Sukarrietako udalekuak Kultur Gune izendatzeko eskaera egin dute

Sukarrietako udalekuak Kultur Gune izendatzeko eskaera egin dute

Sukarrietako Begoñako Ama udalekuak Kultur Gunea izendatzeko eskaera egin dio Bizkaiko Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari; hain zuzen be, interes kulturaleko ondare modura izendatzea eskatu dute. Sukarrietako Udalak jakinarazi duenez, «bat egiten dute» eskaera horrekin.

Bizkaiko Foru Aldundiarekin bat egin du Sukarrietako Udalak eta Euskal Ondare Kulturalaren Legediaren 2. c artikulua jarraituta, Sukarrietako udalekuak Kultur Gunetzat aitortzeko eskaera egin diote Eusko Jaurlaritzari. Izendapenak, azaldu dutenaren arabera, honakoa suposatuko luke:  «Euskal Herriaren bizimodu eta kultur adierazpenekin lotutako lekuak, jarduerak, sormenak, sinismenak, ohiturak edota iraganeko gertaerak». Sukarrietako udalekuak «bere neurrian eta dimentsioan» arkitektonikoki baloratzea suposatuko lukeela uste du udalak.

Izendapena eskatzeko aurkeztu duten dokumentuan, babestu beharreko eremuaren mugak murriztea eskatzen dute. Kanpoan geratuko lirateke, horien eskaeran, Busturiako udalerriarena den udalekuen atzealdeko partzela eta Sukarrietarena den lorategien hegoaldeko aldea.

Bestalde, izendapena Monumentu Bilduma bezala ez egitea eskatzen dute, Monumentu modura baizik (guardaren etxea barne). Modu horretan zama kulturalik barik geratuko litzateke gainontzeko edifikazioa.

Sukarrietako Udaletik azaldu dutenaren arabera, «modu honetan udalak, herriko ondare historiko-kulturala defendatzeko eta babesteko pauso barri bat emoten du eta herrian azpiegitura eta zerbitzu sozio-kulturalak bermatzeko konpromisoa mantentzen dugu».

Comentarios