Busturialderako Hornidura Plana egiteko gai badirela berretsi du BUPk


Iratxe Arriola, BUPeko presidentea
Iratxe Arriola, BUPeko presidentea



Foru Aldundiko bozeramale Unai Rementeriak atzo egindako adierazpenak direla eta, Busturialderako Hornidura Lurralde Egitasmoa egiteko 200.000 euroko inbertsioa behar dela, eta Busturialdeko Ur Partzuergoak diru hori izan baduela esan du Iratxe Arriola presidenteak. Teknikoki ere, egitasmoa garatzeko gai direla esan du: “Kontua da URAk dioela eskumena berea dela”. Beraz, Rementeriak partzuergoak kaudimen teknikorik eta ekonomikorik ez duela dioenean herritarrak “nahasi” ditzakeela ohartarazi du Arriolak. “Aurrekontuetan plan hori garatzeko partida gorde dugu, baina URA agentziak esan digu dirurik ez jartzeko, beraien konpetentzia delako”.

Era berean, Arriolak Unai Rementeriari gogoratu nahi dio bera ere Busturialdeko Ur Partzuergoko presidente izan zela, eta berarengandik hartu zutela erakundea zorpetuta. Dena den, gaitzespenak albo batera uzteko eta elkarlanerako sasoia dela esan du Arriolak. Eta elkarkidetzan, plan horren zuzendaritzaz arduratzeko prest agertu zen Busturialdeko Ur Partzuergoa, baina ez dute proposamena onartu. “Hori bai, prozesuan parte hartuko dugu; azken batean, Busturialdeko Ur Partzuergoaren Kontseilu Orokorrak eman beharko diolako onespena dokumentuari”. Beraz, URA agentziak eta Bizkaiko Foru Aldundiak hartuko dute Hornidura Lurralde Egitasmoaren ardura.

Modu batera edo bestera, ur urritasuneko garaietarako hornidura plana ongi etorria izango dela esan du partzuergoko presidenteak, “beharrezkoa delako”. Hortaz, URAren eta Aldundiaren arteko akordioa epe laburrean sinatzea espero du. Hala ere, helburua ura herriaren ondare izatea dela gogorarazi du: “Hori dela eta, gustatuko litzaiguke herritarrei ere parte hartzeko aukera ematea; plan horrek jasotzen dituen aukera ezberdinen artean egokiena aukeratu ahal izateko” .

Comentarios