Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ur masen erdiak egoera onean daude


 BERRIA Ibai Maruri Bilbao

Uraren Euskal Agentziak lur gaineko 176 ur masaren egoera ekologikoa eta kimikoa aztertu ditu. Zadorra, Deba, Oiartzun eta Butroe ibaien arroetako urak daude okerrenik
 
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lur gaineko ur masen %52k egoera ona dute. Hau da, erdiek pasatxok UEZ Europako Batasunaren Uraren Esparru Zuzentarauak egoera ekologikoari eta kimikoari buruz finkatu dituen eskakizunak betetzen dituzte. Hiru herrialdeetako kostaldeko, ibaietako, urtegietako, hezeguneetako eta trantsizio eremuetako urak aztertu ditu Ura Uraren Euskal Agentziak. Ikerketa egiteko, kalitate fisiko eta kimikoari, biotaren egoerari, morfologiari eta landarediari erreparatu diote.

Duela hogei urte hasi zen Eusko Jaurlaritza halako lanak egiten, eta 2008tik Ura arduratzen da. Bilakaera historikoa kontuan hartuta, azken bost urteetan uraren kalitateak, oro har, hobera egin du. Txostena osatzeko neurketak 2010etik 2014ra bitartean egin dituzte. Epe horretan, egoera ekologiko ona edo oso ona duten ur masen kopurua handitu egin da: %30 ziren lehen, eta %52 dira orain. Egoera eskasa edo txarra dutenak, ostera, gutxitu egin dira: %40tik %20ra.

Urak duen kutsadura karga ere «erruz» gutxitu dela ondorioztatu dute Ura agentziako teknikariek. Bereziki, metalen kargan igarri dute bilakaera: 1998an zenbatutakoaren %20 baino ez dute neurtu 2014an. Hiru herrialdeetako hamar ur masatik ia bederatzik baldintza kimiko ona dute: %13 baino ez dira isurketa toxikoek eragindako kutsaduragatik arazo nabarmenak dituztenak. Egoera kimikoak ur masaren egoera orokorra baldintzatzen duen kasu bakarra dago: kanpoaldeko Nerbioi estuarioak egoera ekologiko ona du, baina kimiko txarra; ur masaren egoera txarra soilik egoera kimikoaren ondorio da. Zadorra (Araba), Barbadun, Ibaizabal, Oka (Bizkaia), Deba, Oiartzun eta Bidasoa (Gipuzkoa) ibaiek ere egoera kimiko eskasa dute.

Dena den, masa motaren arabera, aldeak daude. Osotara, 176 eremu dira. Daturik onenak kostaldeko urek eman dituzte: guztiek betetzen dituzte Europak eskatutako baldintzak. Ibaietako uren %66k egoera ona dutela ondorioztatu du agentziak. Kaskarren, Gipuzkoako Oiartzun eta Deba, Bizkaiko Butroe eta Arabako Zadorra daude. Azken arro horretan ur masa guztiak daude egoera txarrean. Ifrentzuan, Urumea (Gipuzkoa) eta Puron (Araba) ibaien arroak dira eredugarrienak: ur masa guztiek betetzen dituzte zuzentarauaren baldintzak. Era berean, Aguera, Lea, Artibai, Baia eta Omecillo ibaiak ere nabarmendu ditu Urak. Ibaizabal (Bizkaia) eta Oria (Gipuzkoa), ostera, erdibidean daude: oro har, zuzentarauaren baldintza ekologiko eta kimikoak betetzen dituzte, baina badituzte egoera eskasean dauden tarteak.

Aintzira eta hezeguneen artean, %20 baino ez daude egoera onean. Estuarioetan dauden hamalau ur masetatik, berriz, bakarrak betetzen ditu helburuak. Urtegiak, azkenik, egoera onean daude, oro har.

Urak azaldu duenez, Europako Batasunean gutxi dira ur masen erdiek zuzentarauak eskatutako baldintzak betetzen dituzten herrialdeak. «Garatuen dauden herrialdeen egoerari erreparatzen badiogu, ikusiko dugu gehienetan betetze portzentaje txikiak dituztela. Bereziki nabarmena da Herbehereen eta Alemaniaren kasua, haietan lurgaineko ur masa gehien-gehienek egoera ekologiko okerra dute eta».

Lurpean, hiru salbuespen

Hiru herrialde hauetako lurpeko ur masak ere aztertu ditu urak: 37 akuifero dira. Ezin daitezke lur gainekoekin alderatu: lurpekoak askoz ere egoera hobean daude. Lurpeko masa guztiek egoera kuantitatibo ona dute. Agentziaren arabera, horrek adierazten du lurpeko baliabideen gaineko presioa «onargarria» dela. «Soil-soilik hiru ur masak daukate egoera kimiko txarra. Gainera, hiru horiek azalean eremu txikia hartzen dute. Beraz, arazoek lurpeko uren zati murritz bati baino ez diote eragiten».

Hiru formazio alubial dira. Gernikakoari (Bizkaia) kalte egin zion 2005ean istripuz gertatutako isurketa toxiko batek. Gasteizko eta Miranda Ebroko (Araba) ur masa alubialak, berriz, nitratoek kutsatuta daude; gehienak nekazaritzatik etorritakoak dira.

Ura agentziak azaldu duenez, hiru kasuetan egoera hobetuz doa. Euretako batean, motel eta modu irregularrean. «Lurpeko masek askoz ere inertzia handiagoa dute, eta kutsaduraren eraginek denboran irauten dute».

Tropia lurpeko ur masaren kasua nabarmendu du txostenak. Aurreko neurketan ez zituen betetzen UEZen helburuak, eta egoera kimiko txarra zuen. Urte luzeetako meatzaritza jardunak kalte egin zion. Gaur egun, araudia betetzen du, eta egoera ona lortu du.

Comentarios