Guggenheim proiektuaren bideragarritasun plana amaitu nahi du aldundiak

Proyecto de Proteccion Cultural aun no resuelto  despues de dos años

Guggenheim proiektuaren bideragarritasun plana amaitu nahi du aldundiak



Proiektua bistaratu ahal izateko nazioarteko ideia lehiaketa deitu behar dutela azaldu du Ariztondok. Eskualderako «motore turistikoa eta soziekonomikoa» litzatekeela uste dute
Bizkaiko kultura diputatu Josune Ariztondok Urdaibaiko Guggenheim proiektuaren bideragarritasun plana amaitu ahal izatea espero dutela azaldu du Bizkaiko Batzar Nagusietan. Horretarako, baina, nazioarteko ideia lehiaketa deialdia egin beharko litzatekeela azaldu du. «Proiektua bistaratu ahalko litzateke, eta eztabaidarako tartea zabalduko genuke adostasun batera iritsi asmoz», esan du Ariztondok. Ekimen hori eskualderako «motore soziekonomiko eta turistiko izugarria» litzatekeela uste du.

2008. urtean Urdaibaiko Guggenheimaren inguruan hasitako eztabaida hori «momentu zehatzetan» soilik sortzea kritikatu du alderdi popularrak, «hauteskundeak hurbiltzen direnean», esaterako, «ondoren, berriro, albo batera uzteko». Horri erantzunez, Urdaibaiko Guggenheim proiektuak «eztabaida zibilizatu bat eta adostasun batera iristea» merezi duela esan du kultura diputatuak.

Hamabi ikerketa

Ariztondok gogorarazi nahi izan du aurreikusita zeuden hamabi ikerketetatik «bat izan ezik, gainontzeko guztiak egin direla». Proiektu arkitektonikoak egiteko nazioarteko lehiaketa bat deitzea baino ez dela falta aipatu du: «Hori amaitu arte ezin izango da proiektua bistaratu». Orain dela hiru urte, hala ere, ideia lehiaketa hori «galarazi» egin zela gogorarazi du, «beharrezkoa den bideragarritasun planari betoa jarrita, eta, era berean, arrazoizko eztabaida bati». Ariztondoren iritziz, «beharrezkoa da ideia lehiaketa horrekin amaitzea, eztabaida gizarteratu ahal izateko, eta ez alderdi politikoen artean soilik geratzeko».

Kultura diputatuak gogora ekarri nahi izan du, beste behin ere, Urdaibairako proiektua ez dela bigarren Guggenheim bat, «eskaintza desberdina eta osagarria» eskainiko duen proiektua baino: «Ez litzateke Bilboko Guggenheimaren errepikapen bat izango».

Artistentzako gunea

Kultura diputatuak Batzar Nagusietan azaldutakoaren arabera, «artisten sormen prozesuan indarra jarriko lukeen eredua izango litzateke Urdaibaikoa».

Gainera, bertoko eta nazioarteko turismoa bultzatzeko «onuragarria» litzatekeela esan du.

Comentarios