Oka ibaiko isuri “sistematikoak” salatu ditu Muxikako alkateak

Bertidoak hildako Arrainkia

Oka ibaiko isuri “sistematikoak” salatu ditu Muxikako alkateak

2014(e)ko Martxoak 21
 
Nork
 

Oka ibaiko ura kolore grisez azaldu da hainbat egunetan, Muxikan. Autzaganen, Muxika eta Zornotza artean egiten ari diren obretako isurketek eragin dute hori, Uraren Euskal Agentziak jakinarazi duenez. Otsailaren 18an egin zuen lehen salaketa udalak; joan den astean, ordea, berriz ere gertatu zen. "Ez da izan egun bateko gauza berezi bat; sistematikoa izan da", salatu du Aitor Goldaraz alkateak. Bateko eta besteko erakundeek erakutsi duten "erantzukizunik eza" kritikatu du.

Izan ere, isurketak salatzeko ardura duten erakundeetara bideratutako kexetatik, bakar baten erantzuna jaso dute. "Uraren Agentziakoek baino ez digute kasu egin. Otsail erdi aldera erantzun ziguten esanez martxan jarriko zituztela neurri zuzentzaileak. Besterik ez", dio Goldarazek.

Urdaibai Biosfera Erreserbako Patronatuak Bizkaiko Hitza-ri esan dio Uraren Agentziara bideratu zutela udaletik iritsitako salaketa. "Isurketak arautzen dituen erakundea Uraren Agentzia da; haiek dituzte zaintzaileak, analisiak egiteko gaitasuna eta, ibaien eta ur kalitatearen kontuan, guk baino aukera askoz gehiago", azaldu du Paula Kabiedes zuzendariak.

Urak Autzagane izeneko aldi baterako enpresen elkarteari eskatu zion har zitzala neurri zuzentzaileak Oka ibaira isurketa kutsatzaileak egitea eragozteko, "ahalik eta azkarren". Agentziak baieztatu zuen enpresen elkarte horrek neurriok hartu zituela, eta otsailaren 15az geroztik egoera normaldu egin zela dio. Era berean, material fina isurita kaltetutako ibilguak garbitzeko ere eskatu zioten enpresari.

Bestalde, obran sortzen diren "hondakin ur guztiak biltzeko eta modu egokian eta behin betiko tratatzeko beharrezko diren neurri guztiak" ezartzeko eta horien berri jakinarazteko deia egin zien agentziak. Gainerakoan, edonork antzeko gertaerak antzemango balitu SOS Deiei jakinarazteko gomendioa egin zuen.

Joan den astean berriz ere isurketak agertu ostean, baina, Uraren Agentzia Autzagane enpresa taldearekin batzartu zen barikuan. Enpresotako arduradunak aztertzen ari dira, agentziak hala eskatuta, "obratik isurtzen diren urak eta inguruan gerta daitezkeen beste isurketa batzuk beharrezkotzat jotzen diren zuzentze neurriak ezartzeko".

Neurri zuzentzaileak jarri beharrik ez lukeela egon behar deritzo Muxikako alkateak. "Jardunbideek ezarrita egon beharko lukete aurretik. Eta era horrelako isurketa bat gertatu bada, esan gura du muga horiek gainditu egin dituztela".

Iritzi berekoa da Zain Dezagun Urdaibai elkartea ere. Erroxeli Ojinaga hango idazkari eta bozeramaileak esan duenez, "isurketa kontrolek eta antzekoek jasota egon behar dute enpresak obrak egiteko dituen baldintzetan". Kontrol horiek egitea garestia denez "dirua aurreztu gura" izaten dutela ohartarazi du, "betiere, naturaren kaltetan". Izan ere, "biltegiak egitea eta urak filtratzea bete beharreko baldintzak izan arren, ez dituzte betetzen, nahiz eta aurrekontuetan jaso".

Ojinagak gogora ekarri du "debekatuta" dagoela erreketara isurketak egitea. Debekua bikoitza dela azaldu du, gainera: uren legearen bitartez, batetik; proiektuaren baldintzen bidez, bestetik.

Zain Dezagun Urdaibai elkarteak larritzat jo du isurketok Okan egin izana. "Ez bakarrik biosfera erreserba delako; kontuan hartu behar da gure erreka sarea interesgune gisa jaso duela Natura 2000 Sareak. Babes berezia izateko beste maila bat ezartzen du horrek", iritzi dio.

Konponbidea, Ojinagaren ustez, ez litzateke enpresoi isunak jartzea. "Uste dugu eskatu behar zaiela egin duten kaltea konpontzeko eta errekak leheneratzeko, eta, gainera, horien egoera hobetzeko".

Muxikako alkateak, bestalde, salatu du joan den asteko eguenera arte ez zela bertaratu Bizkaiko Foru Aldundiko inor Oka ibaiaren egoera aztertzera. "Eguenean etorri ziren behargin batzuk errekan proba batzuk egitera. Urteak daramatzate Areatza parean amuarrainen eta beste espezie batzuen populazioa aztertzen. Isurketak eraginik izan ote duen ikustera etorri dira; ez digute abisatu, ordea. Etxe ondoan ikusi ditudalako jakin dut", kritikatu du.

Alkateak iragarri du, halaber, EH Bilduk eskatuko duela Ingurumen diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan agerraldia egin dezala: "Udal txikioi ez digutenez kasurik egiten, ea batzarkideek laguntzen diguten hau pixka bat argitzen".

Comentarios