Zirkulua ixten hasi da





Denis Itxaso, GHKren batzarreko bileratik irteten, atzo. / J. C. RUIZ / ARP

Hondakinak. Zubietako errauste planta. Analisia




2013-07-13 berria Iñaki Petxarroman

Hauteskundeetan agindutakoa bete du Bilduk, Zubietako errauste planta egiteko agindua bertan behera utzita, eta hitza betetzea, agintari baten kasuan, aitortu eta eskertu behar den jarrera politiko bat da.

Gipuzkoako hondakinen plan nagusia onartu eta errauste plantak egiteko urratsak hasi zirenetik indar handiak egon dira errauste plantaren alde. Alabaina, azken hamar urteek erakutsi dute Gipuzkoan ez dela alkate bakar bat egon errauste planta bere herrian hartzeko prest. Horrek laburbiltzen ditu, nolabait, ondorengo gorabehera guztiak.

Lobby indartsu batek —unean uneko agintari politikoekin eskuz esku— errauste planta egiteko apustua egin zuen, eta horretarako makineria politiko, juridiko eta ekonomiko guztia jarri zuen martxan, ustezko adostasun politikoa aldarrikatuz. Alabaina, begi bistakoa zen adostasun falta, ezker abertzalearen legez kanporatzea eta baztertze instituzionala indarrean zeudelako. 2011ko hauteskundeen emaitzak agerian utzi zuen ustezko adostasunaren funts eskasia.

Ordurako makinak lanean ari ziren Zubietan, baina erraza zen haiek gelditu eta agintari berrien asmoen zain egotea. EAJk eta PSE-EEk, zuhurtziazko jarrera hori hartu beharrean, proiektua bueltarik gabea bihurtzea erabaki zuten, hain justu, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren zuzendaritza Bilduren esku utzi bezperan. Errauste planta egiteko kontratuak indarrean jarri zituzten bilera hartan, eta horrek dakar orain kalte-ordainei aurre egin beharra. Beraz, kalte-ordainena ez da soilik Bilduren erantzukizuna, egintza burutuen politika azkeneraino eraman nahi izan duten alderdiena ere bada.

Zer gertatuko da orain? Hasteko, errauste plantaren proiektua iraganeko zerbait izaten hasiko da. Hurrengo hauteskundeetan EAJk eta PSE-EEk diputazioa eta hondakinen partzuergoa zuzentzeko aukera izango balute ere, egoera ezberdin bati egin beharko diote aurre.

Egitekotan, beste proiektu bat egin beharko dute, tramitazioa hasieratik abiatuta. Gainera, birziklatzearen aldeko adostasuna indartzen ari da gizartean, eta hori errauste plantak behar duenaren aurkakoa da. Birziklatzearen bidean egin diren aurrerapausoak desegiten saiatzea saltzeko zaila litzateke.

Gainera, Gipuzkoak gero eta zabor gutxiago sortzen du. 2012an 206.000 tona zabor heldu ziren zabortegietara — Zubietako errauste planta 260.000 tona jasotzeko eraiki nahi zuten—. Aurten salto handia egiten ari da gaikako bilketan, eta handiagoa egingo da 2014an, baldin eta Tolosa, Zarautz, Arrasate, Azpeitia, Bergara eta beste zenbait herritan agindutakoa betetzen badute, alegia, %70 birziklatuko dutela. 2016an Gipuzkoak hondakinen %60 birziklatuz gero —%57 birziklatzea EAJk, H1ek eta PSE-EEk ezarri zuten 2008ko hondakinen plan berrituan— 80.000 tona errefus geratuko lirateke birziklatu gabe. Kopuru horrekin inor gutxik egingo luke errauste planta.

Gainera, Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hondakinen kudeaketa aintzat hartuko lukeen plan bat diseinatuko du, Ana Oregi Ingurumen sailburuak esan duenez. Bizkaiko Ingurumen diputatu Iosu Madariagak BERRIAri esan zion EAEk nahikoa lukeela errauste planta bakarrarekin, beharbada gero eta zailtasun gehiago dituztelako Zabalgarbiren labeak Bizkaiko zaborrarekin bakarrik betetzeko.

Horri gehitu behar zaio Europak 2020rako debekatu nahi duela gai birziklagarriak erraustea, Zubietara eraman nahi zituztenen %95, alegia.

Zubietako errauste plantarenak egin duen edo ez geroak esango du. Baina, gaur egun, galtzeko aukera handiak dituen apustu bat litzateke haren alde egitea, besteak beste, 500 milioi euroko gastua handiegia delako.

Eta errauste planta lurperatuz gero, bide bakarra izango da: ahalik eta gehien birziklatzea, eta birziklatzen ez dena ahalik eta hoberen tratatzea, ingurumen kaltea gutxitzeko. Bide horretan, malgutasunez eta patxadaz jokatuta, guztiek dute zereginik. Hala bada, liskarretik adostutako etorkizun batera egin dezake jauzi Gipuzkoak, zero zabor bidea hautatu duten munduko lekuen artean bere aletxoa jarrita.

  
2013-07-13
Hondakinak. Zubietako errauste planta. 223,4

Zubietako hondakinak kudeatzeko zentroaren kostua milioitan.

Zubietan eraikitzekoak ziren hondakinak kudeatzeko zentroak 223,4 milioi euroko kostua izan behar zuen. Errauste plantaren lehen harria 2011n jarri zuten, eta datorren urterako nahi zuten martxan jarri.


Hondakinak. Zubietako errauste planta. Gipuzkoako hondakinen kudeaketa

2002-12-17. Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko 2002-2016 Plana onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Helburua hondakinen %41 gaika biltzea zen.

2003-01-16. Errauste planta Urnietan jartzea proposatu zuten. Handik urtebetera, beste planta bat Hondarribian jartzeko proiektua aurkeztu zuten.

2006-12-29. Errauste plantaren kokapenak eztabaidak sortu zituen. Hasieran Landarbason jartzea onartu zuten arren, azkenean planta Zubietan egitea erabaki zuten.

2007-03-14. Partzuergoa sortzeko hitzarmena sinatu zuten.

2008-03-12. Hondakinak kudeatzeko plana eguneratu, eta hondakinen %57 birziklatzeko helburua jarri zuten.

2009-03-15. Usurbil atez ateko bilketarekin hasi zen.

2010-06-15. Gipuzkoa Zero Zabor taldea aurkeztu zuten.

2012-02-22. 34 udalek iragarri zuten atez atekoarekin hasiko zirela. Egun hamazazpi ari dira.

2012-06-05. Hondakinak kudeatzeko plana egokitu zuten, errauste plantak eta zabortegiak alboratu, eta hondakinen %75 birziklatzeko asmoz. Uztailean, Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatua kargutik kendu zuten.

2013-07-12. Zubietako errauste planta egiteko agindua bertan behera utzi dute.



Comentarios