Urdaibai, natura eta turismoa ardatz dituen BirdFlyway proiektuaren katebegi


Europako beste zentro batzuekin elkarlanean, naturarekin estu lotuta dagoen proiektu turistiko bat ipini du martxan Aranzadi Zientzia Elkarteak. BirdFlyway edo Hegaztien ibilbidea deritzo proiektuak, eta kalitatezko turismoaren eredu izatea dauka helburu. Horrez gain, eragin ekonomikoa ere izango duela aurreikusten da. Gaur gaurkoz, Europako bederatzi herrialdetako hamasei zentrok egin dute bat proiektuagaz, tartean, Urdaibai Bird Centerrek.
Arrano arrantzaleak behatzen
Arrano arrantzaleak behatzen

Done Jakue bidearen antzerako ibilbide bat proposatzen du BirdFlywayk, baina “bizi osoan zehar” egin daitekeena. Hain zuzen, Europako hamahiru hezegune desberdinetan beste horrenbeste etapa diseinatu dituzte. Hala, ibilbidea Eskozia eta Finlandian hasiko da, eta Afrika mendabaldean bukatu, tartean Europako herrialdeak zeharkatuz: Suedia, Herbehereak, Belgika, Erresuma Batua, Frantziako estatua, Espainiako estatua eta Portugal. Zehaztasun legez, hezeguneen sare horretan nabarmentzen diren espezieak bi direla esan du Aranzadik: antzar arrunta eta arrano arrantzalea.

Kontraste handiko ibilbidea izango dela argitu du Gautegiz Arteagako zentroak: “Eskandinabiako laku liluragarrietatik hasi, Kantauri itsasoko kostaldetik pasa eta penintsulako estepetara iritsiko da Tokian tokiko hezegune bakoitzean bisitariek interpretazio zentroa bisitatu beharko dute, pasaportean zigilua lor dezaten”. Horretarako, alabaina, “erronka erraz batzuk” gainditu beharko dituzte turistek. “Erronka horien bitartez, inguruko paisaiak, kultura eta ohiturak ezagutuko ditu bisitariak”.
"Urdaibaiko Biosfera Erreserbari dagokionez, urteko eragin ekonomikoa 225.000 eurotan estimatzen da”
Aurreikusten dutenez, 20.000 pertsona ariko dira urtean proposatutako ibilbideko etapak egiten. Hori horrela, lehenengo urtean 3 milioi euroko diru sarrerak espero dituzte, estatu mailan. “Urdaibaiko Biosfera Erreserbari dagokionez, urteko eragin ekonomikoa 225.000 eurotan estimatzen da”.
Hegazti Migratzaileen Mundu Mailako egunarekin batera jarriko dute proiektua martxan, maiatzaren 8an.Aurretik, BirdFlyway-ren inguruko informazio gehiagorako www.birdflyway.org webgunea kontsulta daitekeela esan dute. “Abentura horretan parte hartu nahi duten guztiek bertan izango dute etapei, hezeguneei eta ibilbideari buruzko informazioa”.

Comentarios