Etxean uso, kalean otso

Animalia eta landare exotiko asko aurki daitezke Euskal Herrian: batzuk, etxeetan; besteak, naturan. Baina hau ez da haien berezko habitata. Gainera, inbaditzaileak izan daitezke; hori dela eta, 202 espezie debekatuta daude.

BERRIA 2016-05-25 / Maialen Belarra

Modan daude, baina ez dira hemengoak. Ez lukete hemen egon behar. Norbaitek ekarri ditu, ordea. Animalia exotikoak maskota gisa izateak badu berezitik zerbait, baina baita arriskutsutik ere. Batez ere, inbaditzaileak badira. Apirilean, mapatxe ar heldu bat aurkitu zuten Bardean (Nafarroa); iaz, eme bat azaldu zen. Tokiko biodibertsitaterako mehatxu argia dira mapatxeak, baina ez ziren bakarrik iritsi: norbaitek maskotatzat zituen. Izan ere, animalia exotikoen kumeak «politak» izaten dira: ume eta heldu askoren gutizia. «Arazoa hazten direnean dator, hain politak ez direnean, edo zaintzea zaila denean», azaldu du Alexander Botok, Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurune eta Ingurumen Plangintzako zuzendariak, jendearen ezjakintasuna aipatuta.

Tamaina handiegia, lan karga, zaintzeko lekurik eza, etxeko fauna eta florari egindako kalteak, asperdura... Aitzakia andana erabiltzen ditu jendea k
animaliak aske uzteko. Mapatxeak, Floridako dortokak, Kramer loroak, karramarro gorriak, errege pitoiak eta eskorpioiak dira horietako zenbait. Eguberrietako edo urtebetetze opari originalak izan daitezke. Etxea alaitzeko edo arrainontzia apaintzeko balio dute, batzuen ustez. Baina animalia exotiko horiek inbaditzaileak dira, eta etxean izate hutsa debekatuta dago. Hain justu, Espainiako Gobernuak 202 espezie bildu zituen 2013an, espezie exotiko inbaditzaileen katalogoa zehazteko dekretuan.


Internetetik etxe berrira

Salerosketa kontrolatzea, ordea, ez da hain erraza, Jokin Larunbe Nafarroako Gobernuko Habitatei buruzko sekzioko teknikariak adierazi duenez. Animaliak saltzen edo hezten dituzten dendak eta instalazioak mugatzen ari diren arren, arazo iturri nagusia beste bat da: «Zer gertatzen da Internetekin? Oraingoz, ezin dugu kontrolatu. Pixkanaka arlo hori zaintzeko baliabideak izatea espero dut, baina, oraingoz, jendearen kultura da gakoa. Animalia batzuk politak izan arren, ezin dira hemen izan».

Botok bat egin du teknikariarekin: «Jendeak ez daki espezie horiek zer kalte egin diezaieketen hemengo espezieei eta ekosistemari haien habitatetik atera eta aske uzten badituzte». Mapatxea, adibidez, orojalea da; hau da, denetarik jaten du: baratzeko produktuak, frutak, sugandilak, igelak, txoriak, arrautzak... «Kilometro ugari egiten ditu, gainera, eta harrapatzeko oso zaila da», gehitu du Larunbek.

Euskal Herrian oso ohikoa den beste animalia exotiko inbaditzaile bat Floridako dortoka da; areago, planeta osoan gehien hedatuta dauden ehun espezie inbaditzaileetako bat da. Izan ere, hemengo dortoka baino askoz gehiago ugaltzen da. Donostiako Aiete parkean kartel handi batek jendearen kontzientzian eragin nahi du. «Kontuan hartu animalia guztiak, dortokak barne, bere jatorrizko bizilekuan baino hobeto ez direla inon ere egongo».

Beste espezie batzuk negozio iturri ere izan daitezke. Europako hainbat animalia desagertzeko arriskuan daude, kanpotik ekarritako espezie batzuek haien bizilekua konkistatu dutelako. Kasurik ezagunenetarikoa bisoi europarrarena da. Larrugintzarako ekarri zuten bisoi amerikarra, baina gordeta zeuden etxaldeetatik ihes egitea lortu, eta ingurumenean zabaldu ziren berehala.

Horren ondorioz, europarrak Hego Euskal Herrian, Errioxan eta Errusian soilik irauten du. «Bisoi amerikarrak hemen hedatzea lortzen badu, gurea hilko du, eta azken ehun urteotan Europan desagertutako lehenengo espeziea izango da», mintzo da Larunbe, beldurrez. Halere, argi utzi du zer egin behar den halakoak saihesteko: «Maiz eskatu dugu larrugintzako etxaldeak debekatzeko; hori da gure xedea».

Oro har, espezie exotikoak harrapatzeko kostu ekonomikoak handiak izan daitezkeela ohartarazi dute Botok eta Larunbek. Europako Batasunak urtean 12.000 milioi euro behar izaten ditu espezie horiek harrapatu eta kalteak konpontzeko. Askotarikoak izan daitezke ondorioak: ekonomikoak, ingurumenekoak, animalia eta landareetan, azpiegituretan... Gizakientzat ere arriskutsuak izan daitezke, gaixotasun edo bizkarroiak kutsatu baititzakete, edo alergiak eragin.

Badaude Euskal Herrian debekatuta ez dauden espezie exotikoak, baina Boto horiek ekartzearen aurka azaldu da: «Animalia bat erosi baino lehen, lehendabizi inbaditzailea den ala ez argitu behar da; dena dela, ez da batere gomendagarria. Hobe da espezie exotikoak toki exotikoetan uztea. Hau ez da haien etxea». Ohartarazi du zerrendan ez egonda ere hona ekarri eta denborarekin inbaditzaile modura joka dezaketela. «Horretaz ohartzen garenerako, beranduegi izaten da askotan», gehitu du Larunbek.


Landare inbaditzaileak

Animaliak dira ezagunenak, baina landare ugari ere oso inbaditzaileak izan daitezke, gizakiek jakin gabe. Euskal Herriko etxe ugaritan aurki daiteke panpa belarra, esaterako. Urteak daramatza apaingarri gisa, baina 2013an inbaditzaileen artean jarri zuten. Are gehiago, Bizkaiko Foru Aldundiak kanpaina bat sortu du landare hori errotik ateratzeko. Kostaldean eta klima epeletan zabaltzen da gehien, baina bestelako ingurunetan ere bai. Hemengo florari tokia kendu dio. «Jendearen laguntza behar dugu panpa belarraren arriskuaz ohartarazteko; seguruenik, askok ez dute inbaditzailea denik jakingo», azaldu du Botok.

Uretako hiazintoa beste adibide arrunt bat da. Ibaiko lurzoru guztia estal dezake, eta uretara argia ailegatzea galarazi. Hori dela eta, arrainak eta sakoneko landareak hil daitezke. «Iaz, uretako hiazintoaren haziak aurkitu genituen Iruñeko saltoki batean. Jendeak ez daki zer erosten duen, eta, antza denez, saltzaileek ere ez dakite zer saltzen duten», salatu du Larunbek, haserre.

«Jendearen heziketa landu behar dugu». Ados daude bi adituak. Opari original bat erosi baino lehen, badaezpada bi aldiz pentsatzeko gomendatzen dute. Larunbe: «Espezie horiek naturaren garapenean mugitzen badira, ezin dugu ezer egin, baina, kasu honetan, gizakiona da erantzukizuna; guregatik heldu dira hona, eta hori da afera honen benetako arazoa».

 

Comentarios