Etxebizitza berri gehiagoren beharra ez dagoela uste du Mundakako EH Bilduk

Mundakako hirigunea
Mundakako Udalak Babes Ofizialeko 24 Etxebizitza egiteko asmoa agertu du, eta herrian dagoen beharrizana aztertzen ari dira horiek egiten hasteko. EH Bildukoen ustez, berriz, herrian ez dago horiek egiteko beharrizanik, eta udaleko arduradunei gogorarazten die, Mundakako Plazako eraikinean «eskaera falta dela eta, oraindik, bi etxebizitza esleitu barik daudela».
Udalak Erreka auzoan egin gura dituen etxebizitza horiek Babes Ofizialekoak izango direla esan badu ere, EH Bildukoen arabera, «etxebizitza horien aurkezpenean esan zuten, prezio tasatukoak ere izan daitezkeela, eta gauza bi horiek ez dira berdinak».
Errekako etxebizitza horiek egiten baldin badituzte, «gazteei alokairuan esleitzeko aukera azter dezaten eskatuko diote udalari, gerora erosteko aukera ematen duena». Etxebizitza berri horietarako izena emako, eskatzaileek 10 urte egon behar dute Mundakan erroldatuta. EH Bilduko zinegotzi Andoni Longarteren arabera, baina, «EAJk badaki hori ez dela beteko, eta bost urtera jaistea pentsatzen ari dira. Azkenean, Tribisarrospeko aparkalekuekin gertatutako gauza bera gertatuko da; lehenengo Mundekarrentzako aparkalekuak ziren, eta gerora, baldintzak jaisten joan ziren. Gauza da, oraindik ere, horiek saldu barik daudela eta aparkaleku gehiago egiteko asmoa dutela, eta enpresa berdinak egingo ditu, gainera».

HAPOaren aurka
Lurralde Zatikako Plangintzak, gehienez, 309 etxebizitza eraikitzeko aukera ematen zuen; hala ere, Mundakan, 164 etxebizitza berri eraikitzea baino ez da aurreikusten. Gehienak, baina, etxebizitza pribatuak izango direla dio Longartek: «Esaterako, Basamortuko lursaila eraikuntza pribaturako utzi dute. Trukean Herrerako lursaila eta Florentino Larrinaga kalearen atzealdea hartuko luke udalak. Itxasbegin, berriz, kiroldegi ondoko ortuaren, aparkaleakuaren eta horren alboko lursailaren truke, promozio pribatuko 30 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da».
Iazko maiatzean onartu zen Mundakako Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO), EH Bilduren aurkako botoekin, plan horren «guztiz aurka» daudela esanez: «Plan horretan medioak jartzen dira herrian behar ez diren etxebizitzak egiteko. EAJri beti gustatu zaio eraikitzea. Mundakako Goiko Kalearen paraleloan kale berri bat egitea aurreikusten du HAPOak. Horretan tren geltokia eta autobus geltokia joatea aurreikusten da, bai eta zenbait etxebizitza ere. Inguru horretan, 40 lagun ingururekin topo egin zuen udalak. Horiek alegazioak jarri zituzten bere garaian, baina ez zituzten onartu, eta HAPOak aurrera egin du».
«Zertarako behar ditugu horrenbeste etxebizitza berri Mundakan, libre eta zarratuta dauden etxebizitzak baldin baditugu? Aztertu beharko litzateke zenbat diren herrian hutsik dauden etxeak, eta gazteei aukera eman horiek berritzeko. Alokatzeko laguntzak eman behar diegu gazteei, eta ez gehiago eraiki, espekulatzeko», dio Longartek. Bestalde, Longarteren arabera, herri barrua «zaharkituta» geratzen ari da, eta ingurua da berritzen ari direna, «norentzat, udatiarrentzat?», galdetzen du.

Goiko Kalean dago balio historikoa eta artistikoa duen Larrinaga Jauregia
Goiko Kalean dago balio historikoa eta artistikoa duen Larrinaga Jauregia

Larrinaga Jauregia
Joan den urtarrileko osoko bilkuran, bestalde, Larrinaga Jauregian egingo diren hirigintza-ekintzekin hastea onartu zen, EH Bilduren aurkako botoekin. Longartek azaldu modura, «horretan lau solairuko lurpeko garajea, 8 etxebizitza eta hotela eraikitzea aurreikusten da. Herritar askok ez dakite oraindik, lurpeko garajea egingo dutenik hor, eta horren jabetza duen enpresa pribatuak azterketak egiteko baimena eskatu du jada. Enpresa horrek Larrinaga inguruko lurretan azterketa bat egiteko eskatu dio udalari, eta arkitektoak ezetza eman dio».
Larrinaga Jauregia balio historikoa eta artistikoa duen eraikina da, eta «derrigorrezkoa» da fatxada bere horretan mantentzea. Lurpeko aparkalekuak egiteko lanak hasten baldin badituzte, «arriskua» egon litekeela uste dute koaliziokoek, eta «kezka» agertu dute: «ez da izango aitzakia bat jeusten baldin bada, berriro eraikitzeko aukera edukitzeko?. Osoko Bilkuran esan genien adi egongo garela, eta euren aurrean».
Hala ere, beste behin ere, aparkaleku pribatuak egitera doazela kritikatu dute. Eta, Mundakan aparkaleku faltagatik kexa ugari egoten direla gogorarazi dute. EH Bilduren arabera, «udalak txandakako aparkaleku publiko bat proposatu beharko luke».

Comentarios