Greenpeace: Hego Euskal Herriko ingurumen adierazleak


Greenpeacek txalotu egin du kanpoko portua eta erraustegia atzera bota izana

Ingurumenaren Erradiografia Sozialaren Txostena egin du. «Eredugarritzat» jo ditu atez atekoaren aldeko eta 'fracking'-aren aurkako mugimenduak. Petronorren findegia «hondamenditzat» dauka

BERRIA, 2015-06-04 / Iñaki Petxarroman

Ingurumenaren kalitatearen indizea urria da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta erdi mailakoa Nafarroan, Greenpeacek egindako Ingurumenaren Erradiografia Sozialaren Txostenaren arabera. Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat herritan ezarritako hondakinen gaikako bilketa «eredugarritzat» jo du erakunde ekologistak, eta gizarteak fracking-aren aurka azaldutako jarrera txalotu du. Aldiz, gogorarazi du Petronor «hondamendi bat» dela ingurumenarentzat eta euskal kostaldearentzat, eta «arriskuan ipintzen» duela pertsonen osasuna.

Lehen aldia da Greenpeacek ingurumenaren egoerari buruz halako azterlan sakon bat egiten duena. Gai ugari hartu ditu kontuan, positiboak eta negatiboak. Hauek dira, puntuz puntu, Greenpeacek Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako ingurumenaren egoeraz egindako azterlanaren ondorioak.

ENERGIA

Fracking-a. Greenpeacek gogorarazi du Araba fracking-aren ikerketaren sehaska izan dela. Izan ere, SHESA enpresa publikoak fracking-aren ikerketak egiteko baimenak eskatu zizkion Jaurlaritzari Araban eta Bizkaian, eta haietako batzuk indarrean daude. Kontrako aldean, baina, Greenpeacek goratu eta txalotu egin du gasa erauzteko teknika horren kontra eratu den gizarte mugimendua, baita instituzioetan mamitu den lan politikoa ere. Horien artean, nabarmendu du 70 udalerrik erabaki dutela euren burua fracking gabeko eremu izendatzea. Halaber, Nafarroako Parlamentuak haustura hidraulikoa debekatzeko hartutako erabakia ere ontzat jo du, nahiz eta gero Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota.

Hidrokarburoetako prospekzioak. Talde ekologistak gogor salatu du Bizkaiko kosta parean hidrokarburoak bilatzeko Jaurlaritzak Repsoli emandako baimena, eta gogorarazi du Shell eta Capricorn Spain Limited enpresek ere tramiteak has ditzaketela gauza bera egiteko.

Garoñaren aldeko apustua. Greenpeacek gogorarazi du Garoñaren mehatxuak Euskal Herriaren gainean jarraitzen duela, Burgosko lurraldean egon arren Gasteiztik 50 kilometro eskasera baitago. Horren kontra, baina, oso positibotzat jo du hainbat udalek euren burua antinukleartzat jotzea eta gizarte eragileak Araba Garoñarik Gaberen gisako plataformetan elkartzea.

Ziklo konbinatuak. Ziklo konbinatuko zentral termikoen alde Bizkaian eta Nafarroan eginiko apustua txarretsi du Greenpeacek. Eta gogorarazi du izugarrizko ahalmena duela Hego Euskal Herriak energia berriztagarrietan, besteak beste, olatuen energia aprobetxatuz, Armintzan aztertzen ari diren bezala. Alde horretatik, Nafarroak energia berriztagarrietan egindako apustua nabarmendu du. EAEk 2050erako energia berriztagarriekin bere beharrak bete litzakeela gogorarazi du, eta Nafarroak 45 aldiz gaindi lezakeela bere kontsumoa.

INDUSTRIA ETA KUTSADURA

Petronorren findegiaren mamua nabarmendu du Greenpeacek. Izan ere, inguruko herritarren osasuna eta bizimodua «arriskuan» jartzen duela ohartarazi du. Positibotzat jo du, ordea, findegiaren aurka Coke Ez Koordinadorak eta Meatzaldea Bizirik talde ekologistak egindako lana. Horrekin batera, gogorarazi du hainbat porlan fabrikatan hondakinak errausten direla: besteak beste, Lemoan, Arrigorriagan, Añorgan (Donostia) eta Olatzagutian. Azken horren aurka Sakanan sortutako mugimendua txalotu du talde ekologistak.

NEKAZARITZA

Aurkia eta ifrentzua ikusi ditu, nekazaritzari dagokionez, EAEn eta Nafarroan. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak transgenikorik gabeko eremu izendatzeko eskaera egin izana ontzat jo du, baina oso kaltegarritzat jo du Nafarroako Gobernuaren jarrera. Izan ere, 7.264,26 hektarea zeuden landatuta 2014an Nafarroan hazi transgenikoekin. Aldiz, 51.259 hektarea nekazaritza ekologikorako erabili zituen Nafarroak —bere eremuaren %10—, eta hori oso positibotzat jo du. EAEn, berriz, oso lur eremu gutxi erabiltzen da nekazaritza ekologikorako, eta hori ere nabarmendu du txostenak.

