azpikoak ere”, kritikatu du Ojinagak.

Era berean, planaren tramitazio epean ingurumen inpaktuaren txostenik aurkeztu ez izana ere salaketarako arrazoia dela iritzi du Zain Dezagun Urdaibaik. “Azterketa egiten hasi ziren, baina gero ez dute ezer aurkeztu”, dio Ojinagak. Beraz, hori guzti hori garapen iraunkorarren kontzeptuaren aurka doala deritzote, eta, Ojinagak esan legez, zerbait babestuta badago, babes hori handitu daiteke, baina ezin daiteke murriztu.

EKZP aurkezterakoan, baina, plan horrek administrazio prozedurak arindu, jarduera ekonomikoak sustatu eta Biosfera Erreserbaren babes eremuak %4 zabalduko dituela esan zuen Jaurlaritzak. Adierazpen hori “tranpatia” dela esan du Ojinagak, babes eremuak Europak errekak eta ibai ertzak babesteko onartutako zuentaraua betetzeagaz handituko direlako. “Europako zuzentarauak dio errekak eta ibai ertzak babes berezia behar duten guneak direla, eta zuzentarau hori kontuan hartu dute EKZPan. Horregatik diote babestutako eremuen kopurua %4 handituko dela. Lehen inguru horiek babestutako guneen kategoria zuten, eta uren babeserako legeak dio babes berezia duten guneak bezala kalifikatu behar direla”, azaldu du.

Ojinagaren esanetan, babestutako eremuak, handitu beharrean, murriztu egingo dira lege berriarekin. Orain arte babes normalaren kategoria zuten baso lurren 500 hektarea inguru hiri-lur bezala birkalifikatu dituzte; “horietatik 100 hekatearea inguru Muxikako industriagunean”, gaineratu du.
1993ko EKEG-PRUGen plano bat


Europara, Madrilera eta Gasteizera. Orain arte indarrean zegoen legearekin ados zegoen Zain Dezagun Urdaibai. Eta lege berria baliorik gabe uzteko, epaitegian ez ezik, Europan, Madrilen (Espainia) eta Gasteizen ere eskatuko dute. Unescon kexu zuzena aurkeztuko du, erakunde hori baita mundu zabalean Biosfera Erreserbak izendatzen dituena, eta Ojinagak esan bezala, Urdaibaiko Biosfera Erreserbak nazioarteko proiekzioa dauka. Era berean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Bisofera Erreserba bakarra da Urdaibaikoa. Horregatik, berau babesteko eta irailean onartutako EKZP baliogabetzeko eskatu gura dute Eusko Legebiltzarrean, ez legezko proposamen baten bitartez. Horretarako, horren eskakizuna egingo die Zain Dezagun Urdaibaik legebiltzarrean ordezkaritza izango duten alderdi politiko denei. Ojinagak gogoratu duenez, Gobernu Kontseiluak EKZP onartu zuen aldeko 11 botorekin eta kontrako 7rekin. “Hala ere, batzar hartara askok huts egin zuten, deialdia denbora gutxirekin egin zutelako”, dio Ojinagak.

Comentarios