Etxebizitzen salerosketa igo egin da 2015ean, bigarren urtez jarraian

BERRIA Ekonomia

Aurreko urtean baino %12 operazio gehiago egin dira Hego Euskal Herrian. Saltzen diren lau etxetik hiru bigarren eskukoak dira
 
 
Orain zazpi urte piztu zen krisiak birrindutako sektorea ez da berehala suspertuko, baina katakonbatik ateratzen ari da behintzat. Bigarren urtez jarraian etxebizitzen salerosketa igo egin da Hego Euskal Herrian. 2014an, %10eko igoerarekin, hiru urteko beheranzko joera hautsi zen, eta 2015ean, %12ko igoerarekin, salerosketen hazkundea egonkortu egin da.

INE Espainiako estatistika institutuak emandako datuen arabera, 18.083 etxebizitza saldu dira Hegoaldeko lau lurraldeetan 2015ean. Aurreko urtean, 16.137 izan ziren. 2014an argi ikusi zen bigarren eskuko etxeen merkatua ari dela gurditik bultzaka, eta joera hori are nabarmenagoa bilakatu zen iaz, portzentajea hamar puntu hazita. Operazio guztien %75etik gora bigarren eskuko etxeekin egin dira. Guztira, 13.721 etxe saldu dituzte merkatu horretan.

Merkatzea bukatu da

Horrez gain, etxe babestuen portzentajea jaisten ari da azken urteetan, eta aurreko urteko kopuru txikia are txikiagoa bilakatu da. Modu bateko edo besteko babeseko 2.812 etxebizitza saldu ziren iaz, operazio guztien %15,5. 2014an, lau puntu handiagoa zen babestuen portzetanjea (%19). Saldutako 18.083 etxebizitzetatik 15.271 (%85) merkatu librean saldu dira. Bigarren eskukoaren bultzada handiak azaltzen du, hein batean, merkatu librearen nagusitasuna handitu izana.

Azken bi urte hauetan etxe gehiago saltzen ari dira, beraz, eta, epe horretan, batez besteko salneurriaren gainbehera ere eten egin da. Gainbehera eteteak ez du esan nahi etxebizitzak garestitu direnik, apenas garestitu diren, baina merkatzeari utzi diote.

Alegia, azken urtean %1 garestitu da etxebizitza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta %1,4 Nafarroan. Kontuan edukita 2007tik izan den prezioaren jaitsiera, apenas den ezer. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ia %40 merkeago dira orain etxeak 2007an baino; batez bestekoari erreparatuta betiere, hiritik hirira eta auzotik auzora asko eta askotarikoak baitira aldeak. Nafarroan, berriz, %45etik gorako merkatzeak egon dira azken zortzi urteetan.

Comentarios