Tratatu gabeko zaborra botatzen ari dira Artigasko zabortegian

BERRIA Gizartea


Artigas inguruko mendialdea plastikoak janda agertu zenetik ia bi hilabete igaro dira; egoera ikustera joan, eta kamioia tratatu gabeko hondakinak jaurtitzen ikusi du BERRIAk
Errekastoaren ingurua jadanik ez dago plastiko osoek estalia, baina txikitu diren milaka plastiko zatiek inguruan jarraitzen dute.
Errekastoaren ingurua jadanik ez dago plastiko osoek estalia, baina txikitu diren milaka plastiko zatiek inguruan jarraitzen dute. AITZIBER LASKIBAR LIZARRIBAR

 
Bilboko Artigas zabortegiaren inguruko mendialdea milaka eta milaka plastikok janda agertu zenetik ia bi hilabete igaro dira, eta triskantza haren arrastoak begi bistakoak dira oraindik. Jadanik zaborrak ez du lur osoa estaltzen. Zuhaitz eta zuhaixka guztiak ez daude plastikoek itota. Kalterik handieneko lekuan sartuta ere, gora begiratuz gero, zerua ikusten da. Baina ingurua ez dago garbi. Zuhaitzetan plastiko zatiak zintzilik daude oraindik. Askoz gutxiago, zatituago, baina badira. Oinak plastikoen artean trabatu ordez sasien artean trabatzen diren arren, sasi horietako asko plastikoek harrapatuta daude. Lokatz artean, zabor multzoak pilatzen dira; asko, lokazpean jada; beste asko, gainean.

Ez da igartzen instituzioren baten edo zabortegiaren arduradunen aginduz garbiketa talderik ibili denik lanean. Litekeena da norbaitek garbiketan lagundu izana. Baina agerikoa da naturaren indarrak egin duela lana; guztia ez bada, lanik handiena bai, gutxienez. Otsailean izandako eurite eta elurteek milaka eta milaka plastikozko poltsa eraman dituzte. Ur handituta egon da berez errekatxoa dena, ur-jauzi indartsu eta guzti. Elurrak 30 bat zentimetroko altuera hartu du. Horrek guztiak zaborra zapaldu, lurperatu eta malda handietan behera eraman du.

Hala ere, asko dago egiteko oraindik. Erreka bazterrak, adaxkak, lurra, milioika plastiko zatirekin nahastuta dago. Gero eta zati txikiagorekin, ez urtarrilean bezain era deigarrian, baina garbitzen gero eta zailago den moduan.

Kamioien bisita

Urtarrilaren erdialdean haizeteak tratatu gabeko zaborra zabalduta eragin zuen kaltearen lekuko izanik, gertaera izan zenetik ia bi hilabetera egoera bertatik bertara zein den jakin nahian, atzo BERRIA Artigasera joan zen berriro. Maldan behera jaitsi, eta inguruaren egoera erakusten duten argazkiak egiten ari zela, lanean zebiltzan zabortegian. Kamioiak ere ibili ziren joan-etorrian, zakarra eramaten.

Zaborrez betetako bi kamioi iritsi ziren, zehazki, BERRIA inguruetan egon zen ordu erdian; 16:00ak ingurutik 16:30 aldera arteko tartean. Berdea zen kamioi bat; zuria bestea. Zaborra lurperatzen duten lekura joan, eta barruan zuena bota zuten biek. Kamioi berdeak jaurti zuena gris kolorekoa zen, lurraren kolorearekin asko bereizten ez zena, eta homogeneoa. Soinu leuna egin zuen lurrera erortzean. Tratatuta eta txikituta zegoen zabor hori.

Kamioi zuritik jaurti zutena, ordea, ez zen kolore bakarrekoa. Ez zen txikitutako materiala. Kolore askotako poltsak eta materiala zirela atzeman zitekeen urrutitik. Zabor poltsen moduko kolore zuriak, beltzak eta urdinak, besteak beste. Kamioitik jaurtitzean, zarata gogorragoa egin zuen; gai solidoek egiten duten soinu sendoagoa. Ez zegoen txikituta zaborra. Ez zegoen tratatuta.

Hala ere, bertan jaurti zuen kamioiak, eta zaborra zapaltzeko lana duen ibilgailua gainean ibili zen aurrera eta atzera, ohi bezala, zaborra lurperatzeko prestatzen. Tratatutako zakarra eta tratatu gabekoa nahastu, eta elkarrekin zapaldu zituzten ondoren, zabortegian lurperatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiaren, zabortegiaren eta zaborrak tratatzeko zeregina duen TMB tratamendu mekaniko-biologikoko plantakoen arabera, iristen den zabor guztia tratatzen da lurperatu aurretik. Europako araudi berriari jarraituz egiten da hala, eta horregatik aurkezten dute Europako plantarik onena gisara.

Hain justu, egunkari honek urtarrilaren 30ean zabortegiaren inguruko mendialdearen egoeraren berri emanez kaleratu zuen albistearen harira, azalpenak emango ditu gaur Iosu Madariaga Ingurumen diputatuak Batzar Nagusietan, EH Bilduren eskariz.

Comentarios