‘Basajaunaren Ibilbidea’ artelan erakusketa jarri dute ikusgai Busturian


‘Basajaunaren Ibilbidea’ artelan erakusketa jarri dute ikusgai Busturian

pnga_erakutsi-1.pl
Basajauna Mari jainkosa gurtzen
Urdaibai On  kultura eta aisialdi zerbitzuen kooperatibak Basajaunaren Ibilbidea arte-lan erakusketa jarri du ikusgai Busturiko Berezi muinoan. Busturiko erakusketa euskal mitologiaren interpretazio leku bihurtu gura dute, naturak emondako lehengaiekin egindako artelanen bitartez. Hala, artea eta mitologia uztartu dituzte sustatzaileek, naturak emoten dituen baliabideak erabiliz. Material organikoekin egindako artelanak direnez, ez da erakusketa finkoa izango. “Naturak erabakiko du, zenbat denbora iraungo duen” azaldu dute.
Erakusketaren protagonista nagusia Basajauna da. Rober Garay artista gernikarrak, Basajaun erraldoi bat egin du, egurrak, enborrak, zuhaitz adaxkak eta lianak erabilita. Euskal Mitologian oinarritutako erakusketa danez, gainera, Basajauna Anbotora begira dago. “Mari gurtzen dabil” azaldu du Garayk.
Basajauna Garayk erakusketarako egindako arte-lan handiena da, baina ez bakarra. Hala, bisitariek Arte Brutto disziplinaren barruan kokatutako lan gehiago ikusteko aukera izango dute.
Urdaibai On kooperatibako kideek bisita gidatuak egingo dituztela jakinarazi dute. Hain zuzen, Rober Garay artistagaz, Edorta Jimenez idazleagaz, edo Doro Zobaran ipuin kontalariagaz egin daitezke bisitaldiak. Domekan hasiko dira bisita gidatuak egiten.
Bisita gidatuetan parte hartu gura dutenek aurretiz egin beharko dute erreserba. Hain zuzen, 626.859.477 telefono zenbakira deituz egin daiteke erreserba.
Gaur, bestalde, inaugurazio ekitaldia egingo dute 18:30ean. Erakusketa gunean batuko dira.
Bisita Gidatuak
Rober Garaygaz: Proiektuaren nondik norakoak azalduko ditu bisita gidatuetan. Martxoaren 24 (18:00etan), 26an (12:00etan), 28an (12:00etan), 30ean (18:00etan), eta 31a (12:00etan) egingo ditu bisita gidatuak artistak. Gutxienez hamar laguneko taldeak osatu behar dira bisita gidatuak egiteko. Pertsonako hamar euro ordaindu beharko dira bisita gidatuan parte hartzeko.
Edorta Jimenezegaz: erakusketa aitzakitzat hartuta, Busturialdeko euskal mitologiaren sustraietara bidaiatuko dute idazlearen saioan parte hartzen dutenek. Egunero egingo ditu bisita gidatuak, 12:00etan. Gutxienez hamar laguneko taldeak osatu behar dira bisita gidatuak egiteko. Pertsonako Zortzi euro ordaindu behar dira bisita gidatuan parte hartzeko.
Doro Zobaranegaz: Ipuinen eta performance-n bitartez, Zobaranek euskal mitologiaren munduan sartuko ditu bisitariak. Egunero egingo ditu bisita gidatuak, 19:30ean. Gutxienez hamabost laguneko taldeak osatu behar dira bisita gidatua egiteko. Pertsonako bost euro ordaindu behar dira bisita gidatuan parte hartzeko.

Comentarios