Alex Zubia: Parte hartzetik ule-hartzera, iruzur egin digute

 "Hainbat jendek, elkartek, alderdik… orduak sartu dituzte Urdaibaiko oraina eta etorkizuna hobetu asmoz ekarpenak egiten. Eta horiek ez dira ezertan ere geratu. Listoek tontotzat hartu gaituzte”


Urdaibaiko Biosfera Erreserba izendatu zen 1984an. Ordutik hona euri asko bota du, eta gauzak aldatu dira. Gauza ona izaten da hainbat urtetik behin atzera begiratu eta zer gertatu den ikustea: zer egin den ondo, zer gaizki, zer falta den, nola hobetu…

Urdaibaiko Biosfera Erreserba kudeatzeko araudia aldatzeko sasoia heldu dela erabaki zuten hori erabakitzeko ahalmena dutenek, eta eraberritze prozesuari ekin zioten. Biosfera izendatu zenetik hona pasa dira urte mordoxka bat, eta ordutik ohiturak, sentsibilitateak… aldatu dira.

Orain badakigu klima aldatzen ari garela gure eguneroko jardunekin, badakigu gero eta jende gehiagok gosea pasatzen duela, gure petrolio egarria asetzeko gerrak, inbasioak, giza eskubideen urraketak eta abar egiten direla; badakigu ura xurgatzen duen eukaliptoa gero eta ugariagoa dela gure «basoetan», eta honek arazoak sortuko dituela epe ertainera.

Hori dena badakigunez, Urdaibai kudeatzeko araudia aldatu behar da, ustez kudeaketa hau eta berarekin batera gure etorkizuna hobetzeko.
Hala hasi ziren txostena, erakusketa publikoa, eztabaidak eta ekarpen prozesuak…, eta hala parte hartze prozesu bat izan beharko lukeena, ule hartze prozesu bat bihurtu dute. Hala iruzur egin digute.

Kudeaketa araudi berria egiteko oinarrizko txosten bat egin zuen enpresa batek. Oinarrizkoa, eztabaidak nonondik hasi behar dutelako. Lehengo araudia ere izan zitekeen oinarria, enpresa bati halako kontratu bat eman gabe. Hau da, lehengoa hartu eta zertan hobetu daitekeen ikusi, hitzegin, eztabaidatu eta denon artean erabaki.

Iruzur egin digute. Onartu den araudi berria lehen bete gabe zegoena baino txarragoa da Urdaibaiko eta bertan bizi garenon (gizaki, animali, landare, zuhaitz) etorkizunera begira. Ez du gure baliabideen erabilpen zuzenago bat bultzatzen, alderantzizkoa baizik.

Iruzur egin digute, hainbat jende, elkarte, alderdi eta abarrek orduak sartu dituztelako Urdaibaiko oraina eta etorkizuna hobetu asmoz, eta egindako ekarpen guztiak ezertan ere ez direlako geratu. Listoek tontotzat hartu gaituzte berriz ere, guztion etorkizuna batzuen negozio bihurtuz.

Comentarios