Bermeoko saihesbidearen inguruko jarraipen lan taldea sortzea proposatu du EAJk

Bermeoko saihesbidearen inguruko jarraipen lan taldea sortzea proposatu du EAJk

Azken hilabeteetan Bermeoko saihesbidea eraikitzeko lanetan dabil Bizkaiko Foru Aldundia; horiei esker, BI-631 eta BI-2235 errepideak lotuta izango dira, Bermeoko hirigunetik igarotzeko beharrizanik izan barik. Dena den, hirigunerainoko sarrera baten beharra ikusten du Bermeoko EAJk proiektu horretan; izan ere, gaur egunean, sarbide hori egitea “beharrezkoa” dela deritzo alderdiak. Hala, gai hori landuko duen jarraipen lan taldea osatzea da jeltzaleen asmoa, eta hori sortzeko proposamena egin zuten egueneko osoko bilkuran.
Tellaetxe tar Josu kaleagaz lotuko duen sarbidea egitea gura dute.
Tellaetxe tar Josu kaleagaz lotuko duen sarbidea egitea gura dute.

Bermeoko saihesbidea eraikitzeko lanek “urte askotako eskakizunari erantzungo” dietela, eta Bermeori trafikoaren aldetik onurak ekarriko dizkiola dio EAJk. Dena den, Bermeoko Udalaren aldetik, “momentuz”, ez dela azpiegitura hori Tellaetxe tar Josu kaleagaz lotuko duen sarbidea egitea aurreikusten salatu du; “aldundiak konexioa egiteko plataforma prest utziko duen arren”. Herriko trafikoa arindu ahal izateko, sarbide hori “berebizikoa eta estrategikoa” dela deritze jeltzaleek; horregatik, uste du udalak ezin duela beste alde batera begiratu, eta “berena den konpetentzia” beregain hartu behar duela uste du, “beharrizanen neurrira egonez, eta herritarren eskaerei kasu eginez”.

Horregatik guztiagatik, udaleko alderdi biek (Bildu eta EAJ) “adostasunean eta batera” egin behar dute lan, jeltzaleen ustez, “postura bateratu bakarra adosteko eta proiektua dagozkion lekuetan defendatzeko helburuagaz”. Gauzak horrela, aipatu gaia landuko duen jarraipen lan taldea osatzea da EAJren eskaria, “udal teknikari eta alderdi politiko bietako ordezkariekin”.

Bermeo Bizirik-en eskaera

Bermeo Bizirik Taldearen ustez ere, ez da nahiko BI-631 eta BI-2235 errepideak elkartzeagaz, eta saihesbidearen proiektuak hirigunerainoko sarrerarik ez biltzea kritikatu du. “Sarbide horrek herri barruko trafikoa asko arinduko luke, bere egoera geografikoa kontuan hartuta, eta, gainera, herritar gehienek aspalditik gura izan dute hori”, azaldu dute taldekoek. Halaber, sarbide hori egin ezean, herriko auto-ilarek berdin jarraituko dutela eta bermeotarrak saihesbidetik ezin izango direla herrira sartu gaineratu dute. Horregatik, eta saihesbidearen luzera (2.995 metro) kontuan hartuta, sarbide hori egitea “beharrezkotzat” ikusten du Bermeoko taldeak. Gainera, orain egiten ez bada, etorkizunean egingo den ez dagoela argi diote Bermeo Bizirik Taldekoek. Sarrera hori egiteak, gainera, herriaren bizi-kalitatea hobetuko duela eta herria erakargarriagoa izateko hobekuntzak egin ahalko direla uste du taldeak.

Bestalde, obraren tamainaren inguruan ere hausnartu du Bermeo Bizirikek. “Nahiz eta obraren tamaina planoetan aurreikusten zen, orain, bertatik bertara ikusita, neurri handiko obra bat dela egiaztatzen da, eta, ondorioz, traba eta eragozpen ugarri ekarri ditu; besteak beste, San Migel auzorako bidea aldi baterako zarratzea eta San Andres eta Askatasun Bideko aparkalekuak aldi baterako kentzea”, azaldu dute. Bestetik, mendia ikaragarri ebaki dutela esan dute, eta horrek Bermeo San Migel auzorantz zabaltzeko ezintasuna eta San Andres eta Artike auzoetarantz zabaltzeko muga ezarriko dtuela gaineratu dute. Hori dela eta, “gutxienez, Hermanuetatik San Andreseko biadukturainoko bidea tunel faltsu legez planifikatu beharra zegoela” uste dute, “eragin gutxiago izango lukeelako”.

Gauzak horrela, sinadura bilketa jarri du martxan Bermeon Bizirik Taldeak, “aldundiari eskatzeko saihesbideagaz batera, Bermeorako sarbidea ere egin dezala” arestian aipatutako lekuan. Besteak beste, domekan izango dira sinadura horiek batzen Bermeoko Lameran, Taraskan eta Askatasun Bidean, 11:00etatik 15:00etara. Era berean, hori lortzeko egin beharreko gestioak egin ditzan eskatu dio taldeak Bermeoko Udalari.

Bermeoko Udalak, bere aldetik, aderazi du, Bizkaiko Foru Aldundiari exigitu behar diotela sarbide hori egin dezan saihesbidearen proiektuaren barruan; izan ere, Idurre Bideguren Bermeoko alkatearen arabera, aldundiari ekonomikoki ezer gutxi suposatuko dio, eta, ordea, udalak eginez gero, 20 urtetan ere ez luketela egingo dio. Nabarmendu duenez, Bermeoko Udala ahaleginak egiten ari da aldundiak saihesbidearen Bermeorako sarbidea egin dezan, izan ere, hainbat bilera izan dituzte Bizkaiko Foru Aldundiarekin eskaera hori egiteko, baina aldundiaren erantzuna orain arte “ezezkoa” izan dela jakinarazi du. “Orain badirudi EAJ ere Bermeorako sarbidearen alde lan egiteko prest dagoela, hori dela eta, gu prest gaude EAJrekin eta herri ekimenarekin batera, aldundira behar den beste aldiz joateko Bermeorentzat hain garrantzitsua den Bermeorako sarbidea aldarrikatzen jarraitzeko”, adierazi du. Bermeo Bizirik taldeak sinadura bilketa egin ostean joango dira, “herritarrekin eskutik” Bizkaiko Foru Aldundira eskaria egitera, izan ere, eurekin harremanetan daudela eta konpromiso hori hartu dutela dio.

Comentarios