ARRANTZA

Kasu honetan ere labanaren bi ahoak ikusi ditu Greenpeacek. Alde batean, Kantauriko arrantza tradizionala, duela hainbat mendetatik euskal arrantzaleek erabiltzen dituzten tresnekin egindakoa. Hor, besteak beste, Ondarroa 12 Milla elkartea goratu du, eta kostaldetik gertuko itsas eremuan bioaniztasuna eta arrantza iraunkorra bateratzeko egin duen ekarpena. Kontrako aldean aipatu ditu arrantza «suntsitzailean» aritzen diren arrantzontzi erraldoiak, gehienak Bermeokoak: Albacora 1, Albatun 3 eta Txori Argi. Haien kasuan, gainera, administrazioen diru laguntza handiak jasotzen dituztela salatu dute; esate baterako, Albatun 3-k 2002an bost milioi euro jaso zituela Espainiako Gobernutik.

KOSTALDEA

Euskal kostaldea mehatxupean dagoela salatu du Greenpeacek, bereziki Bizkaian. Besteak beste, Arena hondartzako hirigintza planak eta dragatze lanak aipatu dituzte, mehatxuen artean. Aldi berean, azkenaldi honetan zeresan handia ematen ari den Mundakako hondartzako dragatzea ere aipatu dute. Aldi berean, Bilboko itsasadarreko dragatzeak eta industria jardueraren zabaltzea ere nabarmendu ditu. Horrekin batera, datu bat eman du: 1987tik 2005era Bizkai-Gipuzkoetako hezegune eta kostaldeko urmaelen %60 galdu egin dira. Kontrako aldean, Urdaibaiko biosferaren erreserbak eskaintzen duen natur babesa txalotu du Greenpeacek, baita San Juan Gaztelugatxeko biotopo babestua ere. Aldi berean, kostaldea babestearen alde ari direnen lana nabarmendu du, besteak beste, Abra Bizirik Getxoko plataformarena. Pasaian ikatz zentral termikoa eraitsi izana eta Jaizkibelgo kanpoko portua bertan behera utzi izana pozgarritzat jo du talde ekologistak.

Emakume bat, Astigarragan, atez ateko bilketarako erabiltzen diren zutabeen ondotik pasatzen.
Emakume bat, Astigarragan, atez ateko bilketarako erabiltzen diren zutabeen ondotik pasatzen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS

HONDAKINAK

Gipuzkoako eta Nafarroako zenbait eskualdetan hondakinen gaikako bilketaren alde egindako apustua eta kudeaketa «eredugarritzat» jo ditu. Besteak beste, atez ateko gaikako bilketan ari diren herriek lortu dituzten datuak nabarmendu ditu Greenpeacek, %70etik gora birziklatzea lortu baitute. Halaber, Zero Zabor mugimenduaren inguruan sortutako herri ekinbidea goraipatu du, besteak beste, Zubietako errauste planta geratzen lagundu duelako, eta alternatiba «iraunkorrak» sustatzen dituelako.

Horren kontrako aldean, berriz, Zabalgarbiren eredua azpimarratu du. Izan ere, errauste planta horrek «substantzia toxikoak» isurtzen dituela eta hondakin «arriskutsuak» sortzen dituela gogorarazi du. Haren eragina ingurumenak ez ezik herritarren osasunak ere nozitzen duela salatu du, eta gogora ekarri du diru publiko asko jasotzen duela. Esate baterako, 2012an 20 milioi euro eskuratu zuela azaldu du.

BASOEN EGOERA

Nafarroako basoen kudeaketa ona azpimarratu du Greenpeacek. Izan ere, basoen %50,82k kudeaketa edo plan teknikoa daukate. Gainera, ez dago desertifikazio arriskurik epe laburrean, bakarrik lurraldearen %4,23k baitu horren arriskua. Bestelakoa da egoera Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, basoen %14,41ek bakarrik baitute antolaketa plana edo plan teknikoa.

HIRIGINTZA ESPEKULAZIOA

Oso lotuta dago hirigintza espekulazioa ustelkeria kasuekin, Greenpeacek ohartarazi duen moduan, eta Hego Euskal Herria ez da halakoetatik salbu. Bi kasu aipatu ditu: Gueñeskoa (Bizkaia), zeinean udalak lurrak birkalifikatu zituen etxebizitzak eraikitzeko, eta Eguesibarkoa (Nafarroa), zeinean UPNko hainbat agintari nahastuta baitaude ustelkeria auzi batean.

NATURGUNE BABESTUAK

Horretan nahiko bateratsu ikusten ditu Greenpeacek bi erkidego autonomoak. Izan ere, Nafarroan lurraldearen %34,74 izendatu dute naturgune babestua, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, lurraldearen %34,24.

ERLEAK ETA POLINIZAZIOA

Greenpeacek garrantzi handia eman dio atal honi ere, polinizaziorik gabe ez baitago «elikagairik», haren arabera. Gizakiek beren kontsumorako erabiltzen dituzten labore gehienak (%67) intsektuen polinizazioaren menpe daudela ohartarazi dute ekologistek, eta horretan oso egoera kaxkarra dagoela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %3,4ko zaurgarritasun ratioa daukatelako. Kontrako aldean dago Nafarroa. Izan ere, askoz ere hobeto dago atal horretan foru erkidegoa, %5,4ko ratioa baitauka.

Comentarios