Mendatako etxe pasiboen erosleek %40 aurreztuko dute energia kontsumoa


Mendatako etxe pasiboen erosleek %40 aurreztuko dute energia kontsumoa

Gaur goizean Mendatan egindako aurkezpena
Gaur goizean Mendatan egindako aurkezpena

Sopelan eraiki zuten passivhaus (etxe pasiboa) estandarrei jarraiki eraikitako Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehenengo etxebizitza, baina Busturialdean bada Estatu mailan aintzindari izango den egitasmo bat, Mendatako Udalak Alemaniako Passivhaus Institutuaren estandarretan oinarritutako hamabost etxebizitza eraiki gura baititu. Etxebizitza pasibo bat eraikitzea apur bat garestiagoa izan arren, horien erosleek segituan amortizatuko ditutela nabarmendu dute sustatzaileek. Izan be, etxebizitza arruntekin alderatuz gero, energia kontsumoa %40 aurreztea ahalbidetzen dute Alemaniako institutuaren estandarretan oinarritutako eraikinek. Berogailu sisteman, bestalde, %85 aurrezten laguntzen dute.
Atzo bertan egin zuen Mendatako Udalak proiektuaren aurkezpena Elizosten, Eraginkortasun energetikoa guztion esku lelopean. Aurkezpenean, inguruko herrietako alkateak eta teknikariak batu ziren, etxebizitza mota horien onurak ezagutze aldera. Guztira, 40 lagun inguru batu ziren ekitaldian.
Joseba Mallea alkateak azaldu zuenez, eraginkortasun energetikoan oinarrituta, etxebizitza tasatuen gaiari «beste buelta bat» emon gura izan dio udalak. «Herri txiki batentzat proiektu oso aberasgarria izan daiteke etxebizitza pasiboena, jende gaztea erakartzeko balio baitu», Mallearen esanetan. Hala, inguruko herritarrek proiektuan parte har dezaten eskatu du.
Diego Arzanegi arkitektoa etxebizitza pasiboen onurez mintzatu zen. Haren berbetan, aurrezpen energetikoa etorkizuna da, «energiarik merkeena erabiltzen ez dena baita». Hala, etxebizitza pasiboak «errentagarriagoak» direla uste du Arzanegik.
Proiektu aitzindaria
«Aurrezpen energetikoaren eta etxebizitza eskuragarrien alde» eginez, passivhaus estandar zorrotzetan oinarritutako etxebizitza tasatuen Estatu mailako lehenengo promozioa ari da garatzen Mendatako Udala. Proiektu horrek «kalitateko etxebizitza eskaintzen» duela dio udalak; baita ingurumena zaintzen duela, kontsumo energetiko «oso baxukoa» dela, «eta prezio onekoa». Zehazki, hamabost etxebizitza tasatu eraikitzea aurreikusten du, denak passivhaus irizpideetan oinarrituta. Faseka eingo dituzte etxeak, bost fase bakoitzean.
Promozioa kooperatiba erregimenean egingo dute, eta babestutako etxebizitzen udal ordenantzako baldintzak betetzen dituzten pertsonei zabalik dago. Etxebizitzak kooperatiba erregimenean eginda, bitartekariei ordaindu beharreko gastuak albo batera utziko lituzkete erosleek, etxebizitza eraikitzea merketuz. Informazio gehiago jaso gura duten herritarrek udalagaz jarri beharko dute harremanetan.

Comentarios